Barredok eta Perez Iglesiasek Prestakuntza Estrategia aurkeztuko dute EDAn – Drinks & Wine Campus Laguardia/Vitoria-Gasteiz

0

EDA Drinks & Campusek jada zehaztu du bere prestakuntza-proposamena: ardoari eta edariei buruzko unibertsitate-gradu batek, sei masterrek –horietako bi unibertsitate-masterrak– eta hainbat espezializazio-ikastarok osatuko dute Mondragon Unibertsitateko Basque Culinary Center – Gastronomia Zientzien Fakultatearen babesean Gasteizko eta Guardiako egoitzetan eskainiko den hezkuntza-katalogoa. Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendariarekin batera, Arabako campus berriko prestakuntzaren edukia.

Proposamena sektoreari aktiboki entzutean eta aukerei eta erronkei erantzuna ematean oinarrituta sortu da. Gainera, EDA Drinks & Wine Campusek aukera-guneak identifikatzeko egin dituen hainbat azterketa sektorial garatu dira.

Horretarako, edarien sektoreak prestakuntzari dagokionez egin dituen eskakizunak aztertu dira. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendariak adierazi duenez, “bikaintasun akademikoa lortu nahi izan da uneoro, sektorearen eraldaketa gidatuko duten profesionalak ikuspegi global batetik prestatuko dituzten programa berritzaileekin. Erronka handia izango den ibilbide-orri bat marraztu dugu, eta bertan nazioartean bakarra den gradu bat nabarmentzen da, azken helburua duena ardoaren eta edarien sektorera ezagutza etengabe transferitzea”.

Alde horretatik, aurkezpenean Juan Ignacio Pérez Iglesias Unibertsitateetako sailburuak nabarmendu duenez, “proiektu berritzailea da, hain zuzen ere, bere helburua ezagutza transferitzea delako, sektoreari zuzenean, prozesu berrien bidez, eta zeharka arlo berrietan titulatutako pertsonak prestatuz. Hori dela-eta, nazioarteko erreferentziazko gune bihurtu nahi du, modu horretan talentua duten pertsonak, sektorea eraldatuko duten eta sektorean eragingo duten profesionalak, erakartzeko”.

Era berean, Pérez´ek azpimarratu duenez, “proiektu honek erakusten du zientzia eta berrikuntza ez direla XXI. mendeko produktuei eta prozesuei buruzkoak bakarrik”.  Bere hitzetan, “hau baino adibide hobe gutxi aurkitu daitezke alde horretatik, berrikuntza zibilizazio gisa ezagutzen duguna sortu zenetik gizadiarekin batera joan den ardoaren ekoizpenean gertatzen baita”.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailburuak  azpimarratu duenez, “lehen sektoreak garrantzi estrategikoa du gure herrialdearentzat, funtsezko elementua da Euskadiren kohesiorako eta ezinbesteko ardatza da gure orekarako”.

“Sektore honek, Europar Batasunaren zati handi batean gertatzen den bezala, ez du bere garai onena bizi, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzatik eta foru-aldundietatik, eguneratzeko, berritzeko eta modernizatzeko ari gara lanean.  Landan, ukuiluetan, larrainetan, mahastietan eta landa-ingurunean sortzen den arazo bakoitza Sail honetan aztertzen eta artatzen da.  Horregatik azpimarratzen dugu Arabako Errioxak –Araba eta Euskadi osoak– bikaintasunaren eta berrikuntzaren lurralde gisa duen posizionamendua”, erantsi du Barredo sailburuak.

Barredoren ustez, “ekimen hau elikagaien eta edarien balio-kate osoari entzunez eta harekin lan eginez gauzatuko da, eta halaxe ematen ari gara anbizioz eta nazioarteko erreferentziez betetako urrats berri hauek ere. Ardoaren munduan, Arabako Errioxak gure tradizioa eta lehen sektorearekiko lotura irudikatzen ditu: gure funtsa, balioak, kultura, bikaintasuna eta herri gisa dugun nortasuna. Ekimenak nazioarteko posizionamendu berri bat dakar”.

“Lehen sektorea gure gizartearen oinarrizko zutabea da. Ezinbestekoa da gizartearen kohesiorako, jasangarritasunerako eta gure herriaren lurralde-garapenerako. Euskadik gastronomiaren bikaintasunean eta berrikuntzan duen izen ona berez berme bat da ekimen honentzat. Prestatzeko, ikertzeko eta ekoizteko aukera ematen duen lurraldea da”, erantsi du Amaia Barredok prentsaurrekoan.

Sailburuaren esanetan, “Euskadi elikagaien sektore berria nazioartean lideratzen duten herrialdeen artean dago, eta Eusko Jaurlaritzak –hemen gaude gaur bertako bi sail– elikadura-kate osoan zehar sustatzen ditu ekintzailetza- eta berrikuntza-ekimenak. EDA Drinks and Wines Campusa “garrantzi handiko erakargarria izango da talentua erakartzeko, prestakuntza espezializatua eskaintzeko, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko eta ezagutza sektorera transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzen saiatzeko”.

Bestalde, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak adierazi duenez, «hezkuntza integral eta global baten garrantzian sinesten dugu. EDA Drinks & Wine Campus proiektuak Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-eskaintza indartzen du, gure ikasle eta profesionalei ardoaren eta edarien sektorean espezializatzeko aukera emanez. Horrela, profesional berritzaile eta eraldatzaileen eskari handia duten sektoreetara sar daitezke. Basque Culinary Center´rek, gure Gastronomia Zientzien Fakultateak, eta EDA Drinks & Wine Campusek sektorearen lehiakortasuna indartzen dute, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz, horiek baitira gure unibertsitate-ikuspegiaren funtsezko zutabeak»

Prestakuntza-eskaintza

Prestakuntza-eskaintza hori osatuko dute unibertsitate-gradu batek, sei masterrek, horietako bi unibertsitate-masterrak, eta hainbat espezializazio-ikastarok. Gainera, irekita dago etorkizunera begira proposamen akademiko berriak sartzeko aukera, prestakuntza globala, zeharkakoa eta edarien sektoreko balio-kateko eragile guztiak inplikatuta izango dituena eskaintzeko helburuarekin.

EDA Drinks & Wine Campus´ek balio-kateko maila guztietako ordezkariek osatutako Batzorde Aditu bat du, erakundeari aholku ematen diona ikuspegia eta ideiak eskainiz. Prestakuntza-eskaintza diseinatzeko oinarritzat ere hartu da ezagutza hori.

Proiektuak profil profesional berritzaileak garatzeko programak eskaintzen dizkie etorkizuneko ikasleei, eta ezagutzen transferentzia bermatuta dago, beraz, komunitate-ikuspegi batetik, zeharkakotasunetik eta diziplinarteko elkarrizketatik lagunduta.

Ardoari eta edariei buruzko unibertsitate-gradua

EDA Drinks & Wine Campusen proposamen gailenetako bat Ardoa eta Edariak Unibertsitate Gradua da, munduko bakarra eta aitzindaria sektorearen ikuspegi holistikoari dagokionez. Joxe Mari Aizegak adierazi duen bezala, “prestakuntza hori ibilbide-orri zorrotzari esker diseinatu da, bikaintasun akademikoan oinarrituta eta Basque Culinary Centerren metodologia kontrastatuari jarraituz”.

Gradu hau etengabeko bilakaeran dagoen sektore baten beharrei erantzuteko diseinatu da.  Berrikuntza eta bikaintasuna dira bertan emango diren irakasgaien oinarria, eta, horri esker, ikasleek unibertso horien ikuspegi orokorra izango dute. Hori guztia ‘learning by doing’ metodologiaren bidez egingo da, Basque Culinary Centerren prestakuntzetan erabiltzen den eta praktika ikasketen epizentroan kokatzen duen metodologiaren bidez.

Gradu honen ibilbide-orria zehaztuta badago ere, aurreikusten da lehenengo edizioari 2027-28 ikasturtearen hasieran ekingo zaiola. Prestakuntza hori Gasteizko egoitzatik egingo da, baina mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko gaiei buruzko moduluak Guardian emango dira.

Sei master eta gradu ondoko

Ardoa eta Edariak Unibertsitate Graduaz gainera, EDA Drinks & Wine Campusek edariei buruzko sei master eskainiko ditu. Hauek dira sei proposamenak:

  • Edarien Berrikuntza Unibertsitate Masterra. Edarien kontsumoari buruzko korronte berri baten parte izan nahi dutenentzat pentsatua, eta NOLO edariei modulu espezifikoak eskainiko zaizkie. Ikuspegi globala eta zeharkakoa duen gaitegiak ikuspegi osoa eskuratzeko eta berrikuntzan aukerak detektatzeko eta bultzatzeko aukera emango du.
  • Mahastizaintza eta Enologia Unibertsitate Masterra. Beste proposamen konbentzional batzuk baino urrunago iristen da, berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna uztartuko baititu.
  • Garagardoaren Berrikuntza eta Teknologia Masterra. Garagardogileen Elkarte Nazionalarekin batera diseinatu den prestakuntza honek sektorearen eskaerei eta eskakizunei erantzuten die, ardatza berrikuntza izanik. Horrela, maila globalean bide urratzailea izango da.
  • Destilatuak Masterra. Diziplina anitzeko ikuspegiarekin eta ikuspegi integralarekin, ikasleei sektorearen 360º-ko ikuspegia izateko aukera emango die, jasangarritasuna, digitalizazioa eta kontsumo arduratsuko ohiturak bezalako erronka handiei irtenbideak emanez.
  • Sommelieriaren Berrikuntza Masterra. Sommelieriaren artea eta zientzia teknologiarekin, jasangarritasunarekin eta azken joera gastronomikoekin uztartzen ditu. Ospe handiko eremu elaboratzaileekin eta jatetxeekin aliantzak eginez, prestakuntza honek sommelier-lanbidearen ikuspegi integratzailea eskaintzen du, era guztietako edariei aplikatuz: ardoak, destilatuak, garagardoa, kafea, tea, sakea, NOLO edariak, etab.
  • Ardoa Merkaturatzea eta Negozioen Garapena Masterra. Arreta berezia jarriko du merkataritza-negoziazioan, brandingean eta arrakasta-kasuen analisian, desberdintzea sustatuz. Sektorearen digitalizazioa, e-commerce, sakontzera bideratutako modulu espezifikoak izango ditu, datu eta analisi aurreratuetarako sarbidearekin. Jasangarritasunari eta erantzukizun sozialari buruzko gaiak sakonduko dira.

Graduko prestakuntza bezala, master hauek Gasteizen eta Guardian emango dira; lehenengo egoitzan edari guztiei aplikatzekoak diren ikasketak eskainiko dira eta bigarrenak, berriz, ardoaren munduan espezializatuko diren ikasleak hartuko ditu.

Irteera profesional posibleei dagokienez, ardoaren eta edarien sektoreak lanbide ugari hartzen ditu, eta prestakuntza horietako ikasleei aukera-zabala irekitzen diete. beraz. Prestakuntza-programek, besteak beste, barne hartzen dituzte zuzendaritza teknikoa, komertziala edo komunikaziokoa, edarien unibertsoko marketina edo analisian eta ikerketan gehiago oinarritzen diren profilak edo HORECA sektoreari lotutakoak, mixologian, hospitalityan eta jatetxeko upategiaren kudeaketan adituekin.

Espezializazio-ikastaroak

EDA Drinks & Wine Campusek hainbat espezializazio-ikastaro ere eskainiko ditu. Oraingoz, sagardoen inguruko ikastaro bat, kafeari buruzko ikastaro aurreratu bat eta NOLO unibertsoarekin lotutako ikastaro bat daude erabakita.  Aurrerago, Donostiako Basque Culinary Centerren fakultatean egiten den bezala, zaleentzako prestakuntza-saioak ere eskainiko dira. Ekosistema horri guztiari dagoeneko errealitate diren eta EDA Drinks & Wine Campusek martxan dituen prestakuntzak gehituko zaizkio, hala nola Sommelieria Masterra eta WSET ikastaroaren 1., 2. eta 3. mailak.

Modu horretan, EDA Drinks & Wine Campusek hezkuntza-eskaintza aparta egingo du, eta berrikuntza eta 360 graduko ikuspegia beste guztiaren gainetik egongo dira, bikaintasuna izango da premisa nagusia eta Basque Culinary Centerren eta Mondragon Unibertsitatearen, Gastronomia Zientzien Fakultatearen, babesak ematen duen segurtasuna izango du.

  • EDA Drinks & Wine Campusa Basque Culinary Centerrek garatu eta lideratutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute; geroago Gasteizko Udala batu zaie. Edarien eta ardoaren bidez garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea izango du helburu, eta, horretarako, ahaleginak egingo ditu talentua erakartzen, Mondragon Unibertsitateko Basque Culinary Center – Gastronomia Zientzien Fakultatetik prestakuntza espezializatua eskaintzen, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen eta sektorera ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzen, betiere nazioarteko proiekzioarekin, ikuspegi integral batekin eta bikaintasuna helburutzat hartuta. EDA Drinks & Wine Campus proiektu aitzindaria izango da nazioartean, ikuspegi ireki batetik. Bere bi egoitzetatik, ardoaren eta edarien sektorea eraldatzen lagunduko du, nazioarteko erreferentea izateko berrikuntzaren alorrean. Horrez gain, osagai bereizgarria eskainiko die enpresei lehengaiak, produktuen eta zerbitzuen elaborazioa eta diseinua, kudeaketa, merkaturatzea, negozio-diseinua, eta beste hainbat alderdi aintzat hartuta, kalitatea, jasangarritasuna eta osasuna oinarritzat hartuta, ikuspegi globalarekin eta garapen ekonomikoa eta soziala sortuz.