- Health4EUKids izeneko EBren ekimenaren barruan kokatua, Uribe Kostako Osasun Publikoko Eskualdeak eta Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuak parte hartzen dute “Erandio mugitzen ari da!” ekimenean
- Otsailaren 7an osasunaren aldeko jaia egingo da udalerriko Merkatu Zaharrean, eta bertan emango zaie ezagutzera proiektua herritarrei
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrek parte hartzeko proiektu europar bat bultzatzen du, “Erandio mugitzen ari da!” lelopean, Bizkaiko herri horretan ingurune osasungarriak sustatzeko.
Health4EUKids programa europarrak, osasuna sustatzera eta haurren obesitatea prebenitzera bideratutakoak, 22 proiektu pilotu ditu. Proiektu horiek Europako hainbat eskualdetan garatzen dira, era horien artean, Euskadin. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren osasun-politiken ildo estrategikoetako bat osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea da, pertsonen eta komunitatearen erantzunkidetasuna eta parte-hartze aktiboa txertatuz. Horregatik hartu du Osasun Sailak konpromisoa, bai ingurune osasungarri, jasangarri eta erresilienteak sortzeko eta garatzeko —2023-2030 Osasun Planaren helburuetako bat—, bai herritarrek osasun publikoaren arloan parte hartzeko —Euskadiko Osasun Publikoaren 13/2023 Legearen ardatz nagusietako bat—.
Erandioko udalerria aukeratu izana (Uribe-Kostako Osasun Publikoko Eskualdearen barne dago) tokiko agintarien aldez aurreko aldeko jarreraren, aurretik herritarrek parte hartzeko egiturak edukitzearen eta Erandioko udalerriko osasun-zentroetako pediatria-zerbitzuen (Osakidetzako Uribe Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) barne daude) parte hartzearen ondorio da.
«Erandio mugitzen ari da!» —herriko herritar guztiei eta, bereziki, 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua— herritarren parte-hartzean oinarritzen da, eta ingurune fisiko eta sozial osasungarriak sortzea, kohesio soziala sustatzea eta pertsonen ahalduntzea bultzatzea du helburu, arreta ekitatean eta desparekotasunen murrizketan jarriz.
Lan-eredu komunitario integrala da, eta, bertan, ohitura indibidualak aldatzeaz gain, ingurune soziala eta fisikoa eraldatu nahi dira, bizimodu osasungarriagoak errazteko. Horretarako, Udalaren, hezkuntza-komunitatearen, familien, lehen mailako arreta-zerbitzuen, elkarteen eta beste tokiko eragile garrantzitsu batzuen inplikazioa jasotzen du; izan ere, horiek, herritarrekin batera, udalerrian hobetu beharreko beharrak, baliabideak eta alderdiak identifikatu dituzte, fisikoak zein sozialak. Azterketa horri esker, komunitateak berak proposatutako ekintzak lehenetsi, planifikatu eta garatuko dira.
Egiten ari diren jardueren unerik garrantzitsuena bezala, otsailaren 7an osasunaren aldeko festa egingo da udalerriko Merkatu Zaharrean. Jardunaldi hori topagune bat izango da, garatzen ari diren lana erakusteko eta herritarrak animatzeko bertan egingo diren jarduera eta foroetan parte hartzera. Ekitaldi horretan, ingurune osasungarriak erdigunean (zentzurik zabalenean) jarriko dira, hainbat jarduera antolatuz eta komunitateko elkarte eta eragile nagusiek parte hartuz. Gainera, Erandion abian jarritako beste ekimen batzuekin sinergiak sortzeko asmoz, ekitaldian Erandio Lagunkoia gizarte-ekimenak parte hartuko du. Ekimen horrek bizimodu independentea, zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala sustatuko dituen ingurune lagunkoia sortzea du helburu.
Izan ere, «Erandio mugitzen ari da!» proiektua «Erandio Lagunkoia» ekimenarekin bateratuko da, Erandion Tokiko Osasun Sarea sortzeko.