Bilboko Udalak iragarri du ofizialki sartuko dela Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko SOS Deiak larrialdien aplikazioan. Urrats hori “aurrerapauso garrantzitsua da larrialdien kudeaketan koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko, bai eta Bilboko herritarrei segurtasun- eta informazio-zerbitzuak emateko ere”. Halaxe azaldu dute Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak eta Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak.
Integrazio horri esker, bilbotarrek segurtasunarekin, osasunarekin, suteekin eta beste gorabehera batzuekin lotutako larrialdiak jakinarazi ahal izango dituzte zuzenean SOS Deiak 112 aplikaziotik. Aplikazio horrek ere bizkor konektatuko du larrialdietako eta segurtasuneko udal-zerbitzuekin. Horrela, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, eta Bilboko suhiltzaileek Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko eta Larrialdietako taldeekin batera egiten duten lana indartuko da; horren ondorioz, larrialdien kudeaketa hobetzea eta baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetuko da.
Arregik adierazi duenez, urrats horrek “indartu egiten du Bilboko herritarren segurtasunarekin eta ongizatearekin daukagun konpromisoa; izan ere, sistema horrek aukera emango digu eraginkorragoak izateko eta koordinatuago egoteko segurtasun-zerbitzuak ematen eta larrialdiak kudeatzen”. Gainera, zinegotziak adierazi duenez, “Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunean jasotako neurrietako bati ere erantzuten ari gara. Zehazki, poliziaren erronka teknologikoari aurre egiteko Estrategia Digitalaren Planari buruz ari naiz. Plan horren bidez, tresna modernoak eskaini nahi ditugu, bikoiztasunak saihestu, eta bermatu nahi dugu arloko profesionalek eta herritarrek kalitate-estandar altuenak betetzen dituen larrialdi-sistema bat izango dutela”.
Segurtasun Sailaren aldetik, Joana Egiluzek hauxe adierazi du: “112-SOS Deiak aplikazioa doako aplikazioa da, eta 112 telefonoko operadoreekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu, botoi bat sakatuta”. Sailburuordeak azpimarratu du, halaber, oso garrantzitsua dela aplikazioak larrialdia geolokalizatzea, “larrialdi-zerbitzuen berehalako erantzuna errazten baitu, eta denok dakigu larrialdietan azkar eta egoki jokatzeak biziak salba ditzakeela”.
SOS Deiak-era igarotzeak Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza instituzionala indartzeaz gain (jasota baitago Segurtasunaren aldeko Itunean), larrialdia denean, hau da, gehien behar denean, herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzen du.
Zehazki, aukera ematen du 112 telefonora deitzeko edo ahotsik gabeko abisu bat emateko. Abisu horren bidez, istripu baten, larrialdi mediko baten edo sute baten berri eman daiteke, edo poliziarekin zuzenean harremanetan jarri edozein motatako lapurreta edo eraso batengatik.
Gure larrialdi pertsonalizatua hautatzeko eta aplikazioaren azalean sartzeko aukera ere ematen du. Adibidez, 38 aukeren artean, genero-indarkeria, sexu-erasoa, lapurreta, mehatxua, gas-ihesa, erredurak, intoxikazioak, bularreko mina, eztarria trabatzea, hausturak, konbultsioak, odoljarioak, berehalako erditzea, trafiko-istripua, istripua etxebizitzan edo kalean, igogailuan itxita, uretako salbamendua eta abarrak hautatzeko aukera ematen du.
KOORDINAZIOA ETA ERANTZUN-DENBORAK HOBETZEA
Bilbo SOS DEIAKen aplikazioan integratzearen helburua da herritarrei larrialdiak kudeatzeko aplikazio sendoagoa, irisgarriagoa eta eraginkorragoa eskaintzea, larrialdi-egoeren aurreko koordinazioa eta erantzun-denborak hobetzeko.
Tresna hori eskuragarri dago mugikorretarako eta erabiltzaileei larrialdiak jakinarazteko aukera ematen die, botoi bat sakatuta; horrela, posizioa modu automatikoan geolokalizatzen da eta funtsezko informazioa ematen da.
Aplikazioa intuitiboa eta eleaniztuna da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat diseinatutako funtzioak dauzka, esaterako entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako testuen bidez komunikatzeko aukera, haien segurtasuna bermatzeko.
Abantaila nagusiak:
- Larrialdien kudeaketa azkarra eta eraginkorra.
- Abisu zuzena 112ra: Erabiltzaileek klik bakarra eginda jarriko dira harremanetan larrialdi-zerbitzuarekin eta automatikoki bidaliko dute haien kokapena, deirik egin beharrik gabe.
- Geolokalizazio zehatza: Laguntza eskatzen duen pertsonaren kokapen zehatza identifikatzeko aukera ematen du, baita non dagoen ezin badu deskribatu ere.
- Irisgarritasuna:
- Entzuteko edo/eta ikusteko desgaitasuna daukaten pertsonentzako aukerak. Ahots-deiez gain, aplikazioak testu-mezuak bidaltzeko aukera ere ematen du eta hori baliagarria da entzuteko edo hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonen kasuan. Halaber, erabilgarria da hitz egitea ezinezkoa den egoeretan (adibidez, lapurreta batean edo sute batean).
- Diseinu intuitiboa: Interfazea erabiltzea erraza da eta edonork larrialdiren baten berri arazorik gabe eman dezakeela bermatzen du, baita estres-egoeretan ere.
- Komunikazio aurreratua.
- Informazio gehigarria bidaltzea: Erabiltzaileek larrialdiari buruzko datu gehigarriak bidal ditzakete, esate baterako gertaeraren deskribapenak edo argazkiak; horrela, segurtasun- edo erreskate-zerbitzuen erantzuteko gaitasuna hobetzen da.
- Jakinarazpenak denbora errealean egitea: Aplikazioak berehalako komunikazioa errazten du larrialdi-zerbitzuarekin, eta horrek egoerari buruzko informazio eguneratua transmititzeko eta jarraibideak denbora errealean jasotzeko aukera ematen du.
- Alerta-sistema: Aplikazioak larrialdi-egoerei edo beren inguruneko gertaera garrantzitsuei buruzko alertak bidal diezazkieke erabiltzaileei, segurtasun publikoa hobetuz.
ERASTOP-EN BAJA
Eusko Jaurlaritzaren sisteman sartzeak berekin ekarriko du Erastop aplikazioari baja ematea Bilbon (otsailaren 9an). Udalak azken urteotan aplikazio horren erabilera sustatu du eraso matxistei aurre egiteko.
Arregi zinegotziak azaldu du: “Erastopen funtzioak bere gain hartzen eta hobetzen ditu 112 SOS Deiak aplikazioak; izan ere, atal berezia dauka horrelako erasoei erantzuteko eta herritarrei tresna sendoa eskaintzen die, Euskal Autonomia Erkidego osoan martxan dagoena, horrelako eraso bat jasatekotan berehala laguntza eskatu eta jasotzeko”. Eta horregatik, “erabilera sustatuko dugu, bai maila orokorrean, bai Udaltzaingoaren Biktimei Arreta eta Babesa Emateko Ikuskaritzak zuzenean artatzen dituen emakumeen kasuan bereziki”.
Izan ere, Udaltzaingoak artatzen dituen emakumeei telefonoz deituko zaie gaur hasita, aplikazioaren aldaketaren berri emateko. Eta mugikorrean Erastop daukaten Bilboko pertsona guztiei mezu bat helaraziko zaie SOS Deiak-eko aplikazioa deskargatzeko gomendatuz.
Era berean, Segurtasun eta Berdintasun sailak elkarlanean ari dira mezu hori uriko emakumeen elkarteei eta kolektiboei helarazteko.
Erastopek ez bezala, 112 SOS Deiak aplikazioak sistema hau herritar guztientzako formula inklusibo bihurtzen duten funtzionaltasunak dauzka, alerta geolokalizatuak bidaltzeko, larrialdiak pertsonalizatzeko eta «Bide Segurua» funtzioa txertatzeko aukera emateaz gain.