Indarrean dagoen legedia betez
Donostiako Udalak izaera sozialeko 1.000 errolda inguru ditu gaur egun, udal-erroldaren kudeaketa arautzen duen Estatuko araudian ezarritakoa betez.
Erroldatze-mota honetan, pertsona bat bere benetako bizilekua ez den beste leku batean erroldatzen da. Hau da, Udalak badaki pertsona bera dela eta hirian bizi dela, baina ezin da bizi den lekuan erroldatu, hainbat arrazoi direla medio:
-
- 1. Gizarte-larrialdietarako etxebizitza batean hartuta dagoelako (genero-indarkeriaren biktimak, adibidez).
-
- 2. Bizi den etxebizitzaren jabeak ez diolako erroldatzen uzten, eta pertsona hori ez delako erroldatzera ausartzen.
-
- 3. Etxebizitzen erroldan higiezin gisa agertzen ez den leku finko batean bizi delako (karabanak, kanpaldiak…).
- 4. Kalean bizi delako eta leku finkorik ez duelako.
Kasu horietan, pertsona esaten duen lekuan bizi dela egiaztatu ondoren, Udalak bi aukera eskaintzen dizkio: bizi den tokian erroldatzen laguntzea (lehentasunezko aukera), eta, kasu batzuetan, helbide sozial batean erroldatzea.
Izan ere, Idazkariordetzaren 2020ko apirilaren 29ko Ebazpenak, Estatistikako Institutu Nazionalaren Lehendakaritzaren eta Autonomia eta Toki Lankidetzarako Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko otsailaren 17ko Ebazpena argitaratzen duenak, jarraibide teknikoak ematen dizkie udalei erroldaren kudeaketari buruz, eta honako hau ezartzen du:
-
- 1. Pertsona bat bizi den tokian erroldatu behar da, eta udalak erroldatzeko betebeharra du, bertan bizi dela jakiten badu.
-
- 2. Ez etxebizitza motak (pisua, garajea, kanpin-denda, kalea…), ez erabilera arautzen duen kontratuaren absentziak edo izaerak (jabetza, alokairua…) ez dute erroldatzeko betebehar hori baldintzatzen.
- 3. Inork, etxebizitza baten jabeak barne, ezin du eragotzi etxe batean bizi den pertsona etxe horretan erroldatzea.
Erroldatzearen kudeaketa zailtzen den salbuespenezko egoera horietan, udaleko Gizarte Zerbitzuek pertsona horiek legez dagokien errolda lortu ahal izateko bitartekotza egiten dute. Udalaren erroldan proba bat aurkezten dute, pertsona hori Donostian duela gutxienez 3 hilabete bizi den ala ez egiaztatzeko, eta erroldatzeko helbide bat ematen dute.
Izapide hori Udalinforen bidez egiten da, gainerako erroldatzeak bezala, baina Gizarte Zerbitzuek laguntza ematen diete egoera ahulean dauden pertsona horiei (indarkeriaren biktimak, kaleko egoeran daudenak, alokairuko etxebizitza batean bizi direnak…), legeria betetzeko.