Lehendakariak anbizio handiko Europako agenda bat bultzatu du, Euskadik Batasuneko erakundeetan dituen presentzia eta harremanak areagotzeko

0

Lehendakariak Bruselara egingo du bidaia datozen urtarrilaren 28an eta 29an. Bidaia horren xedea da Euskadi posizionatzea eta mailarik gorenean dituen kontaktuak eta harremanak indartzea, zuzenean eragiten dioten Europako erakundetako gaien inguruan: industria eta energia-trantsizioa bultzatzea, konexioak, euskararen defentsa, etxebizitza-politika publikoak eta Makro-eskualde Atlantikoa, besteak beste.

Pradales Lehendakariak Bruselara egingo duen bigarren bidaia izango da, azaroan egin zuen horren ondoren, eta Ursula von der Leyen buru izango duen Europako Batzorde berriaren mandatuaren hasierarekin batera gertatuko da. Imanol Pradalesek lehen bilera bat mantenduko du presidenteorde eragileetako eta Euskadiko interesentzat estrategikoenak diren Europako agendako arloen ardura duten komisarioetako zenbaitekin.

Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Europako Batzordeko Presidenteorde eragile Teresa Riberarekin egingo duen bilera. Bertan, energia-trantsizioari eta -lehiari loturiko gaiak aztertuko dituzte. Imanol Pradales, halaber, Akitania Berriko presidente Alain Rousset eta Europako Batzordeko Garraio Komisario Apostolos Tzitzikostasekin ere batzartuko da, euskal Yak Parisekin izango duen konexioa elkarren artean aztertzeko.

Makro-eskualde Atlantikorako ekimenari dagokionez, kohesioaren aldeko Europako eskualdeen aliantzaren esparruaren baitan eta Emilia Romagna eta Akitania Berria eskualdeetako presidenteekin batera, Lehendakariak bilera bana izango ditu Kohesio-politikarako Europako Batzordeko presidenteorde Raffaele Fittorekin eta Europako Aurrekontu komisario Piotr Serafinekin, eskualdeak buru izango dituen eta EBko eskualde guztientzako izango den kohesio-politika bat defendatzeko xedearekin.

Azkenik, oraindik ere aldaketak izan ditzakeen agendak beste bilera bat aurreikusten du Europako Parlamentuko presidenteorde Martin Hojsikekin. Bilera horren helburua da Europako Parlamentuko bilkuretan euskara erabiltzeko aukeran sakontzen jarraitzea.

 

Beste hitzordu batzuk

Lehendakariak Bruselara egingo duen bigarren bidaia Europarako ikuspegi zabalagoa duen agenda batean kokatzen da; izan ere, beste hitzordu batzuk aurreikusita baitauzka urteko lehen seihilekorako. Datorren astean, asteartean, urtarrilaren 21ean hain zuzen ere, Imanol Pradalesek Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren #EuskadiGlobala estrategiaren oinarriak aurkeztuko ditu, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egingo den ekitaldi batean.

Horrez gain, Europako Batzordeko Presidenteorde eragile eta Industria-politikako eta oparotasuneko arduradun Stephan Séjournérekin ere batzartuko da, eskualdeek Europako industriaren defentsan joka dezaketen papera defendatzeko. Bilera hori datorren urtarrilaren 26an egingo da eta bere xedea da Euskadi eta euskal industria eragile esanguratsu gisa posizionatzea Europako industriaren berpiztean, bai eta arlo honetarako garrantzitsuak izan daitezkeen lehiakortasunerako Europako funtsak bezalako instrumentu berri ezberdinetan sakontzea ere.

Era berean, beste hitzordu bat datorren martxoaren 25erako erreserbatua dago. Egun horretan, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen Batzar Nagusia egingo da Iruñean, Nafarroako presidentetzaren barruan.