Hasi dituzte Bidasoko Ospitalean bloke kirurgikoko lanak egiteko behar diren eraikin modularreko lanak

0

Obrak ospitaleko aparkalekuetako baten ondoan egiten ari dira, eta eraikuntza- eta egokitzapen-lanen ondoren, aurreikuspenen arabera, eraikin modularra uda baino lehen egongo da martxan

Ospitaleko Bloke Kirurgiko berria egiteko, beharrezkoa da eraikineko bigarren solairuan Zuzendaritzak eta Bidasoko ESIko beste sail eta zerbitzu batzuek okupatzen duten espazioa libre uztea.  Zerbitzu horiek kanpoko eraikin modularrera eramango dituzte; horretarako, ospitaleko aparkalekuetako baten ondoan hasi dira gune hori urbanizatzeko lanak.

Administrazio-jarduerarako solairu bakarra

Eraikin modularrak solairu bakarra izango du, eta forma etena, ingurunean inpaktua minimizatzeko.

Eraikinaren azalera erabilgarria, gutxi gorabehera, 615 metro karratukoa izango da, gune hauetan banatuta:

  • Sarrera- eta Harrera-gunea
  • Zerbitzugunea
  • Lan, Administrazio eta Jendearen arretarako gunea
  • Bulego medikoen gunea eta
  • Zuzendaritza

 

Sei ebakuntza-gela berri eta Suspertze Unitate berria

Kanpoaldeko bloke berrian administrazio-jarduera hasi eta barrualdeko beharrezko eremuak libratu ondoren, udazkenean Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriaren obrak hasi ahal izango direla aurreikusten da. Obrak 18 hilabete iraungo du gutxi gorabehera.

2027ko udan, Bidasoa Eskualdeko Ospitaleak bloke kirurgiko berri bat izango du. Bertan sei ebakuntza-gela berri jarriko dira, gaur egun baino bi gehiago, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako biztanleen asistentzia-beharrei erantzuteko.

Sei ebakuntza-gela horiez gain, proiektuak Suspertze Unitatea sortzea aurreikusten du, egungoa baino gaitasun handiagoarekin, eta horrek zentroaren ahalmen kirurgikoa handitzea ahalbidetuko du. Blokeak ospitaleratu gabeko kirurgia-unitate bat ere izango du, baita esterilizazio-gune zabal bat ere. Guztira, 2.000 metro koadro baino gehiago.

Ebakuntza-gela berrietako obrek (aurreikusitako aurrekontua 15 milioi eurokoa da) ez dute eraginik izango Bidasoko Ospitaleko jarduera kirurgikoan; izan ere, zentroan bertan programatutako jarduera guztia mantenduko da lanak egiten diren bitartean, eta horiek egungo instalazioetan egingo dira. Horrek saihestuko du pazienteak beste ospitale-baliabide batzuetara joan behar izatea artatuak izateko.

Bloke kirurgikoa eraberritzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Bidasoko ESIaren Plan Zuzentzailean hartutako konpromisoetako bat, ospitalearen eta lehen mailako arretaren arloetan emandako arreta modernizatzeko eta hobetzeko.