Justizia Sailak eta Fiskaltzak Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko Lege berria aplikatzean elkarlanean jardutea erabaki dute

0

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta Fiskaltzak gaur erabaki dute elkarlanean jardutea eta lan egitea onartu berria den Justiziako Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko Legea aplikatzean.  Gaur Bilbon elkartu den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Fiskaltzaren Erakunde arteko Koordinazio Batzordean beste hainbat gai ere izan dira aztergai, besteak beste, delitu ekonomikoen aurkako borroka, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria eta irisgarritasuna.

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko lantaldea osatu dute María Jesús San José sailburuak, Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak, Jose María Bastos Justiziako zuzendariak eta Maria Dolores Movilla Justizia Administrazioko zuzendariak. Fiskaltzaren aldetik bertan izan dira Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzako fiskal nagusia, Ana María Sola, Carmen Cotelo eta Juan Galparsoro, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako fiskal buruak, Esmeralda Rasillo Laguntza Unitateko fiskal burua eta Concepción Pedraza Laguntza Unitateko fiskala, biak Estatuko Fiskaltza Nagusikoak.

Batzordearen bileran hizpide izan den gaietako bat berriki onartutako Justiziako Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Arloko Neurriei buruzko 1/2025 Lege Organikoa izan da.  Lege horrek aspaldiko hamarkadetako aldaketarik handiena eragingo du Justizian, eta beharrezkotzat jo da, beraz, elkarrekin komunikatzeko eta lan egiteko bideak ezartzea, lege hori indarrean jartzeak ekar ditzakeen aldaketak eta eskaerak aztertzeko.  Zehazki, bulego fiskalari edo zerbitzu publikoa hobetzeko baliabide edo zerbitzuei eta legeak eragingo dituen erreformei buruzko guztia.

Era berean, lege berriak haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren ataletan sartzen dituen aldaketez ere hitz egin du lantaldeak.  Zehazki, adierazi du prozesuan biktima eta erasotzailea aurrez aurre jartzea eragotziko duten aretoen beharra edo gabezia ere aztertu beharko dela, bai eta, hala badagokio, horiek sortzea ere. Eta irisgarritasunari dagokionez, Fiskaltzak Justiziaren erabiltzaileetan antzematen dituen beharrak aztertuko dira.  Alde horretatik, Saila lanean ari da sistema judizialarekin harremana izan behar duten herritar guztientzako Irisgarritasun fisiko, sentsorial eta kognitiborako planean aurreikusitako neurriak abian jartzeko.  Beste gaietako bat izan da Fiskaltzak delitu ekonomikoei eta, bereziki, ustelkeria-delituei aurre egiteko hautemandako beharrak, ez baitago azken horiei buruzko unitate espezifikorik.

Lankidetza- eta laguntza-organoa

Batzorde hori Saileko sailburuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak 2010ean sinatutako hitzarmen batean oinarrituta eratu zen. Urtean bi aldiz elkartzen da, eta lankidetzarako eta laguntza teknikorako organo gisa jarduten du Fiskaltzari esleitutako giza baliabideekin, digitalizazioarekin, lokalekin eta egoitzekin, Justizia Sailarentzat eta Fiskaltzarentzat interesgarriak diren dokumentu eta argitalpenekin, lankidetza-hitzarmenekin eta prestakuntza-ekintza espezifikoekin zerikusia duten gaietan informazioa emateko eta jarduketak proposatzeko.  Batzordeko kide dira Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Justizia Sailburuordetzako zuzendaritza-taldea, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako fiskal buruak eta Estatuko Fiskaltza Nagusiko hainbat fiskal.