Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailak 3.- Euskadiko eta Espainia, Frantzia, Alemania, Herbehereak, Italia, Korea, Argentina eta Australiako berrogei bat artistak eta taldek sortutako 21 argi-instalaziok Gasteizko kaleak, plazak eta eraikin enblematikoak aire zabaleko argi-museo iragankor bihurtuko dituzte otsailaren 14tik 16rako asteburuan, Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiaren laugarren edizioan.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Cristina González Foru Aldundiko diputatuorde nagusi eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko diputatuak, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Jon Urresti Fundación Vital Fundazioaren zuzendariak eta Carlos Torrijos Umbra Light Festival jaialdiaren zuzendariak gaur aurkeztu dituzte ibilbidea eta edizioko berritasun nagusiak Villa Suso Jauregian egin den ekitaldian.
Umbra Light Festival ARGIA 3 kultur elkarteak antolatzen du Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta bultzadarekin, eta hiru edizio bakarrik egin diren arren –2019ko otsailean, 2021eko azaroan eta 2023ko otsailean–, Estatuan eta nazioartean erreferente bihurtu da argi-artearen eta argi-jaialdien munduko eremu esperimental, teknologiko eta sozialean. Gainera, “argiaren artearen erreferente gisa sendotu da Estatuan eta nazioartean, eta Gasteiz bere epizentro bihurtu du”, azaldu du Hurtado sailburuak.
Ibilbideak Erdi Aroko Almendrako, Zabalguneko eta Lovainako plazak, eraikinak eta leku enblematikoak hartuko ditu, eta Koroatze, San Martin eta Anglo auzoetara hedatuko da, arte bisual digitalaren, hiri-espazioan egindako esku-hartzeen eta teknologia berrien mosaiko batekin. Edizio honen leloa, ARTEA BAKEA DA, Jon Fosserengan inspiratua, Villa Suso Jauregiaren fatxadan proiektatuko da, arteak pertsonak batzeko duen boterea nabarmenduz. Mezu hori izango da Juan Gómez-Cornejoren CAMPANAS DE PAZ lanaren ardatza, eta argi-sorten bidez Santa Maria Katedralaren eta San Migel eta San Bizente elizen kanpandorreak lotuko ditu, armonia eta denboraren joana sinbolizatuz.
Umbra Light jaialdiaren ibilbidean zehar, gasteiztarrek eta bisitariek hainbat argi-artelan ikusteko eta gozatzeko aukera izango dute, eta gizartearen orainari eta etorkizunari buruz hausnarketa egitera
gonbidatuko ditu, bai eta gaurkotasun beteko beste gai batzuei buruz ere, hala nola etorkizuneko hiriak, klima-aldaketa eta gizadiaren erronka premiazkoenak. “Umbrak hainbat balio ematen ditu, hala nola balio kulturala, kaleak abangoardiako arteaz dinamizatuz, sustapen-balioa lurraldeari eta hiriari, horien irudia sendotuz, eta balio ekonomikoa, bertako ekonomiari egiten dion ekarpenagatik bisitari berriak erakarriz eta bertako merkataritza eta ostalaritza suspertuz”, adierazi du Hurtado sailburuak.
Adibide bat da ¿ENTONCES?, Matthias Daenschel eta Max Knoth-en lana. Adimen artifizialaren bidez sortutako hiri futuristen irudiak dira, eta Plaza Berrian erakutsiko dira. Irudi horiek XXI. mendeko hirien garapen posiblea arakatzen dute, hainbat alderdi kontuan hartuta, hala nola, gizarte-harremanak, planeta berotzea, energia elektrikoa sortzea eta mugikortasun jasangarria.
Bertako artistak
Eyesberg Estudio eta José Vaaliña-ren 1.5 GRADOS lanak argi- eta musika-iceberg bat proiektatuko du Harresian, klima-krisiari aipamena eginez.
Santa Maria Katedralean, Josu Serraren RANGE IN BETWEEN lanak genero-binarismoa esploratuko du argiaren eta materiaren bidez. Bakea izango dute ardatza Alejandra Buenoren GUERRA Y PAZ lanak, Francisco de Juan Ayala plazan; Argia_3 Lab-en EMPATÍA lanak, Abendaño kalean; eta Inwo Smart AV & Pixel-On-en TRAZOS DE PAZ lanak, Artium Museoan.
Euskal kultura izango du protagonista Álvaro Luna eta Luis Miguel Coboren IZAROk. Eta dLux-Pro-ren PELOTARIk, Foruen Plazako pilotalekuan, emakumezko pilotariak aldarrikatuko ditu.
Murgiltze-instalazioek beteko dute hiria: Julien Menzel-en ECHO, Prado parkean; Luminariste bikotearen UN OISEAU DE PASSAGE, Fray Francisco de Vitoria pasealekuan; eta Tae Gon Kim-en DRESSES, Zulueta Jauregiaren lorategietan.
Eskultura zinetikoek distira egingo dute Nicky Assmann eta Joris Strijbos-en PARALLEL STRATA lanean. Josep Poblet-en LUX DOMUS Katedral berrian jarriko da, eta Ivo Schoofs eta Pepe Heijnen-en LARGE PENDULUM WAVE Probintziako Plazan.
Falerina lorategiek oroitzapenak gogora ekarriko dituzten argi-esferak izango dituen Amigo&Amigo-ren AFFINITY hartuko dute. Inzist-en HIGHLIGHT lanak laser-argiz egindako paisaia iragankorrez apainduko du Bendaña jauregia.
Azkenik, David Alcortaren SECUENCIAL lanak Piko Zuluetaren eta Koldo Mendanoren argazkiak proiektatuko ditu Aldabe Gizarte Etxeko fatxadan.
Ordutegia eta APPa
Jaialdia otsailaren 14tik 16ra bitartean egingo da, 19:00etatik 23:00etara, eta ATARIXIE eta O-rentzat ordutegi zabaldua izango da Europa Biltzar Jauregian, eta 16:30etik zabalik egongo dira. Berrikuntza gisa ibilbideei, instalazioei eta ordutegiei buruzko informazioa duen aplikazio bat jarri da abian eta QR bidez eskuragarri egongo da ekitaldiaren euskarrietan edo umbrafestival.com webgunean.
Light Art-en erreferente gisa sendotuta, Jaialdiak 2023an 100.000 pertsona baino gehiago erakarri zituen, eta hoteletako okupazioa % 95etik gorakoa izan zen. “Aukera horri esker, gure sektoreak, turismoa, ostalaritza eta merkataritza sustatzen jarrai dezakegu, turismo gutxiago dagoen garai honetan, desestazionalizazioan eta jasangarritasunean lagunduz”, azpimarratu du Hurtado sailburuak.
Hasi zenetik, Umbra Light Festival jaialdiak gora egin du inpaktu eta konpromiso sozialean: hiriko paisaiak, ingurumen-inpaktua (NBEren GJH) eta 2023an “Enpatia” esploratu zituen. ARGIA 3k antolatuta, erakunde publiko eta pribatuen babesa du.