2026ko martxoan ospatuko den Zelanda Berriko munduko txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duten bederatzi lagunak hautatuko dira; izan ere, 2023.urtean Ardi Moztaileen Euskal Selekzioak ofizialtasuna lortu zuen: Golden Shears Munduko Kontseiluak aho batez onartu zuen Euskal Herriari beste herrialdeekin batera lehiatzeko aukera ematea.
Euskal Herriko ardi-ile moztaileen Txapelketaren lehen edizioa irailaren 27an ospatuko da, Abadiñoko probalekuan. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) antolatutako txapelketak egun osoko egitarau oparoa izango du. Lehiak, erakustaldiak eta bestelako ekintzak jasoko ditu programak, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Besteen artean, ardi eta artile produktuak dituen azoka antolatuko da. Lagun artean zein familian gozatzeko aukera paregabea izango da.
Orotara, bost lehiaketa egingo dira: Euskal Herriko Txapelketa, Artazizko finala, Senior, Open eta Nazioarteko finala. Euskal Herriko zein nazioarteko ardi moztaileak lehian ikusteko aukera izango da; besteen artean, Espainiakoak, Frantziakoak eta Eskoziakoak. 50 moztaile inguruk 700 ardi moztea aurreikusten da.
Goizean, Abadiñoko probalekuaren ondoan egindako aurkezpenean, txapelketako antolatzaileak, babesleak eta laguntzaileak eman dituzte zehaztasunak. Besteen artean, bertan izan dira: Joseba Attard, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) presidentea, Angel Gurrutxaga, EKFB-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidentea, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Arantza Atutxa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua, Andoni Agirrebeitia, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria, Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Arantza Ariztimuño, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria, Rafa Bilbao, Abadiñoko Udaleko zinegotzia, Unzalu Salterain, Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko arduraduna, Juan Mari Tortorika, Urkiola Landa Garapeneko kudeatzailea, Txomin Uharte, Uharte-Arakilgo alkatea, Aitor Sola, Erromantzazuko alkatea eta Patxi Gaztelumendi, Gu ere bai!-ko bozeramailea.
Euskal Herriko txapelketa
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da 2025ean. Munduko kontseiluak jartzen dituen nazioarteko arauen araberako txapelketa izango da eta nazioarteko 8-10 epailek ebaluatuko dute moztaileen lana. Epaile nagusia Robbie Hislop eskoziarra izango da.
Are gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko duen selekzioa hautatzeko proba baliagarria izango da.
Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko duten taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztailek, guraizez arituko diren bi moztailek, artile kudeatzaile bik, talde burua, epailea eta entrenatzailea.
Hiru dira Euskal Herriko txapelketan ardi moztaileak lehiatuko diren modalitateak: makina, guraizea eta artile kudeaketa. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute; guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute; eta, aldiz, artile kudeaketan, moztutako artilea bereizteko prozesuan arituko dira lanean, erabilera komertzialerako prest egon dadin.
Halaber, 2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal moztaileak:
2025
- Apirilak 5: Le Merle (Frantzia). Makina eta
- Uztailak 2-13: Boussac (Frantzia). Makina eta artile
- Uztailak 19: Martel (Frantzia). Makina eta
- Uztailak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makina, guraizea eta artile
- Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria).
- Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria).
- Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketa (Abadiño-Euskal Herria). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.
2026
- Martxoak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Berria). Makina, guraizea eta artile kudeaketa.