Bizkaiko Ahaldun Nagusiak lurraldearen konektibitatea hobetuko duten azpiegitura-proiektuak bisitatu ditu Lea Artibain

0

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusia buru izan da gaur goizean lehen orduan Berriatuko alkate Joseba Goienolarekin udalerriko trafikoaren eragina aztertzeko bildu den lantaldean, eta, ondoren, BI-633 errepidea BI-2636 errepidearekin Markina-Xemein eta Etxebarria artean lotuko duen kilometro bateko saihesbidearen obrak in situ bisitatzera joan da. Bigarren bilera horretan Iratxe Lasak eta Jesús Iriondok ere parte hartu dute, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko alkateek, hurrenez hurren.

Lea Artibaira egindako bisita Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko lehiakortasuna indartzeko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren babespean.  Azken helburua inguruaren konektibitatea eta lehiakortasuna indartzea da, azpiegiturak hobetuta, zeina hango herritarren eta enpresen onerako izango baita.

«Lehiakortasun sendoa, iraunkorra eta lurraldeari dagokionez orekatua eraiki nahi dugu. Konektibitateaz, kohesioaz eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara». Horiek dira gure helburuak Bizkairako eta, kasu honetan, Lea Artibai eskualderako», esan du Etxanobek. Ahaldun Nagusiak bere hitzetan sakondu du azalpen honekin: «lehentasuna da trafikoa hiriguneetatik ateratzea, baita inguruko industriaguneetako sarbideak hobetzea ere».

Lan-jardunaldia lehen orduan hasi da, Berriatuko Udalean egin den bilera batekin. Bilera horretan, Joseba Goienola alkateak eta Leartibai Fundazioko presidenteak bere udalerriko eta eskualdeko beharrak azaldu dizkie Ahaldun Nagusiari eta Ainara Basurko eta Carlos Alzaga foru-diputatuei. Bileran, aukerarik egingarrienak aztertu dira udalerrian trafikoak duen eragina murrizteko (batez beste, 6.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero) eta Ondarroarekiko lotura hobetzeko, saihesbide bat eraikita.

Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidera bisita

Ondoren, foru-lantaldea 2026an Markina-Xemein eta Etxebarria udalerriak lotuko dituen saihesbidearen obretara joan da. Ahaldun Nagusiak egiaztatu du lanek erritmo onean jarraitzen dutela. 335 metroko tunelaren bi aldeetako ahoetako lanak amaitu ondoren, ikerketa geoteknikoko kanpaina osagarri bat egin da, eta kanpaina horretan, hainbat zundaketa egin dira, zeinek azpiegitura eraikitzeko egin beharreko urratsak zehaztu dituzten.

Gainera, biltegia indusketako soberako materialarekin betetzen ari dira, eta landare-lurra zabaltzen ari dira behin betiko ezpondetan, haiek hidroerein ahal izateko. Etxebarriko aldeko lur-berdinketetan ere ari dira lanean, eta haiei eusteko ahoan ainguraketak dituzten habe horizontalak jarri dituzte.

«Konektibitateaz, kohesioaz eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz ari gara. Horiek dira gure helburuak Bizkairako eta, kasu honetan, Lea Artibai eskualderako», esan du Elixabete Etxanobek obran bertan. Ahaldun nagusiak bere hitzetan sakondu du honako hau azaltzean: «lehentasuna da trafikoa hiriguneetatik ateratzea, baita inguruko industriaguneetako sarbideak hobetzea ere».

Era berean, Etxanobek gaineratu du bide segurtasuna eta ingurumenaren hobekuntza izango direla saihesbide horrek ekarriko dituen beste alderdi positiboetako batzuk; izan ere, «nabarmen murriztuko da bertatik igarotzen diren ibilgailuen kopurua, orain 5.568 inguru baitira egunean». Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak dituen datuen arabera, errepide berriak ia 3.000 ibilgailutan murriztuko ditu herriguneko trafikoa, hau da, zirkulazioa % 53 gutxiago izango da.

«Markina-Xemeinen hiri-berroneratzeko aukera bat izango da, herriari aisialdirako eta herritarren gozamenerako hiri-espazio bat itzultzen ari zaiolako», amaitu du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Proiektuak ia-ia kilometro bateko errepide bat zehazten du, BI-633 errepidea BI-2636 errepidearekin lotzen duena, eta bat dator Bizkaiko Lurraldeko Errepideen Plan Sektorialeko helburuekin eta Gernika-Markinako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialekoekin. Errepide berriak, zeinaren aurrekontua 25,6 milioi eurokoa den, ibilgailuen joan-etorri askea ahalbidetuko du, eta ilarak saihestuko dira errepidera sartzeko egongo diren bi biribilguneei esker.

Berrikuntza teknologikoak

Gaur bisitan azaldu den berrikuntzetako bat teknologiarekin lotuta dago zuzenean; izan ere, tunela MKZ kontrol-zentroarekin komunikatzeko hasierako proiektua aldatu egin da. Ildo horretatik, 17 kilometroko mikrozanga bat egitea erabaki da Gerediagako lotunean (AP-8), BI-633 errepideko obretaraino, komunikazio guztia zuntz optikoaren bidez egin dadin. Ziur asko, 2025eko apirilaren amaieratik urrira arte lan egingo da mikrozangan.

Digitalizazioari dagokionez, obrak BIM metodologiaren arabera garatzen ari dira, eta, beraz, obrak amaitzean, obra-amaierako informazioaren transferentzia (as built) modu ordenatuan eta kalitate handiarekin egingo da, ustiapen-faseari begira.

Jasangarritasunaren ildotik, airea eta zarata monitorizatzeko hainbat ingurumen gailu jarriko dira. Gailu horiek Bizkaiko errepideetan hedatu diren sentsoreen sarean integratzen dira, eta kalitatezko datuak sortzen laguntzen dute, errepide bidezko garraioaren inpaktua ezagutzeko eta irtenbide berritzaileak definitzeko. Horren adibide dira Markina-Xemeingo obretan dagoeneko aplikatzen ari diren drainatze jasangarriko jarduerak eta bioingeniaritzako teknikak.

Eta, osasunaren segurtasunaren ikuspegitik, obra kontrolatzeko hiru kamera instalatu dira; horietako bi puntu estrategikoetan kokatutako eguzki-panelek elikatzen dituzte, eta kamera horiei esker, obrako taldearen telefono mugikorretatik, egiten ari diren jarduerak ikus daitezke.