Euskal ordezkaritzak, Jagoba Álvarez Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria buru dela, omenaldi hunkigarria egin zien atzo Ignacio Ellacuría apaiz euskaldunari eta orain dela 35 urte El Salvadorren hil zituzten UCAko gainerako martiriei. Ekitaldian lore-eskaintza egin zuten José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (UCA) campusean, hil zituzten lekuan, eta El Salvadorreko Armadako eliteko komandoak hil zituzten beste bost jesuitak eta bi emakume salvadortarrak ere gogoratu zituzten.
Jagoba Álvarez Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak lore-sorta bat utzi zuen UCAko campusean jarritako monolitoan. Ekitaldian eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Eusko Legebiltzarraren eta giza eskubideen eta lankidetzaren arloko organizazioen (Bakerako Lankidetza Batzarrea BLB, Bakea eta Elkartasuna Euskadi eta Zehar-Errefuxiatuekin) ordezkariak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearenak ere izan ziren.
Lore-eskaintza atzo, astelehena, urtarrilaren 27, egin zuten 15:00etan, El Salvadorko orduan, euskal ordezkaritza batek herrialde horretara egindako bisitaren esparruan. Ordezkaritza horren helburua NAREn, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programan, parte hartu duten pertsonen eta kolektiboen jarraipena egitea da. Guztira 13 pertsonak osatzen dute El Salvadorren urtarrilaren 30era arte izango den ordezkaritza hori.
Jagoba Álvarez Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak azaldu duenez, omenaldi horrekin “UCAko martiriak” izenez ezagutzen direnen ondarea gogoratu eta aldarrikatu nahi da, Ignacio Ellacuría unibertsitateko errektorearen gidaritzapean El Salvadorko herriarekin eta bakea bilatzearekin konprometituta baitzeuden. “Ellacuríaren ondareak bizirik dirau”, azpimarratu du Álvarezek, eta nabarmendu du haien hilketek ez dutela lortu elkarrizketaren eta adiskidetzearen bidez bakea eraikitzearen aldeko mezua isilaraztea.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak azpimarratu du garrantzitsua dela Nare bezalako programak babesten jarraitzea, itxaropena ematen baitute eta bakea, justizia eta pertsona bakoitzaren duintasunarekiko errespetua nagusituko diren mundu bat sortzen laguntzeko aldaketa-eragileak baitira. “Oraindik asko dago egiteko, eta euskal gizarteak funtsezko zeregina du giza duintasuna eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen etorkizuna eraikitzeko”, esan du amaitzeko.