Merkatua bisitatu eta Gabonetako programazioaz gozatu duten pertsonen % 77 donostiarrak ziren
Donostia Sustapenaren bidez Udalak antolatutako Gabonetako Kanpainak 24,7 milioi euroko zuzeneko inpaktu ekonomikoa sorrarazi du. aurreko urteko 22,5 milioiekin alderatuta. Gainera, abenduan, 2.128 kontratu egin ziren merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan (iaz baino % 10 gehiago). Horrek 1.528ri enplegua eskaintzea ahalbidetu zuen, eta epealdi horretan hirian egindako kontratazioaren % 30 suposatzen dute.
Ikertalde enpresak egindako azterlanean agerian geratzen da donostiarrek Gabonetako bere Kanpainarekiko azaltzen duten interesa. Horren adibide da Inaugurazioan eta Drone Show Jaialdian izandako asistentziaren % 73 bertakoa izan zela, eta portzentajea % 91ra hedatzen da Gipuzkoara zabalduz gero. Datu horiek tokiko partaidetza sendoagoa eta iraunkorragoa adierazten dute, eta Gabonetako Kanpaina hiri-proiektu bihurtzen dute.
Halaber, merkatuko puntu estrategikoetan ipinitako pasaera-kontagailuen arabera, Kanpainako 39 egunetan, 2.715.000 pasaera zenbatu ziren (egunean 69.600 pasaera) guztira. Horrek % 21eko igoera dakar iazko Kanpainarekin alderatuz. Guztizkotik, 163.000 ( % 5etik gora) Gabonetako Kanpainaren erakarpenak soilik egindako bisitak dira.
Etorritako jende kopuruak gora egin badu ere, datuek agerian uzten dute diseinatutako programazioa eta animazioan donostiarrei begirako orientazioa sendotu egin dela: parte-hartzaileen % 77a, hots, lautik hiru, donostiarra da. Gainerako % 23a hiritik kanpoko bisitariak dira; erdia baino gehiago (% 12) gipuzkoarrak; Arabak eta Bizkaiak % 2a batzen dute, Espainiako bisitariek % 5a, eta nazioarteko bisitariek % 4a (horien artean % 84 frantziarrak). Abenduko zubian izandako eguraldi txarra, Azoka ixtea behartu zuena, eta asteburuetan izandako egun euritsuak, izango lirateke aurreko urteen aldean kanpotarrak diren bisitari kopuruan izandako jaitsieraren arrazoi nagusiak.