Mikel Jauregi sailburuak ACICAE —Euskadiko Automobilgintzako Klusterra— bisitatu du

0

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik ACICAE – Euskadiko Automobilgintzako Klusterra bisitatu du Zornotzako Boroa Enpresa Parkean, bertan egiten diren jarduerak bertatik bertara ezagutzeko. EAEko ekonomiarentzat hain garrantzitsua den automobilgintzaren sektorea dinamizatzea du helburu erakunde horrek, enpresen arteko lankidetza bultzatuz etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hala nola deskarbonizazioa, mugikortasun elektrikoa, ibilgailu adimenduna eta konektatua, eta fabrikazio modu berriak, besteak beste.

ACICAEren izenean, bertako presidente Leire Martinez eta bertako zuzendari nagusi Ines Anitua izan dira sailburuarekin. Jauregi sailburuaren aldamenean, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain egon da.

Elkarrekin bisitatu dute AIC – Automotive Intelligence Center, 60.000 metro karratuko berrikuntza-zentro irekia, simulazioarekin, konektagarritasunarekin, elektrifikazioarekin eta fabrikazio aurreratuarekin lotutako jarduerak hartzen dituena, mugikortasunerako soluzio berrien esparruan.  Bertan, ACICAEren jarduera nagusiak ezagutu ahal izan dituzte, AICen lankidetza-proiektuen guneak eta konpetentzia-zentroak bisitatu ahal izan dituzte, eta CIE Automotive-ren instalazioak —AICn barruan dauden eta Automobilgintzako Klusterrarekin elkartuta dauden enpresetako bat— ikusi dituzte.

ACICAE Europako automobilgintzako lehen klusterra da, eta eredu aitzindaria. 1993an eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, sektorearen ikuspegi estrategikoa hobetzeko, enpresei merkatu eta bezero berrietara heltzen laguntzeko, balio-kate osoan lankidetza sustatzeko, sektorearen eta konpainien I+G maila handitzeko, eta sektorearentzat balio erantsia duten tokiko, nazioko eta nazioarteko proiektuak erakartzeko.

ACICAE – Euskadiko Automobilgintzako Klusterrak 300 enpresa —atzerriko kapitaleko multinazionalak, tokiko multinazionalak, kooperatibak edo familia-enpresak— ordezkatzen ditu gaur egun; enpresa horiek 2023an kopuru historikoa fakturatu zuten, 25 mila milioi eurotik gora. Guztira, 740 produkzio-instalazio dituzte nazioartean, eta 140.000 langile baino gehiago; horietatik 38.480, Euskal Autonomia Erkidegoan. Ekarpen esanguratsua egiten dio I+G+b-ri; hala, enpresek % 3,5 inguru bideratu dute arlo horretara.

Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, “automobilgintza euskal industrian sektore garrantzitsua da, eta ekarpen nabarmena egiten dio gure ekonomiari, enplegua eta ongizatea sortuz. Gaur egun nazioartean bizi den ziurgabetasunak eta deskarbonizazio-helburuek erronka garrantzitsuak eragiten dituzte sektorearentzat. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ACICAEn ordezkatuta dauden enpresekin batera lanean jarraituko du, etorkizuneko erronka horiei berrikuntzaren, ikerketaren eta teknologiaren bidez erantzuteko. Europan mota honetako lehen klusterra sortzen aitzindariak izan ginen bezala, etorkizunaren nondik norakoa zehazteko orduan ere aitzindariak izan gaitezke”.

“Etorkizunari begira ekimen garrantzitsuak ditugu automobilgintzaren eraldaketa babesteko, lankidetza publiko-pribatuko eredu batean oinarrituta. Alde batetik, Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, Mercedes-Benz enpresarekin, ibilgailu elektrifikatu eta autonomoen belaunaldi berriaren industrializazio digitalizatua bultzatzeko. Bestetik, BasqueCCAM – Mugikortasun Konektatuaren Euskal Zentroa, I+G eta berrikuntzako ekosistema bat sortzera bideratua, mugikortasun konektatu, kooperatibo eta autonomorako teknologiak eta soluzioak bultzatzeko. Euskadi Europako berrindustrializazioaren aitzindari izan daitekeela aldarrikatzen dugu; kasu honetan, Europako automobil-industriari etorkizun lehiakorra eskainiz. Horretarako, industria-sare indartsua eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ekimen garrantzitsuak ditugu. Azken finean, industria gehiagoren, industria hobearen eta emisio gutxiagoren alde egiten dugu”, gaineratu du sailburuakro.