Mugaz gaindiko mugikortasun jasangarri bultzada Irungo Pierre Loti oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berriarekin

0

Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du Pierre Loti oinezkoen eta bizikleten ibilbide berria Irunen; 1,2 km-ko ibilbidea, Plaiaundi kaletik abiatu eta Iparralde hiribidera iristen da, Ekoetxea ingurumen-zentroaren ondoan. Ibilbide berriak 3,4 milioi euroko aurrekontua izan du, eta bi tartetan banatu da.

Pierre Loti bidearen fasean, ADIFen trenbide-plataformaren sarbideraino, obrak lehendik dagoen bide asfaltatuan oinarritu dira, haren zabalera handituz, bertan zeuden bermak erabiliz eta hesi berri bat ipiniz. Bigarren fasean —trenbide-plataformaren sarbidetik Iparralde hiribideraino—, oinezkoen eta bizikleten ibilbidea egin da badiaren ertzetik, eta hura inguratuz joan da Santiago zubitik gora dagoen bidegorriarekin lotu arte. Nazioarteko zubiak zeharkatu ahal izateko, egurrezko pantalan bat egitea proiektatu da, ibaiaren ohantzean sartutako mikropilotetan bermatuta.

Oinezkoen eta bizikleten ibilbide berriaren inaugurazio-ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi, Gipuzkoako Jasangarritasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensio eta Irungo alkate Cristina Laborda. Haiekin batera izan dira, halaber, Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbao eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriarte.

Oinezkoen eta bizikleten Pierre Loti pasealekuaren luzera 1,2 km-koa da, 3,5 metroko batez besteko zabalerarekin eta aldapa ia nuluak dituen sestrarekin. Nazioarteko zubiak zeharkatzeko, pantalan bat eraiki da, % 6 eta % 3 arteko aldapa leunekin, bertan dagoen urbanizazio-kotarekin konektatu arte.

Ibilbide berriaz gain, aparkaleku berri bat ere egin da parke ekologikoaren erabiltzaileen eta Plaiaundi Institutuaren beharrak hobetzeko. Ekoetxea ingurumen-zentroaren aurrean kokatua, aparkalekuak ibilgailuentzako 32 plaza eta espaloi perimetralak dituen lorategi-gune bat ditu, baita GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarreraren ondoan kokatutako bizikletentzako aparkaleku bat ere. Aparkalekuetan eta oinezkoentzako guneetan zoladura iragazkor eta begetalak erabili dira.

Obra hau «Txingudiko badiaren inguruko naturguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko plan gidariaren» barruan kokatzen da. Plan horrek, ingurumen-ikuspegia inola ere ahaztu gabe, estuarioaren inguruan Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko hiri- eta bizikleta-konektibitatea sustatzeko erakunde arteko akordioa jasotzen du. Mugaz gaindiko lotura da, eta Bidasoaren bi aldeak konektatzea du helburu.

Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, «oinezko eta bizikletentzako Pierre Loti ibilbide berria aurrerapauso bat da mugaz gaindiko ingurunean mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, oinez eta bizikletaz egiten diren ibilbideei lehentasuna emanez, eta Hondarribia, Irun eta Hendaia arteko lotura hobetuz. Klima-aldaketari aurre egiteko, funtsezkoa da mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua; ibilgailu pribatuaren ordezko mugikortasun moduak sustatzeaz ari gara; azken batean, «emisio gutxiago» dituen proiektu baten alde ari gara. Gainera, ezin dugu ahaztu ingurumena lehengoratzeko asmo handiko proiektua dela; izan ere, estuarioko espazio naturaletatik urrundu gabe, Amute zubitik, Plaiaundi periferikoki inguratuz, paisaia natural bikain baten pertzepzioa indartzen da».

Bestalde, Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok bidegorri berriaren garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian: «Horrelako azpiegiturak funtsezkoak dira automobilaren erabilera mugatzeko, emisioak murrizteko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko, gure hiriak biziberrituz eta komunitateen arteko loturak indartuz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik bidegorria argiztatzeko konpromisoa hartzen dugu, 310.000 euroko inbertsioarekin, gune horiek osasungarriak, jasangarriak eta seguruak izango direla bermatzeko, batez ere emakumeentzat eta adinekoentzat. Behin bidegorriaren lagapena formalizatuta, lanak udaberrian bertan hastea espero dugu».

Cristina Laborda Irungo Alkateak adierazi duen bezala, «Irunen urteak daramatzagu mugikortasun jasangarriko eredu berriak bultzatzen. Gure egunerokotasunean gurekin bat datozen politikak dira, izan ere, oso kontziente gara bide horretan zehar jarraitu behar dugula aurrera. Oinezko eta bizikletentzako konexio berri honek hainbat onura ekarriko dizkio hiritartasunari, ez bakarrik irundarrei, baizik eta Bidasoako eskualdeari, noski gure Hendaiako auzokideak barne, mugaz gaindiko izaera hori baita gure arteko adiskidantzazko loturak sendotzen dituena».

 

Txingudiko eremuan konektibitatearen aldeko apustua

Bidasoa ibaiaren estuarioan dagoen 95.000 biztanleko konurbazio baten erdian egikaritu da jarduketa. Hendaia, Irun eta Hondarribia dira konurbazio horretan aurkitzen ditugun herriak, eta, gainera, konurbazio hori zatituta dago azpiegitura handien bidez.

Txingudiko badiaren ingurunea KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) izendatu dute Europako Natura 2000 Sarearen barruan. Ingurune horretan daude Hondarribiko Jaitzubia, Plaiaundi, Bidasoako Uharteak eta Bidasoaren ertzak Irunen. Ramsar Hitzarmenaren arabera, Nazioarteko Garrantzia duen Hezegunea ere bada. Horregatik guztiagatik, ingurumen-kalitate handiko ingurune batean gaude, bertako habitat naturalengatik eta bertan dauden flora- eta fauna-espezieengatik. Beraz, ibilbide berriaren proiektua balio ekologiko handiko eremu batean garatu da, natura-ondarea erabat errespetatuz.

2015eko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak «Txingudiko badiaren inguruko naturguneak berritu eta haien arteko konektibitatea hobetzeko plan gidaria» aurkeztu zuen. Ingurumen-ikuspegia kontuan hartuta, plan zuzentzailean inplikatutako administrazioek, besteak beste, Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko hiri- eta bizikleta-konektibitatea estuarioaren inguruan sustatzea adostu zuten. Mugaz gaindiko konexioa da, Bidasoaren bi aldeak lotzen dituena, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eginez.

Proiektuak zailtasunak izan ditu, izan ere, lehen eraikuntza-proiektua idatzi ondoren, hainbat zailtasun tekniko aurkitu ziren planteatutako obrak egiteko (bertan zeuden zerbitzuek ez zuten kokapen zehatzik, tinkatze-piloteak jartzeko zailtasuna, tren-zirkulazioa eten beharra). Horregatik guztiagatik, proiektu alternatibo bat idaztea erabaki zen, nazioarteko zubien azpitik pantalan bidez igarotzeko soluzio batean oinarrituta. 2022an proiektuaren eguneratzea kontratatu zen, 2023ko amaieran hasi ziren lanak eta, urtebeteko obren ondoren, 2025eko hasieran jarri dira martxan.