Osasun Sailak uda baino lehen onartuko du bere Plan Onkologiko berria

0

OTSAILAK 4, ASTEARTEA – MINBIZIAREN AURKAKO MUNDU EGUNA

  • Hainbat eremutako 160 profesional inguruk hartzen dute parte Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2030en helburuak eta ekintzak zehazten; bertan, Pazienteen Elkarteen, Minbiziari buruzko Euskadiko Aholku Kontseiluen eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak ere jasotzen dira.
  • Osasun Sailak berretsi egin du baheketen prebentzioarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa, ekainean prostatako minbizia bahetzeko proiektu pilotu bat abian jarriz
  • Euskadi Europako hegoaldeko erreferentzia izango da onkologiari dagokionez, Donostialdea ESIn Protonterapia Unitate berria abian jarri ondoren. Unitate horrek lehen pazientea 2027an artatzea aurreikusten du.
  • Minbizia da heriotza-kausa nagusia Euskadin (% 27); 2024an 15.000 minbizi inguru detektatu ziren, pazienteen batez besteko adina 68 urtekoa izanik. Gizonezkoen artean, minbizi ohikoena prostatakoa da; emakumezkoen artean, bularrekoa
  •  

Minbizia da Euskadiko biztanleen heriotza-kausa nagusia; bertako biztanleen % 27 minbiziaren ondorioz hiltzen dira. Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak ikuspegi integraletik eta pazientea ardatz hartuta egiten diote aurre gaixotasun horren kudeaketari.

Euskadin minbiziari aurre egiteko kudeaketa antolatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urteko lehen seihileko honetan Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2030 berria onartzea aurreikusten du. Plan horrek estrategia integrala, parte-hartzailea, jasangarria eta dinamikoa ezarri nahi du, minbiziaren arloko jarduketak zuzenduko dituena, bikaintasuna, ebidentzia zientifikoa eta ekitatea oinarri hartuta, eta euskal herritarrei balioa emango diena osasun-emaitza hobeei dagokienez. Hala jakinarazi du gaur Osasun Sailak, bihar, otsailak 4, Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna dela aprobetxatuz.

Hainbat esparrutako 160 profesional inguruk parte hartzen dute plan onkologiko berriaren helburuak eta ekintzak zehazten. Planak 6 ekintza-arlo izango ditu: Pertsonak ardatz; Sustapena eta Prebentzioa; Detekzio Goiztiarra; Arreta Integrala eta Integratua; Emaitzak Osasunean, Erregistro, Informazio eta Zaintza Sistemetan; eta Ikerketa eta Berrikuntza. Parte-hartze prozesu horretan, gainera, Pazienteen elkarteek, Minbiziari buruzko Euskadiko Aholku Kontseiluek eta Osakidetzako profesionalek, besteak beste, ekarpenak egin dituzte.

Prebentzioa: prostatako baheketa berria

2024an 15.000 minbizi inguru detektatu zituzten, diagnostikatutako pazienteen batez besteko adina 68 urtekoa izanik. Gizonezkoen artean, minbizi ohikoena prostatakoa da; emakumezkoen artean, berriz, bularrekoa.

Testuinguru horretan, garrantzi berezia dute minbizia bahetzeko programen prebentzioak eta etengabeko hobekuntzak. Hala, Osasun Sailak beste baheketa bat jarriko du abian ekainean: prostatako minbizia hautemateko herritarren baheketa Osakidetzan ezartzea baloratzeko proiektu pilotu bat.

Gaur egun, Osakidetzak minbizia goiz detektatzeko hiru programa aktibo ditu (bularra, kolon ondestea eta zerbixa), eta horiei esker, lesio premalignoak eta gaiztoak detektatzen ditu (gehienak fase goiztiarretan). Ondorioz, tratamendu ez hain oldarkorrak aplikatzeko aukera dago, biziraupen eta bizi-kalitate handiagoarekin.

Bularreko minbiziaren baheketa-programak 2,5 milioi azterketa baino gehiago egin ditu 1995etik, eta 13.000 tumore inguru diagnostikatzea lortu du. Kasuen % 84an tratamendu kontserbadorea egin ahal izan da. 2024an, 715 minbizi detektatu dira, gehienak fase oso goiztiarretan eta pronostiko onarekin, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeetan eta lehen mailako bularreko minbiziaren familia-aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeetan. Bestalde, 2009an abiarazitako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren bidez, 50-69 urteko programan parte hartzen duten pertsonei 4.680 tumore gaizto detektatu ahal izan zaizkie, % 71 hasierako estadioetan. 2024an, Osasun Sailak onartu zuen Programa 74 urtera hedatzea, eta horrek ekarriko du tumore horrek kaltetutako pertsonen kopurua nabarmen jaistea eta biziraupen eta bizi-kalitate handiagoa izatea —orain arte % 95etik gorakoa da—.

Zerbixeko minbiziaren baheketa-programa 2018an jarri zen abian, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. 500 kasu baino gehiago identifikatu ditu minbizi-aurreko eta minbiziko lesioekin. Abian jarri zenetik 700.000 emakume baino gehiago deitu dituzte programan parte hartzeko, eta, 2024an, 74.500 lagin baino gehiago aztertu dira Donostiako Unibertsitate Ospitaleko baheketa-unitatean, eta minbizi inbaditzaileen % 71 hasierako estadioetan detektatu dira.

Minbiziaren tratamendurako erreferentzia-poloa

Gainera, Donostialdea ESIn Protonterapia Unitate berria abian jartzeak —2027an lehen pazientea artatzea aurreikusten du— eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeak jauzi kualitatibo garrantzitsua ekarriko dute onkologiako zerbitzuen garapenean.

Protonterapia-unitate berria erreferentziazkoa izango da Europan minbiziaren aurkako tratamendu aurreraturako; abangoardiako teknologia bat izango du, pazientearentzako arriskuak murrizten dituena, minbizia duten pertsonen tratamenduaren humanizazioan sakonduz. Horrek garrantzi handia izango du biziraupen luzea duten pazienteetan, batez ere pediatriako populazioan, protonterapia bidez trata daitezkeen pazienteen ehuneko handia barne hartzen baitu.

Minbizia ikertzeko 500 proiektu baino gehiago

Era berean, euskal osasun-sistema publikoak ikerketaren aldeko apustu irmoa egiten du. Gaur egun, Osakidetzak, Ikerketa Sanitarioko Institutuen bitartez (Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak), minbiziaren inguruko 577 ikerketa-proiektutan eta azterketa klinikotan parte hartzen du; hori proiektu aktibo guztien % 28 da gutxi gorabehera, 15 milioi euro inguruko kanpo-finantzaketarekin.

Ikerketa-proiektuak prebentzioan, diagnostikoaren hobekuntzan, diziplina anitzeko arretan eta tratamendu pertsonalizatuetan oinarritzen dira, eraginkortasuna handitzeko, bigarren mailako ondorioak murrizteko eta, azken batean, pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. Tumore digestiboak, kolon eta ondesteko minbizikoak, bularreko minbizia eta ehun linfatiko eta odol-ehunetako tumoreak, eta ondoren garuneko tumoreak eta biriketako minbizia dira Osakidetzan abian dauden 194 ikerketa-proiektuen eta 383 azterketa klinikoen helburua.

Euskadik biriketako minbiziarekin lotutako bi proiektu estrategikotan parte hartzen du. Alde batetik, LUCIA proiektua, biriketako minbizia garatzen laguntzen duten arrisku-faktore berriak aurkitu eta ulertzean oinarritzen dena; eta, beste alde batetik, Estatu mailan, biriketako minbizia bahetzeko zentro anitzeko programa pilotua, CASSANDRA, Donostia Ospitaleak parte hartzen duena, heriotza-tasak murriztu eta tabakoa erretzeari uztea helburu duena.