Gaur hasi da Barcelona Wine Week 2025 azokaren bosgarren edizioa, sustapen-puntu estrategiko gisa finkatu dena Espainiako upategi onenentzat. Euskadiko 35 enpresa ekoizlek parte hartuko dute azoka horretan Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta HAZI Fundazioaren antolaketaren bidez. Inoiz baino gehiago izango dira Arabako Errioxako ardoak, Arabako, Bizkaiko eta Getariako txakolinak eta Jatorri Deitura gisa bigarren aldiz parte hartuko duen Euskadiko Sagardoa ordezkatzen dituzten Euskadiko upategiak.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritzako sailburuak, Raúl Perez Iratxeta Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearekin eta Nora Beltrán de Otaola Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren babesa adierazi die mahastizaintza eta ardogintza sektoreko azoka garrantzitsu horretan parte hartzen duten 45 upategiei.
Amaia Barredo Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroa buru izan duen Barcelona Wine Week edizioaren inaugurazio-ekitaldian izan da, Galiziako, Kataluniako eta Errioxako beste kontseilari batzuekin batera. EDA Wine and Drinks Campusen aurkezpenean ere esku hartu du, eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearen mendeurreneko ekitaldian ere izan da.
Azokara egin duen bisitan, Barredok azpimarratu du azokak nazioarteko erakusleiho gisa duen garrantzia merkataritza-aukera berriak irekitzeko, sektoreko banatzaileen, jatetxe-jabeen eta profesionalen arteko lotura indartzeko eta Euskadiko ardoen eta sagardoaren kanpo-proiekzioa sendotzeko. “Euskal Herriak ehun urtetik gorako tradizioa du ardogintzan, eta hainbat belaunaldiren lana berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin uztartzen jakin du, kalitate handiko eta nortasun bereziko ardoak sortuz. Gure upategien bikaintasunak, horietako ardoen berezitasunarekin batera, merkatuan erreferente gisa kokatzen gaitu, eta nazioartean hazten jarraitzeko aukera berriak irekitzen dizkigu”, adierazi du sailburuak.
EDA
Bartzelonako azokaren inaugurazio instituzionalaren ostean, EDA Drinks & Wine Campus aurkeztu da. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako Basque Culinary Centerren proiektu horrek ardoaren eta edarien sektorea indartuko du prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzari emandako laguntzaren bidez, joan den astean bere prestakuntza-eskaintzarekin jakitera eman zuen bezala.
“Ez da sekretua landak, mahastiek, upategiek eta ardoaren garapen komertzial osoak une zailak bizi dituztela Euskadin, Katalunian eta Europar Batasun osoan, baina gauzak ondo eginez gero gainditzeko modukoak dira. Lehen sektorearen erronkak herri mailako erronkak dira, eta horrela heltzen diegu eta horrela kudeatzen ditugu”, esan du Amaia Barredok.
Sailburuak adierazi duenez, “Arabako Errioxak Euskadin gure tradizioa eta lehen sektorearekiko lotura irudikatzen ditu, gure funtsa eta bikaintasunaren aldeko gure kultura da, herri gisa dugun nortasunaren erakusgarri bikaina. Lehen sektorea gure gizartearen oinarrizko zutarria da. Landa-inguruaren eta hiri-inguruaren arteko aurrerapenak orekatua izan behar du”.
Euskadiko upategiak
Euskadiko upategiek azokako “BWW Lands” izeneko guneko hiru standetan aurkeztuko dituzte euren produktuak, gune hori 70 jatorri-deitura baino gehiagotan eta beste kalitate-zigilu batzuetan bilduta dauden upategi txiki eta ertainentzat da.
Arabako Errioxako ardoen standak Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua duten 25 upategi hartzen ditu; Euskadiko Txakolinaren standak 16 txakolin-upategi, horietako 9 Getaria jatorri-deiturakoak, 3 Araba jatorri-deiturakoak eta 4 Bizkaia jatorri-deiturakoak. Euskal Sagardoaren standak 4 sagardotegi hartzen ditu.
Iaz jende asko bildu zenez, aurtengo edizioan, Euskadiko espazioak Basque Wine Bar gunea izango du, Basque Wine sustapen-markaren babespean dauden ardoak erakusteko eta dastatzeko izango dena, eta bertan Euskadiko upategiek arreta pertsonalizatua eta espezifikoa eskainiko dute ardoak modu indibidualean balioesteko.
Basque Wine Bar gunean Mikel Garaizabal aditu enologoa izango da gunean jendeari erakutsitako ardoei buruzko oharrak egiteko eta aholkua emateko. Ardoetako batekiko interesa duen bisitaria, beraz, upategi ekoizlea dagoen standera hurbildu ahal izango da.
Parte-hartze handia
Barcelona Wine Week azoka gaur hasi eta asteazkenera, otsailak 5era, arte egingo da Bartzelonako Montjuic azokagunean. Edizio honetan azoka % 31 hazi da, eta 9.500 m2-ko erakustokia izango du, enpresek parte hartzeko egindako eskariak gora izanaren ondorioz.
Aurten azokak errekorrak hautsi ditu, eta 1.100 upategi baino gehiago elkartu ditu. Upategi horiek Estatuko merkatuko kalitate handieneko produktuak aurkeztuko dituzte eta hiru egun hauetan 24.000 bisitari profesionalekin baino gehiagorekin izango dituzte harreman komertzialak.
Alde horretatik, herrialde estrategikoetako 700 erosle eta inportatzailek baino gehiagok parte hartuko dute, horietako batzuk Europako helmuga tradizionalak dira, baina baita Estatu Batuak, Kanada, Txina, Mexiko, Japonia, Brasil, Kolonbia edo Hego Korea ere. Horiei batuko zaizkie BWWk VIP Buyers programaren bidez gonbidatutako Estatu osoko 1.000 erosle inguru.
BWWn Eusko Jaurlaritzak antolatuta parte hartuko duten Euskadiko upategiak
Arabako Errioxako – Errioxa JDK-ko upategiak: Ukan, Sierra de Toloño, Bello Berganzo upategia, Garcia de Olano, Hermanos Frias del Val, Familia Chavarri upategia, Ostatu, Loli Casado upategia, Fos upategia, Señorío de Arana, Tierra upategia, Valdelana upategia, La Marquesa – Valserrano upategia, Ramón Sáenz Organic Wines & Vineyards, Casa Primicia upategia, Eguren Ugarte, Casado Morales upategia eta mahastiak, Ruiz de Viñaspre upategia, Heredad de Aduna upategia, Valdemar Family, Altún, Oxer Wines, Pujanza upategia, Luberri Monje Amesto, Saizar taldea
Txakolin Upategiak
Artomaña Txakolina – Arabako Txakolina JD, Astobiza – Arabako Txakolina JD, Garate Txakolina – Arabako Txakolina JD, Berroja Txakoli upategia – Bizkaiko Txakolina JD, Virgen De Lorea upategia – Bizkaiko Txakolina JD, Lure Wines – Bizkaiko Txakolina JD, Talleri Berria upategia eta mahastiak – Bizkaiko Txakolina JD, Txomin Etxaniz – Getariako Txakolina JD, Aitaren upategia – Getariako Txakolina JD, Gaintza Txakolina – Getariako Txakolina JD, Rezabal – Getariako Txakolina JD, Talai Berri Txakolina – Getariako Txakolina JD, Mokoroa Txakolina – Getariako Txakolina JD, K5 upategia – Getariako Txakolina JD, Ameztoi Txakolina – Getariako Txakolina JD, Hika upategia – Getariako Txakolina JD
Euskal Sagardoa
Bereziartua Sagardoak, Petritegi, Zapiain eta Saizar taldea