‘Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2025’ programan izena emateko epea ireki da otsailaren 17ra arte

0

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren edizio berria jarri du abian. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak bultzatutako programa honen helburua da Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta, modu horretan, euskal gazteen artean herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa beteranoa da, lehenengo edizioa 1993an egin zen, eta Euskadiko ehun bat gazteri gure mugetatik kanpora lankidetza-lanak egiteko aukera ematen die. Izena emateko epea otsailaren 17ra arte egongo da zabalik.

Eskaerak online egin daitezke www.gazteaukera.euskadi.eus/euskadiko-gazteak-lankidetzan/hasiera webgunean, eta bertan kontsulta daiteke erabilgarri dagoen informazio guztia.

Programa 22 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta aukeratzen dituztenek lankidetza-ekintzak egin ahal izango dituzte Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin datorren udako hiru hilabeteetan zehar eta Amerika, Asia eta Afrikako herrialdeetan garapenerako lankidetzako ekintzetan zuzenean parte hartzea, ekintza horien garapena «in situ» ezagutzeko aukera ematen dielarik. Jaurlaritzak hautatutako pertsonen bidaia-gastuak eta, hala badagokio, helmugako herrialdean sartzeko bisatuaren gastuak ordainduko ditu.

Joan den udan 67 gaztek parte hartu zuten programa honetan, Amerikako eta Afrikako bederatzi herrialdetako 22 proiektutan lankidetza-ekintzak eginez: Hondurasen, Perun, Ekuadorren, Mexikon, Guatemalan, Bolivian, Kolonbian, Ginea Konakryen eta Etiopian. 31 urteko historian 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute 100 GGKErekin baino gehiagorekin.