Administrazio inklusiboago eta berdinzaleago baten aldeko urratsak

0

Administrazio publikoak adimen-urritasuna duten pertsonen lan-inklusioaren alde beste urrats bat egin du. Datozen hilabeteetan adimen-urritasuna  duten sei pertsona sartuko dira orgako funtzionario gisa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak, enplegu publikoaren arloan, urteak daramatza desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aitorpenean eta gizarte-inklusioan aurrera egiteko laneratze-politikak diseinatzen eta sustatzen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak lankidetza-hitzarmena sinatu du gaur hainbat elkarterekin adimen-desgaitasuna duten pertsonen laneratze-prozesua errazteko, horien artean: Apnabi Autismo Bizkaia; Gaude; Euskadiko Down-en Sindromearen Fundazioa; Lantegi Batuak eta Gureak.

Lanpostura egokitzeko laguntza

Hitzarmenaren helburu nagusia da Administrazioan lanean hasiko diren adimen- urritasuna duten pertsonei beren lanpostura egokitzen laguntzea.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak lehen aipatutako erakundeen laguntza izango du zeregin horretan. Funtzionario berriek beren lanpostua hartu aurretik, lanpostu bakoitza identifikatu eta xehetasunez aztertu da, eta, orain, langileak lanpostu berrira egokitu daitezen errazteko neurriak ezarriko dira. Halaber, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak garatuko dira, eta langile berriek aholkularitza, laguntza pertsonalizatua eta banakako laguntza-plana izango dituzte.

Ubarretxena sailburuak nabarmendu duenez, «hitzarmen honi esker adimen-urritasuna duten pertsonen lan- eta gizarte-inklusioan aurrera egiten jarraituko dugu,  Administrazioaren eta guztiz beharrezkoa den lan eskerga egiten duen Hirugarren Sektorearen arteko lankidetza sendotuz,  administrazio eta gizarte inklusiboago eta berdinzaleago baten alde egin dezagun”. Ildo horretan, sailburuak konpromisoa hartu du norabide berean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, desgaitasuna duten pertsonentzat plazak gordeko dituen egituratutako Lan Eskaintza Publikoak deituz.

Elkarte sinatzaileek, positiboki baloratu dute Eusko Jaurlaritzaren enplegu publikoaren lehen deialdi hau, eta adierazi dute enplegu publiko inklusiboagoaren alde aurrerapauso garrantzitsua dela. Zentzu horretan, nabarmendu dute eragileen arteko elkarlana, eta administrazio publikoaren eta hirugarren sektorearen artean ekintza bateratuak sustatzea ezinbestekoak direla enplegu publikoaren alorrean desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna bermatzeko.