Iazko hilabete berean baino 1.868 langabe gutxiagorekin amaitu da urtarrila

0

Urtarrila 2024ko hilabete berean baino 1.868 langabe gutxiagorekin itxi da (- % 1,68). Urte arteko bilakaera positiboa izan da laugarren hilabetez jarraian, nahiz eta urteko lehen hilean 1.981 langabe gehiago erregistratu diren, hau da, % 1,84ko igoera, eta guztira 109.361 langabe daude.

Igoera hori, ohikoa urtarrilero, ez da izan azken hamarkadako urteko lehen hilabetean izan den nabarmenetakoa, eta, behin Gabonetako kanpaina gaindituta, zerbitzuen sektoreak bultzatu du nagusiki, 2.189 langabe berri erregistratu baitira. Hala ere, urte arteko balantzea positiboa da, 2025eko urtarrilaren 31n 2024ko data berean baino 1.340 langabe gutxiago baitzeuden. Gainerako sektoreetan langabeziak behera egin du, bai hileko balantzean, bai urte artekoan.

Sexuen arabera, emakumeen langabezia gizonena baino gehiago hazi da azken hilabetean (+ 1.769), baina urte arteko bilakaeran hobeto jokatu du eta behera egin du 2024ko urtarrilaren aldean (- 1.146). Gizonezkoei dagokienez, hilekoan igo da (+ 212), baina urte arteko zenbaketan hobetu egin da (- 722). Adinaren arabera, daturik txarrenak 30 urtetik beherakoei dagozkie, bai hilekoan bai urte artekoan, 996 eta 347 langabe gehiagorekin, hurrenez hurren. Langabeziak gora egin du urtarrilean hiru lurralde historikoetan, baina behera egin du urte arteko balantzean.

Euskadiko afiliazioak ere gorabehera txiki bat izan du, ohikoa urtarrilero, eta kopuruak 10.005 kotizatzailetan egin du behera abenduarekin alderatuta, orduan lortu baitu Gizarte Segurantzako afiliatuen gehieneko historikoa (1.024.511 pertsona). Urtarrila amaitzean, 1.014.506 afiliatu zeuden Euskadin; zifra hori milioi bat kotizatzailetik gorakoa da, eta egiaztatzen du azken hilabetetan joera finkatua eta egonkorra izan dela.

Kontratazioa

Bestalde, urtarrilean 60.356 kontratu berri sinatu dira. Horietatik 14.369 (% 23,8) mugagabeak izan dira, ia lautik bat. Ehuneko hori egonkor mantendu da lan erreformaz geroztik. Kontratazio bolumena % 4,96 igo da aurreko hilaren aldean, eta % 1,01 iazko urtarrilaren aldean. Epigrafe honetan, eraikuntzaren sektoreko kontratazioa nabarmentzen da, kontratazioa igo egin baita, eta kontratazio mugagabearen tasa % 70ekoa da aspalditik, joera berretsiz.

Lurralde historikoka, Gipuzkoa nabarmentzen da kontratazioaren kapituluan, aurreko hilaren aldean. Zehazki, hileko hazkundea % 12,28koa izan da eta urte artekoa % 2,21ekoa. Araban ere gora egin du kontratu kopuruak, hileko % 2,18ko igoerarekin eta urteko % 2,51ko hazkundearekin. Bestalde, Bizkaia da igoera txikiena izan duen lurraldea, % 1,92ko igoera izan baitu hileko baliotan eta % 0,19ko igoera izan baitu aurreko urtearen aldean.

Azken hilabetean, Araban erregistratu da kontratu mugagabeen ehuneko handiena hiru lurralde historikoen artetik. Zehazki, kontratuen % 25,4 mugagabeak izan dira, Gipuzkoako % 23,8aren eta Bizkaiko % 23,2aren gainetik. Kontratu mugagabeen urte arteko aldeari dagokionez, Araban bakarrik igo da (+ % 7), eta gainerako lurraldeetan murriztu da. Gipuzkoa izan da beherakada handiena izan duen lurraldea, % 8koa eta Bizkaia % 5,9koa.