Eusko Jaurlaritzak eta Foru-Aldundiek EAEko nekazaritzako elikagaien kateko elikagaien segurtasunari eta kontrol ofizialari buruzko prestakuntza-plataforma bat aurkeztu dute

0

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek EAEko nekazaritzako elikagaien kateko elikagaien segurtasunari eta kontrol ofizialari buruzko prestakuntza-plataforma bat aurkeztu dute. Administrazio publikoak jabetzen dira elikagaien katea osatzen duten operadoreek bete behar dituzten arau-baldintzak biltzeko eta horiek eguneratuta izateko duten beharraz eta zailtasunaz, bai eta araudi horiek guztiak euren ustiategietara egokitzeko beharraz eta zailtasunaz ere. Estatuko urte anitzeko kontrol-plan bat izatea nahitaezkoa da Europar Batasuneko estatu guztietan, elikagaiei eta pentsuei buruzko legeria eta animalien osasunari eta ongizateari, osasun begetalari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatzen direla bermatzeko.

Urte anitzeko Estatuko Kontrol Plana izatea nahitaezkoa da Europar Batasuneko estatu kide guztietan. Hori aurreikusita dago 2017/625 (EB) Erregelamenduaren 109. artikuluan, egindako kontrolei eta bestelako jarduera ofizialei buruzkoan. Horrela, elikagaiei eta pentsuei buruzko legeria eta animalien osasunari eta ongizateari, landare-osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauak aplikatuko direla bermatzen da.

Euskadin, Plana Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Euskal Planaren bidez garatzen da. Plan hori Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, foru-aldundietako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumenak dituzten departamentuek eta ELIKA´k egin dute.

Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Euskal Planak nekazaritzaren, abeltzaintzaren, arrantzaren eta elikaduraren esparrua hartzen du, Europako lege-esparrua eta Estatuko Administrazioak ezartzen dituen oinarriak errespetatuz, baina Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien ekoizpen-sistemen errealitatera eta euskal administrazioaren egituretara egokituta. Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Euskal Plana lantalde teknikoen bidez hedatzen da, eta horien ardura da adostutako prozedura autonomiko batzuk definitzea, hiru lurralde historikoetan irizpideak eta jarduerak homogeneizatzeko.

Gaur egun, 2021-2025 Plana dago indarrean –aurreko plana 2017-2021ekoa zen–, eta ezartzeko denbora baten ondoren, kezka bat jarri dute behin eta berriz agerian bai sektoreak berak bai planeko laneko foroek: kontrol ofizialaren gardentasunaren garrantzia.

Administrazioetatik kontrol ofizialaren gardentasuna zaintzen da, eta kontrol ofizialaren ekitatea, koherentzia eta gardentasuna bermatzeko neurriak hartzen dira.   Kontrol ofizialaren arloko prestakuntza-plataforma berri hau kezka horri erantzuteko sortu da. Zehazki, nekazaritza-ustiategietako higieneari eta fitosanitarioen erabilerari buruzko plataformaren lehenengo ikastaro hau abian jarrita, honako hau lortu nahi da.

  • Nekazaritzako elikagaien sektoreari sektoreko kontrol ofizialak berekin dakarren informazio guztia ezagutaraztea (bete beharreko baldintzak, legeria, ikuskapen batean egiazta daitezkeen alderdiak, ikuskatuko diren operadoreak nola hautatzen diren eta kontrolak nola egiten diren), bai eta norberak bere autoebaluazioa egiteko informazio osagarria eta arrisku mikrobiologiko nagusiei buruzko informazioa ere.
  • Prestakuntza-ikastaroak izatea, operadoreek horietan sartzeko aukera izan dezaten eta klik bakar batekin informazio hori guztia modu bisualean eta irisgarriak izan dezaten, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Plataforma honetan eman den lehenengo urratsa aurten bere kezkak eta hartu beharreko neurriak behin eta berriz aditzera eman duten nekazariei zuzenduta dago, eta Sailetik eta foru-aldundietatik gure lehentasuna dira datozen urteetan jarraituko diren politiketan.

Higieneari eta fitosanitarioen erabilerari buruzko ikastaro honetan, bideo laburren formatuan eta prestakuntza-pilulen bidez, nekazaritza-ustiategi batean aplikatzekoak diren baldintza guztiak azaltzen dira, honako gai hauei dagokienez: Ustiategiko ura; Ustiategiaren kokapena; Fitosanitarioak: biltegiratzea eta manipulatzea; Fitosanitarioak: prestakuntza, makinaria eta hondakinen kudeaketa; Fitosanitarioak: landako koadernoa; Ustiategiko langileak; Lotutako operazioen manipulazioa (uzta, garraioa eta biltegiratzea); IKI-Izurriteen Kudeaketa Integrala;  eta Ongarriketa.

Nekazari guztiengana iristeko, aurkezpenak egingo dira lurralde bakoitzean sektoreko eragileekin (elkarteak, kudeaketa-zentroak, sindikatuak), tresnak nola funtzionatzen duen jakin dezaten eta nekazariei prestakuntza-ikastaroan sartzen lagun diezaieten.  Aurreikusitako datak, lekua eta ordua jakinaraziko dira, hauek dira: Gipuzkoa urtarrilak 30; Bizkaia otsailak 4; Araba otsailan ere bai

Era berean, nekazariei zuzenean helaraziko zaie ikastaro honen berri foru-aldundiek sortutako aplikazioen bidez, mugikorreko testu-mezuen bidez, eta ENB/GERTU bulegoetan informazio-materialak jarriko dira, eskualdeko bulegoetara kudeaketak egitera joaten den edozein nekazarik eskuratu ahal izan dezan plataformari buruzko informazioa.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak kontrol ofizialen kudeaketa eraginkor, garden eta integratuaren alde ari dira lanean, gure nekazaritza-ekoizpenetako elikagaien segurtasuna bermatzeko eta kontsumitzaileek Euskadin ekoitzitako elikagaien berri izateko eta horiengan konfiantza izateko. Higieneari eta fitosanitarioen erabilerari buruzko ikastarorako sarbidea, informazio gehiago www.ikas.elika.eus