Urteko gogobetetasun-inkestak betiON telelaguntza-zerbitzuaren osasun ona jarri du agerian

0

Euskadiko betiON telelaguntza-zerbitzu publikoak harrera benetan ona izan du erabiltzaileen artean. Zerbitzu publiko horrek urtero egiten duen gogobetetasun-inkestaren arabera, erabiltzaileen % 94 gustura daude eta 5 puntuko maximotik 4,4ko batez besteko nota izan du.

betiON telelaguntza zerbitzuak arreta iraunkorra eskaintzen du etxean, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Zerbitzu hori telefonoz ematen da eta ekipamendu informatiko espezifiko baten bitartez. Larrialdi-egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta dauden pertsonek ematen dute.

Hain zuzen ere, zerbitzuaren alderdi estimatuenak dira larrialdietan laguntza berehala emateko ahalmena (% 97), familiartekoei ematen dien lasaitasuna (% 95) eta etxeko edozein gorabeheraren aurrean laguntza eskatzeko aukera (% 90).

Gainera, inkestatik ondorioztatzen denez, gorabeheraren bat izaten denean konponbidea kasu gehienetan azkar edo normal ematen da, eta gauza bera berrikuspen-bisiten kasuan ere. Era berean, gogobetetasun-maila handia dago instalatutako ekipoetan egindako konponketekin ere.

Ia pertsona erabiltzaile guztiek oso ondo jasotzen dituzte jarraipena egiteko aldizkako deiak, eta gogobetetasun handia adierazten dute. Era berean, nabarmentzekoa da teknologiako instalazioekin, konponketekin edo berrikuspenekin lotutako gorabeherei erantzuten dieten teknikariek emandako tratuarekin gustura daudela; izan ere, % 92k modu positiboan baloratu dute. Era berean, erabiltzaileen % 94k positibotzat jo du telefono bidezko arretarako zentroko langileen adeitasuna.

Pertsonengan oinarritutako arreta

Telelaguntzako euskal zerbitzu publikoak zerbitzua bere premia partikularretara egokitzea eskaintzen dio pertsona bakoitzari. Horrela, prestazioak eta teknologia osagarria erabiltzaile bakoitzak bere zahartze-aldian behar duenera egokitzen dira, bere osasun-egoeraren eta gizarte-egoeraren arabera, eta erabiltzaile bakoitzarentzat telelaguntza-plan pertsonalizatua konfiguratzen da. Asistentzia pertsonalizatuko planak 5etik 4,2ko batez besteko nota lortu du inkestatutako erabiltzaileen artean.

Pertsonalizazio horretarako, zerbitzuan alta emateko unean, erabiltzaile bakoitzak zerbitzuko gizarte-langile baten bisita jasotzen du, eta hark bere egoera, gizarte- eta familia-ingurunea, beharrak eta abar ebaluatzen ditu. Hortik abiatuta, esku hartzeko proposamen bat egiten du, eta hainbat laguntza proposatzen dizkio, bai maila teknologikoan, bai giza laguntzari dagokionez. Eta ebaluazio hori sei hilean behin berrikusten da.

Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei, mendetasun-arriskuan dauden 65 urteko edo gehiagoko pertsonei, mendetasuna aitortuta duten pertsonei eta bakartze sozialeko arriskuan dauden pertsonei zuzenduta dago. Zerbitzua oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, ZUZENEANen 012 telefono-zenbakiaren bidez eta hiru lurraldeetako bulegoetan, edo https://www.euskadi.eus/betion web-orriaren bidez eska daiteke. Zerbitzuaren gehieneko prezioa hilean 4 eurokoa da.