Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak eta Azpeitiko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, etxebizitza alorreko informazioa hobetu eta etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitokietarako sarbidean herritarrei laguntza emateko.
“Akordio horri esker –bozeramailearen esanetan –, modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango dira Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroko (Etxebide) izen-emateak, eta interesdunei esleipen-prozesuetan parte hartzeko laguntza eta aholkularitza bermatuko zaie”.
Une honetan, antzeko hitzarmenak izapidetzen ari dira Bermeo, Basauri, Urretxu, Zumaia, Gorbeialdea, Getxo, Zarautz eta Bilboko udalekin.
Maria Ubarretxenak adierazi duenez, akordioek aukera emango dietela udalei Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroa kudeatzeko beharrezkoak diren aplikazio informatikoak eskuratzeko, etxebizitza eskatzaileei gertuko eta kalitatezko informazioa eman ahal izateko.
«Hitzarmen horiek Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa islatzen dute, pertsona guztiek izan dezaten etxebizitza duin bat izateko eta behar duten informazioa eta baliabideak jasotzeko aukera», adierazi du.
Halaber, Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko partida baimendu du Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikorako (EPE), etxebizitza eskuratzeko laguntza behar duten eskatzaileen kopuruari erantzuteko. “Etxebizitza eskuragarriaren premia lehentasun bat da, eta diru partida honi esker, alokairua ordaintzeko laguntza hori behar duten familia gehiagori eman ahal izango diegu” gehitu du.
25 milioi, Enpresa Txiki eta Ertainentzako abaletan
Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak Luzaro finantza-erakundeari 25 milioi euroko abala ematea onartu du gaur, Europako Inbertsio Bankuaren aurrean. Ogasun eta Finantza Sailak proposatutako kreditu-lerro horren bidez, Euskadiko Enpresa Txiki eta Ertainei lagunduko zaie, finantza-bideak izan ditzaten beren inbertsio-proiektuetarako.
Luzaro finantza-erakundearen %17,65ko partaidetza du Finantzen Euskal Institutuak.
Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du finantzaketa-bide hori «partaidetza-mailegu» izenekoak ematean gauzatzen dela. Kostu aldakorra duten epe luzeko maileguak dira, maileguaren onuradun diren ETEek lortutako mozkinei lotuak neurri batean.
Kreditu-lerro hori 12 urteko gehieneko epera formalizatuko da eragiketa amortizagarrietarako, 4 urteko gehieneko gabeziarekin, eta 8 urtekoa erabateko amortizazioa duten eragiketetarako. Eta hainbat xedapen partzialen bitartez ordainduko da 2025ean eta 2026an.
Euskadi.eus webgunearen erabilerak %37 egin du gora
2024an Eusko Jaurlaritzaren atari nagusiko, Euskadi.eus-eko, erabilera %37 igo da. Maria Ubarretxenak azaldu duenez, 2024an 164 milioi bisita izan ditu aipaturiko webguneak.
Bozeramaileak esan du bisitari gehienak Euskadikoak eta Estatukoak direla, baina badirela baita ere Estatu Batuetako, Mexikoko edota Herbehereetako bisitariak ere.
Beste datu bat ere eman du: kontsulten %54 jada mugikorraren bidez egiten dela. Nire Karpeta edo itzultzaile neuronalaren atariak dira orrialderik bisitatuenak.
Maria Ubarretxenak azpimarratu du Jaurlaritzaren legealdiko helburuetako bat dela pertsonen eta administrazioaren arteko harremana gerturatu eta erraztea.
«Administrazio elektronikoaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu -azaldu du- eta helburua da legealdi honetan, herritarrek aukera izatea administrazioarekin egin beharrekoa ia kudeaketa guztiak era erraz, seguru eta telematikoan egitea euskadi.eus atariaren bidez”. Era berean, Gobernantzako, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak adierazi du Jaurlaritzak garapen teknologikoa sustatzearekin batera, aurrez aurreko arreta indartzeko konpromisoa berresten duela, “hitzorduarekin edo hitzordurik gabeko aurrez aurreko arreta hobetzeko urratsak egingo ditugu” gaineratu du.