Hezkuntza sailak laguntza eskaintzen die trans ikasleei eta haien senideei ikastetxeen bidez

0

Hezkuntza Sailak Naizen elkartearekin bat egin du, elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko gaur eguerdian Amurrion antolatu den ekitaldian.

Gaur eguerdian, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak, Lucia Torrealday Hezkuntza Politiketarako sailburuordeak eta Mikel Juaristi Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak parte hartu dute Naizen Euskal Herriko Adingabe Transexualen Familien Elkarteak antolatutako sari banaketan. Ekitaldia Amurrion izan da, eta Nafarroan LGTBI kolektiboaren alde lan egiten duten Katalingune eta Harrotu erakundeen lana aitortu eta ikusarazteko balio izan du.

Hezkuntza Sailak trans ikasleei eta haien senideei ematen dien laguntzak bide luzea egin du jada, eta duela gutxi indartu egin da laguntza-protokoloa eguneratzearekin. Hezkuntza Sailak informazioa eta prestakuntza eman die ikastetxeei, ikastetxeek ikasleen ongizatea lehenetsi dezaten eta, genero-adierazpenen arloan, ikasleen erritmoa, premiak eta eskaerak errespeta ditzaten.

“Pertsona bat jaiotzean esleitu zaion generoaz bestelako genero batekoa sentitzeak sufrimendua eragin dezake, eta ikasle horrek jasan dezakeen diskriminazioak hezkuntza-ibilbidean porrot egitea eragin dezake” adierazi du Pedrosa sailburuak. Adingabeak jaiotzean esleitutako genero-identitatearekin ados ez daudela adierazteak “zaurgarritasun bereziko” egoera ekar dezake, eta “integrazio-arazoak eta eskola-jazarpena” eragin ditzake. Trans haurrek jasan dezaketen gizarte-bazterketak, diskriminazioak edo transfobiak eskola uztera edo eskola-porrotera eraman ditzake.

Abian den protokoloa

Trans ikasleei eta haien senideei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeentzako protokoloak egoera horiei erantzun nahi die, eta eskola inklusiboaren beste alderdi bat garatu nahi du, aniztasunari adierazpen guztietan erantzun behar diona. Orientabideak eta esku-hartzeko jarraibideak ezartzen dira, hezkuntza-arreta egokia eman dadin trans ikasleak edo haren familiak eskatzen duenean jaiotzean esleitu zaionaz bestelako genero-identitatea (sentitzen dena edo adierazten dena) aitor diezaioten.

Eusko Jaurlaritzak, hortaz, modu aktiboan lagundu nahi du sexu- edo genero-aniztasuna duen adingabeari edozein motatako diskriminazioaz libre dagoen hezkuntza-testuinguru seguru eta askea eskain dakion. Gizarteratzearen, ekitatearen eta justizia sozialaren printzipioetatik abiatuta, inplementatu da Bizikasi ekimena, ikastetxeak bizikidetzarako espazio seguruak izan daitezen, jazarpen-egoeren aurrean zero tolerantzia duten espazioak izan daitezen.