Alberto Alonsok herritartasuna eraikiko duen memoria kritiko eta gogoetatsua aldarrikatu du

0

«Gaur ahaztutako biktimen kolektibo bat gogoratzen dugu, Gerra Zibilaren eta ondoren etorritako errepresioaren testuinguruan, bai Gernikan eta bai Euskadin”. Hala mintzatu da Alberto Alonso, Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, 1938 eta 1940 bitartean Gernikako Gerrako Presoen Ospitale Militarra izan zen hartan hil ziren pertsonei buruz. «Gerra baten inpaktua, kontzentrazio-esparru batean igarotako denbora, esklabo-lana eta asistentziarik ezak eragindako gaixotasuna pairatu behar izan zituzten biktimak, bizia galdu arte».

Alonsok azpimarratu du ahanztura gainditu behar dela eta ahotsa altxatu «berriro ere bizikidetza gorrotoz, faltsukeriaz, sektarismoz eta intolerantziaz pozoitu nahi dutenen aurrean», biktimekiko zorra da lehenengo, bere iritziz, eta belaunaldi berriekiko zorra  ere bai: «belaunaldi berriek beren memoria jakin, ezagutu eta eraiki behar dute, modu kritiko eta gogoetatsuan. Etorkizuneko herritartasuna eraiki behar dute iraganari galderak eginez, ezin diegu utzi erdizkako egia, isiltasun eta dogma zalantzagarriz jositako kontakizun bat «.

Gogora Institutuko zuzendariak, Fernando Martínez Memoria Demokratikoko estatu-idazkariarekin eta José Mari Gorroño alkatearekin batera hitz egin du, erakundeen aldetik egin diren hitzartzeetan. Gaur goizean izan da, Gernikan, 1938 eta 1940 arteko Gerrako Presoen Ospitale Militarraren eraikina, gaur egun Gernikako Bigarren Hezkuntzako Zentroa dena, ‘Memoria-Leku’ gisa izendatzen duen informazio-panela aurkezteko.

Gernikako Pipergorri Kultur Elkartearen ekimenez, gaurko ekitaldiak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzaren eta Udalaren babesa du.

Alberto Alonsok memoria-elkarteen jarduna eta lan ona aitortu ditu, gaurkoan, Pipergorri eta Gernikazarrari erreferentzia eginez, «euren konpromiso eta lanari zor diogu, arlo askotan, gaur egun dugun ezagutza».

Ospitale Militarrean hildako biktimak duintzeko ekintza horri gehitu behar zaizkio aldez aurretik ildo horretan egindako jarduerak: Gernikazarra eta Pipergorri elkarteek egindako ikerketa historiko dokumentaleko lanak, argitalpen batean jasoak, eta José Ibarrolak biktima horien omenez Zalloko udal hilerrian egindako ‘269. Memoriala’.

José Mari Sahelices eta Amagoia López de Larrucea Pipergorriko kideek ere parte hartu dute ekitaldian, eta haiekin batera, Begoña Fernándezek, Constantino Fernándezen alabak, 1938ko urriaren 12an ospitalean tuberkulosiagatik hildako presoaren alabak. Hain zuzen ere, gaur aurkeztutako panelak Begoñak gaixo zegoen aita bisitatu zuenean emandako testigantzaren zati bat jasotzen du. Dakigunez, Begoñarena da ospitalea bisitatu zuen pertsona baten testigantza bizi bakarra.

«Ahizpa eta biok behin bakarrik joan ahal izan ginen bera ikustera (…) ia ezin nuen ezagutu zein ahul zegoen. Gogoan dut musu eman zigula eta malkoak begietan zituela esan ziola amari ‘ez itzazu abandonatu’. Eta hori izan zen nire aitaren amaiera niretzat. Hil zenean, beste bizitza bat hasi zen gure familiarentzat: senarrik gabeko bizitza amarentzat, eta aitarik gabeko bizitza guretzat «

Gaur egun, Ospitale Militarra hartu zuen eraikina Gernikako Bigarren Hezkuntzako zentroa da, eta bertako zuzendari Andoni Agirrek eta hainbat ikaslek hartu dute hitza ekitaldian. Alde artistikoan ere parte hartu dute, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleekin batera.

Memoria-lekua

Eraikina, 2024ko apirilaz geroztik, Gernikan deklaratutako ‘Memoria-lekuetako bat da− Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzaren 2024ko martxoaren 13ko Erabakiaren bidez Gernikan aitortua−, Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legea aplikatuz.

Gernikako Gerrako Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) Agustindarren Ikastetxe zaharrean egon zen (gaur egun Gernikako Bigarren Hezkuntzako Institutua). Ospitale militar horretan 269 preso errepublikar hil ziren, gutxienez, gaixotasun infekziosoen ondorioz ( % 80 tuberkulosia) 1938ko ekainaren 2tik 1940ko ekainaren 3ra, gerra garaian eta gerra amaitu ondoren, bakardadean, beren lurretatik urrun eta gaixorik.

Hildakoak Zalloko Udal Hilerrian lurperatu zituzten, eta bertan ‘269 Memoriala’ eraiki dute. Hildako presoen senideei, askotan, ez zieten heriotzaren berri eman, eta ‘desagertutzat’ jotzen zituzten, eta ia kasu guztietan ez zekiten nola eta zein egoeratan hil ziren.