Imanol Pradales lehendakariak Bruselan egindako egonaldiaren balantze positiboa egin du. Bertan, Europako maila politiko goreneko hainbat bilera egin ditu, Europako hiriburuan euskal agendari eragiten dioten gaiak defendatzeko. Bigarren bidaia ofiziala Bruselara, Ursula Von der Leyen buru duen Batzordea berritu ondoren. Imanol Pradalesek ezinbestekotzat jo du, kontinentearen diseinu politikoa, ekonomikoa eta estrategikoa Europan birdefinitzen ari direlako.
Lehendakariaren iritziz, Euskadik Madrilen eta Bruselan egon behar du, bi hiriburuetan euskal gizartearen interesak jokoan dauden mahaiak baitaude. «Euskadik euskaldunen interesak jokoan dauden tokian egon behar du. Zuzenean eragiten diguten erabakiak hartzen diren mahaietan egotea. Erabaki horien arduradunekin egotea eta konplizitateak eta aliantza politikoak ehuntzea», errepikatu du lehendakariak Bruselara egindako bidaian.
Lehendakariak gogorarazi duenez, aldaketa-une horiek Euskadiren ahotsa eremu guztietan entzutea eskatzen dute. «Hori da Batasuneko hiriburura ekarri gaituen arrazoi nagusia. Lan bilerak, iritzi trukeak eta industria, finantzaketa, trantsizio energetikoa, konektibitatea, etxebizitza, Makroeskualde Atlantikoa edo euskarari buruzko eztabaidarako bi egun bizi izan dira», esan du.
Izan ere, Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, garrantzitsua da Euskadi mundura ateratzea eta bertan aktiboki parte hartzea. Ikuspegi horren ildotik, joan den urtarrilaren 21ean Pasaian aurkeztutako «Euskadi Globala» estrategia ekarri du gogora. Estrategia horren bidez, Eusko Jaurlaritzak nazioartean duen presentzia eta hazkundea indartu nahi ditu.
Funtsezko topaketak Europako liderrekin
Bruselan duen agendaren esparruan, lehendakariak funtsezko bilerak egin ditu Europako liderrekin. Gaur, asteazkena, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentearekin bildu da, Europako euskal agendaren funtsezko gaiak aztertzeko, hala nola Makroeskualde Atlantikoa, EBren gobernantza, demokrazia, konektibitatea, Europaren birsortze industriala eta finantzaketa-sistema.
Era berean, Euskadirentzat estrategikoak diren gaiak jorratu ditu Europako Batzorde berriko ordezkariekin. Topaketa horien artean, nabarmentzekoa da Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioarekin egindako bilera, Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarekin batera.
Alain Rousset Nouvelle Aquitaineko presidentearekin batera, Euskadi Europatik deskonektatuta mantentzen duen trenbide-korridore atlantikoan pilatutako atzerapenek eragindako kezka helarazi dio. Horri dagokionez, komisarioak konpromisoa erakutsi du beste bilera bat antolatzeko Philippe Tabarot Frantziako Gobernuko Garraio ministroarekin, Alain Roussetekin eta Lehendakariarekin, Hendaia Abiadura Handiko Trenaren lotura bultzatzeko. Teresa Ribera presidenteorde exekutiboarekin ere bildu da, industria-lehiakortasunari eta deskarbonizazioaren eta trantsizio energetikoaren ondoriozko aukerei buruzko iritziak partekatzeko. Topaketa honek Imanol Pradalesengan utzi du gogoeta: Europa ohartzen da Euskadi, tamainagatik eta enpresa-dentsitateagatik, laborategi bikaina da lehiakortasuna hobetzen saiatzeko, deskarbonizazio industrialaren aldeko apustua aprobetxatuz.
Lehendakariak mahai gainean jarri duen beste erronketako bat kohesio-funtsak diseinatzeko beharra izan da, Euskadiren beharrak eta estaturik gabeko beste nazio eta eskualde batzuen ahotsa kontuan hartuta, industria-lehiakortasunera bideratzeaz gain. Gai hori Raffaele Fitto Europako Batzordeko kohesio politikarako presidenteordearekin eta Piotr Serafin Europako Aurrekontu komisarioarekin izandako bileretan aztertu da.
Gainera, Martin Hojsik Europako Parlamentuko presidenteordearekin egindako bileran, lehendakariak euskararen erabilera defendatu du Europako Ganberako osoko bilkuretan.
Azkenik, Pradalesek azpimarratu du beharrezkoa dela Europako sorrera-printzipioak bultzatzea: «Europa osatzen duten herrietatik eraikitako Europa. Oso europazaleak sentitzen garelako eta behetik gora eraikitako proiektua indartzearen alde gaudelako. Euskadi bezalako estaturik gabeko nazioek ekarpen handia egin behar diogu proiektu partekatu honi». «Horregatik, euskal agenda elikatzen jarraitu behar dugu Bruselan», amaitu du.