Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak Eusko Jaurlaritzari jakitera eman dionez, “Senegal´en dauden euskal atunontziek Panama´ko eta Costa Rica´ko uretan jardun ahal izateko kudeaketak hasiko ditu”

0
  • Europar Batasunaren eta Senegalen arteko akordioa amaitu ondoren, Dakarren dauden euskal lau atunontziek bertan berriro arrantzan egitea ezinezkoa baita
  • Leandro Azkue sailburuordea, armadoreak eta Cepescako presidentea Isabel Artimerekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako idazkari nagusiarekin, elkartu dira Madrilen

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Eusko Jaurlaritzari jakitera eman dionez, “Senegalen dauden euskal atunontziek Panamako eta Costa Ricako uretan jardun ahal izateko kudeaketak hasiko ditu, ezinezkoa baita Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa amaitu ondoren, Senegalgo Dakar portutan lotuta dauden lau euskal atunontziek bertan berriro arrantzan egin ahal izatea”.

 

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak bilera izan du gaur goizean Madrilen, Arrantza Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, Isabel Artimerekin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako idazkari nagusiarekin, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa amaitu zenetik Dakarren lotuta dauden euskal lau atunontzien egoeraz hitz egiteko. Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Javier Garat CEPESCA-Arrantzako Espainiako Konfederazioko presidentea eta Dakarren lotuta dauden itsasontzien hiru armadoreak ere izan dira bileran.

“Estatuko Gobernua gure itsasontziek Panamako eta Costa Ricako uretan jarduteko aukera aztertzen ari den bitartean, Eusko Jaurlaritzatik Minimis laguntza hipotetiko bat ere ari gara aztertzen, gehienez 40 mila eurokoa itsasontzi bakoitzeko, bizitzen ari diren geldialdiagatik”, adierazi du Azkuek bileratik irten direnean. Europako legerian aurreikusita dauden laguntza horiek ez dute behar Europako Batzordearen aldez aurreko baimenik. Era berean, Ministerioak Europako Batzordeari bidaliko dion flotari buruzko txostenean euskal ontziek bizi duten egoera helaraz liezaioke, irtenbide eta laguntza posibleak aktiba daitezen.

“Hasiera-hasieratik, lau atunontziak Dakarren lotuta geratu zirenean, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa amaitu ondoren, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioarekin harremanetan jarri ginen –Europako Batzordearekin erantzukizuna eta harremana duena baita– haiekin hitz egin zezan”, gogoratu du Azkuek.

Bestalde, Espainiako Arrantza Konfederazioak (CEPESCA) eta Dakartunak (Dakarren kanabera erabiltzen duten atunontzien elkarteak) hiru urte daramatzate atunontziek Senegalen dituzten arazoen konponbide bat eskatzen, muga-mugako egoera dela-eta.

Kanabera erabiltzen duen flotak tunido tropikalen espezieak arrantzatu ohi ditu Senegalgo uretan, hala nola atuntxikia, atun hegats-horia edo atun moja, eta EBren eta Senegalen arteko akordioa amaitu ondoren, ia 3 hilabete daramatza arrantzara irten gabe, Senegalgo Gobernuak ezarritako debekuaren ondorioz, eragotzi egiten baitie Hango badian sartzea eta arrantza egiteko beita biziz hornitzea. “Bere garaian, Europako Batzordeak egindako txosten zientifiko batek egiaztatu zuen Senegalgo arrantza-lekuko eremu horretan beita bilketak zuen eragin txikia”, gogoratu du Cepescak.

EBrekin 2019ko uztailean ezarritako arrantza-akordioak bost urteko aldia jasotzen zuen, eta EBk urtean 1,7 milioi euroko ekarpena egingo zuen (800.000 euro Senegalgo uretan sartzeko kontzeptu gisa, eta gainerako zenbatekoa herrialdeko arrantza-lekuak kudeatzeko politikei laguntzeko).