2024. urtean 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Ekoetxea Sareko ingurumen-zentroetakoren bat

0

Datorren urtarrilaren 26an ospatzen den Ingurumen Hezkuntzako Mundu Egunarekin bat eginik, Ekoetxea Sareak 2024. urteko jardueraren balantzea aurkeztu du

 

Iaz marka guztiak hautsi zituzten Ekoetxea sareko ingurumen-zentroek, 2024. urtean 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu baitzuten bere lau zentroetakoren bat. Horietatik guztietatik, 28.000 bisitari Euskadi osoko ikastetxeetatik etorritako ikasleak izan dira, eta Ekoetxea sareak eskaintzen dituen hezkuntza-jarduera ugarietako batean parte hartu dute. Hezkuntza-jarduera horien helburua da hiru lurraldeetako ikasleek beren ingurune naturala hobeto ezagutzea eta haien balioen barruan ingurunearekiko errespetua integratzea.

Sareak, ingurumen-hezkuntzako plataforma gisa, 278 esperientzia eskaini ditu, eta erabiltzaileek gogobetetze-maila handia adierazi dute (10etik 9,3 puntu). Bereziki honako jarduera hauek nabarmendu dira: Ingurumenaren Mundu Eguna (ekainaren 5a), lurzorua lehengoratzea, lehortearen erresilientzia eta desertifikazioaren aurkako borroka ardatz izan dituena; Hondakinen Prebentziorako Europako Astea (azaroaren 16tik 24ra), elikagai gutxiago xahutzea helburu zuena; Lurzoruaren Mundu Eguna (abenduaren 5a), non mila ikasle inguruk dibertimendua eta curriculum-ikaskuntza nahasten zituen erronka interaktibo batean parte hartu zuten; eta Gabonetako Trukegune kanpaina, Koopera eta Elkargunearekin elkarlanean garatua, kontsumo arduratsua sustatzeko eta objektuen trukearen bidez ohitura jasangarriak sortzeko.

Ekoetxea sareak ingurumen-hezkuntzari dagokionez garatu duen jarduera handia dela eta, erreferente bihurtu da ohitura jasangarrien sustapenaren arloan eta klima-aldaketaren inguruan kontzientziatzearen arloan.

2025erako, Ekoetxea sareak ingurumen-hezkuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egiteko funtsezko tresna den aldetik. Sare-lanari eta Growth gisako metodologia berritzaileen inplementazioari esker, baliabideak optimizatzea eta hezkuntza-eskaintza indartzea lortu du.

Zer da Ekoetxea sarea?

Ekoetxea ingurumen-zentroen sarea Euskadiko lau gune estrategikotan kokatutako beste horrenbeste zentrok osatzen dute: Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; eta Txingudi eta Azpeitia, Gipuzkoan. Zentro bakoitzak bere ingurunera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu, hala nola erakusketak, tailerrak, ibilbide gidatuak eta hezkuntza-programak.

 

 

2024ko DATUAK
·       140.000 bisita baino gehiago zentroetan

·       28.000 ikaslek ondo pasa dute jasangarritasunari buruz ikasten

·       278 esperientzia eskaini dira sareko 4 zentroetan

·       10etik 9,3 puntuko balorazioa