Amaia Barredoren ustez, “Ministerioak indarrean dagoen azken prozesuan izandakoa baino ahots eta parte-hartze handiagoa eman behar die autonomia-erkidegoei hurrengo NPBa definitzean”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “Nekazaritza Ministerioak indarrean dagoen azken prozesuan izandakoa baino ahots eta parte-hartze handiagoa eman behar die autonomia-erkidegoei hurrengo Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) definitzean”.

“Euskadik, administrazioa sinplifikatzearen eta arintzearen beharra azpimarratzeaz gain,  baldintzak eskualdekatzea eskatu behar du.  Berriro diogu aukera eman behar digutela neurri jakin batzuk gure ustiategien eta ekoizpen-sistemen ezaugarrietara nola egokitu erabakitzeko, bai eta laguntzak, lurraren jabeetara eta titularretara bideratu ordez, sektorera bideratzearen aldeko gure apustua gauzatzeko ere”, zehaztu du Barredok gaur goizean ENBA nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuaren batzarrean.

Amaia Barredoren ustez, Euskadik badu “esku hartzeko bigarren bide bat berriki sortutako Europako Nekazaritza Kontseiluaren bidez, NPB berria aztertzeko.  Organo horretan, Europako Batzordeak Euromontana aukeratu du Kontseiluko nazioarteko 30 erakundeetako bat izateko, Euskadi kudeatzaileetako bat duen elkarte horrek arlo horretan esku hartzeko eta biziki lan egiteko aukera emango digu”.

Barredok, Raúl Pérez Iratxeta sailburuordeak lagunduta, ENBAren 33. batzarrean esku hartu du gaur goizean Oronaren auditorioan, eta bertan izan dira Karlos Ibarrondo, Iñaki Goenaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua den Xabier Arruti eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea ere. Urteko jarduerak gainbegiratzeaz eta urteko kontuak onartzeaz gain, Ixiar Arteaga, hogeita bost urtean ENBAren abokatua izan zena eta 2024ko martxoan hil zena omendu dute. Javier Lópezek, PROVACUNO behi-aziendaren haragiaren interprofesionaleko zuzendariak, haragiaren sektorearen gakoak laburbildu ditu.

NPB

“Batasun osoan lantzen ari diren Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) aldaketari dagokionez, aktiboki parte hartu dugu eta lagundu dugu Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien txostenen bidez, aldi pragmatiko honetan NPB malgutzen. Gure asmoa da Nekazaritza Ministerioarekin batera aktiboki parte hartzea NPB berria diseinatzeko prozesuan. Gainera, Ministerioak aditu gisa hautatu gaitu hurrengo aldia prestatzen aktiboki laguntzeko. Euskadiko gure administrazioko pertsona bat proposatu dugu haiei aholku emateko, eta dagoeneko astebete darama lanean aldi berrirako lehenengo txostenean”, zehaztu du Barredok.

“Europar Batasuna ematen ari den urratsak zehatz-mehatz jarraitzen dituzuenok egiaztatu ahal izango duzue, zorionez, lehen sektorearekin zerikusia duen guztiarekiko interes handiagoa piztu dela. Are gehiago Poloniako presidentetzarekin. Nekazaritza eta abeltzaintza –baita arrantza ere– positiboki birplanteatzen ari dira. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den Mercosurrekin lortutako akordioaren ondorioekin eta Estatu Batuek aktibatzen eta sustatzen dituzten politikekin”, adierazi die Amaia Barredok Hernanin elkartu diren ENBAko kideei.

Euskadiko nekazaritzaren arduradun nagusiaren esanetan, “lehen sektorearen jarduera, beharrak eta etorkizuna agerian geratzen dira nekazarien eta abeltzainen kolektiboak Europako hiriburuetan egiten dituen erreklamazioetan. Intsumoen eta energien prezioen gorabeherak eta ezegonkortasuna ezaugarri dituen nazioarteko egoerak eta Europako egoerari buruzko txosten batzuetan iaz iragarritako errentagarritasunaren eta lehiakortasunaren galerak, sektorearen mobilizazioekin batera, jarrera-aldaketak eragin dituzte Europako Batzordetik irten den gobernuan.  Orain jarraibide berriak ezarriko dira Ursula von Der Leyenen taldean, Christophe Hansen Elikadura eta Nekazaritzako komisario berriarekin.

Aldaketa-garaia

Amaia Barredoren ustez, “sektore ekonomikoek, eta horren barruan industriak, nekazaritzak, abeltzaintzak, landa-garapenak eta elikaduraren sektoreak, aldaketaren, birplanteamenduaren eta proposamen eta konponbide berrien garaia bizi dute. Industrian berrindustrializazioa aipatzen da, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan birmoldaketa berria. Aldaketa berri horietara egokitu behar dugu”.

“Hemen, Euskadin, sektoreak aldaketa asko bizi eta jasan ditu, bai eta etorkizunera begira eragina izan duten, eta izango duten, joerak ere. Horien artean nabarmentzen dira teknologizazioa eta digitalizazioa, belaunaldien arteko erreleboaren beharra, tokiko eta nazioarteko merkataritza-mugimendu berriak, klima-aldaketa eta elikagaien balio-kate osoan kalitate eta jasangarritasun handienaren beharra”, aipatu du Barredo sailburuak.

Joera aipagarrien artean, Amaia Barredok adierazi duenez, “erabat prest eta elkartuta egon behar dugu, eta gertutasunetik eta konplizitate osoz lan egin behar dugu gure sektorearekin Europar Batasun osoan. Horregatik, lehenik eta behin jakinarazten dizuet Sail honek, ni buruan naizela, sektoretik gertu egoteko borondate eta konpromiso irmoa duela, bai eta zuek guztiok eta zuen erakunde guztiak, bereziki ENBA, aintzat hartzekoa ere konpromisoen jarraipena egiteko eta Legegintzaldi honetan abian jarriko diren ekimenak kontsultatu eta kontrastatzeko”.

Amaia Barredok “Sailak sustatutako ekimen guztiak adostu nahi ditu, horietako asko sektoreko pertsonen eta erakundeen proposamenetatik eta ideietatik sortutakoak dira horiekin etengabe dugun harremanean, besteak beste esne-behien, haragitarako behi-aziendaren, baratzezaintzaren eta laborantza estentsiboaren azpi-sektoreen planak”. Sailburuak, beste gai batzuen artean, otsoek larre eta ukuiluetan artaldeei egindako erasoek sortutako egoerak eta mingain urdinaren kasuak ere aipatu ditu.