Euskadi turismo jasangarriaren eta bizikidetzaren erreferente gisa nabarmendu da FITUR 2025n

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak inauguratu du Euskadiren standa 2025eko Turismoaren Nazioarteko Azokan (FITUR), eta Euskadiko industria turistikoaren indarra nabarmendu du. Bere hitzaldian, egindako bideari, sektoreak bizi duen orainaldi sendoari eta bere etorkizuna markatuko duten erronkei buruz hausnartu du sailburuak. “FITUR legegintzaldi berri baten hasiera eta etorkizunerantz argi luzeekin begiratzeko une erabakigarria da”, adierazi du. Sailburuak azpimarratu duenez, turismoa Euskadiko BPGren % 6,6 da dagoeneko, 110.000 familia baino gehiagorentzat zuzeneko enplegua sortzen du eta eragin positiboa du hainbat sektoretan, besteak beste, merkataritzan, ostalaritzan, garraioan eta kulturan, eta tokiko garapenaren eta gizarte-kohesioaren eragile gisa posizionatzen da.

Euskadiren standak, txalaparta handi bat izango balitz bezala diseinatu denak, tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen Euskadiko turismo-ereduaren aniztasuna eta harmonia irudikatzen ditu. Sailburuaren esanetan, “txalaparta honetako pieza bakoitzak, banaka, ez du musikarik sortzen, baina elkarrekin melodia paregabeak sortzen dituzte. Horrelakoa da Euskadi: anitza, abegikorra eta batua”. Gainera, gogoratu du 2024 urte historikoa izan dela turismoarentzat, % 3,6ko hazkundearekin. Hazkunde jasangarria izan da, eta desestazionalizatua; % 4,7ko hazkundea izan du goi-denboralditik kanpora eta % 1,4koa uda-garaian. Nazioarteko turismoak ere nabarmen egin du gora (% 7), eta lurraldean egindako egonaldiaren eta gastuaren igoera nabarmendu da. Bigarren urtez jarraian, Euskadik nazioarteko bisitari gehiago izan ditu bisitari nazionalak baino bost hilabetez jarraian.

Sailburuak azpimarratu du jasangarritasunak eta bizikidetzak Euskadiko turismo-ereduan duten garrantzia, eta mezu horretan oinarritutako kanpaina berri bat aurkeztuko dela aurreratu du. Gainera, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ere balioetsi du, NBEk abalatua eta 800 enpresa baino gehiago dituena atxikita. “Kode hori ez da asmoen adierazpen bat bakarrik, baizik eta etengabeko prestakuntza, ebaluazioak eta sektorearen kalitatearekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa bermatzen duten auditoriak inplikatzen dituen konpromiso bat”, adierazi du.

Etorkizunari dagokionez, sailburuak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu aurretik aurkeztuko duela Turismoaren Lege Proiektua, araudia gaur egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko. Gainera, aurreratu du egonaldi turistikoen zerga bat sortzeko ere lanean ari direla, Euskadi bisitatzen dutenek hobetzen eta kontserbatzen ere lagundu dezaten. “Helburua da turismo jasangarria bultzatzen jarraitzea, eta bisitarien, sektorearen eta herritarren mesederako izatea, erronka berriei lasaitasunez eta erabakigarritasunez helduz”, erantsi du.

FITUReko Euskadiren standa Grand Tour Euskadi Basque Country-ren erakusleihoa ere izango da. Zortzi etapako bidaia hori lurraldearen aniztasuna ezagutzeko diseinatu da, ekoturismo, zikloturismo, turismo industrial, familiar eta gastronomikoko esperientzien bidez. Ikuspegi horrek desestazionalizazioa, turismoa lurraldean zehar mugitzea eta egonaldiak luzatzea sustatzen du.

Azkenik, sailburuak standaren diseinu berritzailea nabarmendu du, pantaila digital erraldoiak eta elementu tradizionalak uztartzen baititu, eta esan du Euskadi turismo jasangarriaren erreferente gisa finkatzeko topagunea eta sustapena dela.