Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak Zaramaga auzoko hiri-berroneratze lanak bisitatu dituzte gaur. Esku-hartze enblematikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak birgaitzeko proiektu handiena da bolumenari dagokionez, guztira 332 etxebizitza hartzen baititu 22 ataritan banatuta. Ikuspegi integral batekin, jarduketen artean daude energia-birgaitzea eta irisgarritasuna eraikinetan, azpiegitura berdea hobetzea eta energia-komunitateak sortzea; horrela, Eusko Jaurlaritzak herritarren ongizatearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten da.
Obrak joan zen irailean hasi ziren auzoko lau komunitatetan, eta dagoeneko bistan daude Zaramagako 8 eraikinetako fatxadetan jarritako aldamioekin. Hobekuntza horiek 31,5 milioi euroko inbertsioa dakarte funts autonomikoen eta udal-funtsen artean; horietatik 24,9 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta gainerako 6,6 milioiak, Gasteizko Udalak. Bi erakundeek inbertitutako guztizkoari auzokideen aurreikusitako ekarpena gehitu beharko litzaioke, gehienez 2,9 milioi eurora iritsiko dena.
Bere hitzaldian, Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, «Gasteizko Zaramaga auzoaren berroneratze integralerako operazioa Eusko Jaurlaritza arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formula horren barruan egiten ari den garrantzi handikoena da; Opengela bulegoen bidez bizilagunei laguntza eta aholkularitza ematea barne hartuta». Eta azpimarratu duenez, «Zaramaga gure auzoetarako nahi dugunaren adibide bat da: ingurune irisgarriak, jasangarriak eta bertan bizi direnei bizi-kalitatea eskaintzen dietenak». Sailburuaren arabera, «proiektu honek eraikinak eraldatzeaz gain, bizitzak eraldatzen ditu». Ildo horretan, obrak bisitatzen ari ziren bitartean, sailburuak adierazi du «Jaurlaritza garen aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 21 udalerritako 25 auzotan horrelako ekimenen buru izaten jarraitzeko asmoa dugula». Itxasoren ustez, formula hori Europa osoan erreplika daiteke, eta aurreratu duenez, «Eusko Jaurlaritzak borondatea du Europako erakundeetan azaltzeko, arrakasta-eredu gisa har dezaten, duen kapilaritateagatik, partaidetzagatik eta eraginkortasunagatik».
Bestalde, Maider Etxebarriak nabarmendu eta eskertu egin du «herritarrek Zaramaga biziberritzeko proiektu honen alde egiteko erakutsi duten inplikazioa”. Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, «bizi-kalitatea hobetu egingo da, eta dagoeneko martxan dauden esku-hartzeak baliatuko dira eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna % 60 baino gehiago hobetzeko. Eguneroko erosketak egiteko kalera jaistea edo bizilagunekin harremanak izatea bezalako eginkizun sinpleak indartu egingo dira igogailua jarriko duten komunitateetan hobekuntzak eginez», nabarmendu du.
Alkateak gogora ekarri du «udal-gobernuak Zaramaga auzo horren alde egindako apustua eta iaz jasotako bultzada, atxikitako komunitateei eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei 6,5 milioi euro ordainduta».
Obrak auzoko 8 etxetan jada ikus daitezke, eta aurreikusitako plangintzaren arabera egiten ari dira; Nafarroako Errege-Erreginen kaleko 28 zenbakidun eraikinaren fatxada berria udarako ikusgai egongo dela uste da, lanak amaituta egongo baitira», zehaztu du Etxebarriak.
Jarduketak Zaramagan: hiri-berroneratze eredu bat
Zaramaga Biziberritzeko Planak auzoaren eta bertako bizilagunen beharrei aurre egiteko diseinatutako funtsezko esku-hartzeak biltzen ditu:
- Bizitegi-eraikinen birgaitze sakona: 22 atariren hobekuntza integrala egiten ari dira; guztira 332 etxebizitza barne hartzen ditu. Obra horietan irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta suteen aurkako babesa hobetzea barne hartzen da, baita eraikinen eraikuntza-egonkortasuna eta -egokitzapena bermatzea ere.
- Hurbiltasuneko bulegoa: Opengela ereduan oinarrituta, Hurbiltasuneko Kudeaketarako Bulego Teknikoak bizilagunei laguntza ematen die birgaitze-prozesuan, komunikazio arina eta euskarri tekniko jarraitua bermatuz.
- Auzoko ekipamenduak: BIZAN Zaramaga zentroa osorik berrituko da eta Diego de Rojas kalean LAR Eguneko Arretarako zerbitzu berri bat eraikiko da, auzoko sare soziala indartzeko helburuarekin.
- Berrurbanizazioa: Espazio publikoko esku-hartzeen artean daude bizikleta-errei bat sortzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzea eta azpiegitura berdea hobetzea, mugikortasun jasangarria eta elkarguneak sustatuz.
- Energia-komunitateak: Plaka fotovoltaikoak instalatzen ari dira espazio publikotan eta autokontsumorako tokiko komunitateak sustatzen ari dira, energia-trantsizioaren aldeko apustu irmoa eginez.
- Digitalizazioa: Esku-hartze horren onuradun diren etxebizitzek eta eraikinek airearen kalitatea, energia-kontsumoa eta kudeaketa digitaleko sistemak monitorizatzeko sareak izango dituzte, eta mugarri bat izango dira modernizazio teknologikoan.
- Kultura eta paisaia: Programa sozialek, kultura-jarduerek eta muralak sortzeak osagai artistiko eta parte-hartzailea osatzen dute auzoa eraldatzeko prozesuan.
Konpromiso politiko eta soziala
«Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna Zaramaga bezalako auzoetatik igarotzen da, gure gizartearen espiritua sinbolizatzen baitute: lana, komunitatea eta aurrerapena. Gure hirietako auzo guztietan bizitzak hobera egitea nahi dugu, berrikuntza eta jasangarritasuna tradizioaren eta bizikidetzaren eskutik joan daitezen», adierazi du sailburuak.
Ahalegin hori Eusko Jaurlaritzaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Jaurlaritza 24.899.366,64 euro inbertitzen ari da esku-hartze horretan, Gasteizko Udalaren (6.637.178,27 euro) eta auzo-erkidegoen (2.871.184,04 euro) laguntzarekin batera.
Inpaktua eta etorkizuna
Itxasok nabarmendu duenez, «inbertsio horiek ez dira gastua, etorkizunaren aldeko apustua baizik. Urrats sendoak ematen ari gara desparekotasunak murrizteko, bidezko energia-trantsizioa sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidego kohesionatuagoa eraikitzeko «.
Zaramagakoa bezalako proiektuekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriak eta herriak biziberritzeko konpromisoa, jasangarritasuna, inklusioa eta pertsonen bizi-kalitatea uztartzen dituen hiri-garapeneko eredu baterantz aurrera eginez, eta bizilagunak erdigunean jarriz.
21 udalerritako 25 auzotan erreplika daitekeen eredua
Sailburuak gogorarazi du ekimen hori proiektu zabalago baten parte dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 21 udalerritan 25 auzo berroneratzea hartzen duela bere baitan, 170 milioi euro inguruko inbertsio historikoarekin, Next Generation UE funtsak barne. «Ondo diseinatutako politika publiko batek errealitateak eralda ditzakeela, eta zaharkitutako auzoak hobetu eta bizitzea merezi duen leku bihur ditzakeela erakusten ari gara», adierazi du Itxasok.
Gainera, sailburuak jarduketa horien izaera parte-hartzailea azpimarratu du: «Hiri-berroneratzea ez da kontu tekniko bat bakarrik; pertsonak erdigunean jartzen dituen prozesu bat da. Bizilagunei entzuten diegu, haien proposamenak gehitzen ditugu eta toki-administrazioekin batera lan egiten dugu esku-hartze bakoitzak lurraldearen benetako beharrei erantzuten diela bermatzeko».