Eusko Jaurlaritzak itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du bihar, osteguna, nabigaziorako

0

Aldi berean, ostegunerako abisu horiak ere aktibatuko dira prezipitazio iraunkorrengatik, haizeagatik haizeguneetan eta kostaldeko inpaktuagatik

Eusko Jaurlaritzak nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko du bihar, osteguna, 06:00etatik 15:00etara (lehenengo bi milietan), olatuak 5-6 metrotik gorakoak izan baitaitezke. Aldi berean, 00:00etatik 24:00etara bitartean abisu horiak aktibatuko dira prezipitazio iraunkorrengatik, 60 l/m² baino gehiago meta baitaitezke 24 orduan Kantauri isurialdeko zenbait puntutan, haizeagatik haizeguneetan 03:00etatik 15:00etara, 100 km/h-tik gorako boladak izan baitaitezke, eta 70-80 km/h-koak haizeguneak ez diren lekuetan, eta kostaldeko inpaktuagatik 17:00etatik 18:00etara bitartean.

Euskalmeten arabera, “Ivo” borraskak, lehenengo itsasotik eta ondoren EAEtik igarotzean, egoera zaila ekarriko du, bai itsasoan bai barnealdean. Gainera, borraskarekin batera iritsiko den fronte-sistemak euri asko ekarriko du, ekaitzekin eta txingorrarekin batera.

Ipar-mendebaldeko haizearen ondorioz, tenperaturek behera egingo dute eta elur-maila, beraz, 1.000 metro inguruan koka daiteke bihar gauetik aurrera.

Eguraldiaren txartze hori iragankorra izango da; izan ere, litekeena da etzitik, ostiraletik, aurrera, goi-presioak nagusitzen joatea. Ez da espero Ivo borraskaren atzetik borraska gehiago iritsiko direnik, eta eguraldia baretzen joango dela espero da, beraz.

Gomendioak

Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen, berrikusi amarrak eta aldendu olatuak lehertzen diren lekuetatik (harkaitzak, kai-muturrak, kaiak).

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.