Barakaldok Euskararen Plan Estrategiko berria onartu du, 30 bat ekintzarekin

0

Planak bost ardatz estrategiko ditu: gobernantza; jarrera/motibazioa; ezagutza/gaitasuna; erabilera/interakzioa eta komunikazioa/hedapena. Hogei bat gizarte-eragilek, euskararekin zerikusia duten erakundeek, alderdi politikoek eta Udalak berak hartu dute parte.

Barakaldoko Udalak prest du Euskararen Plan Estrategiko berria; tresna horren bidez, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta gizarteko esparru guztietan euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eskaintzen dira. Testua Barakaldoko Udalak Barakaldon euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, eremu publiko zein pribatuetan, Barakaldon euskarari prestigioa emateko eta komunitate euskalduna aktibatzeko hartutako konpromisoek osatzen dute.

Joan den ostegunean, Barakaldoko osoko bilkurak Plana onartu zuen, hogeitik gora gizarte eragileren, euskararekin zerikusia duten erakundeen, alderdi politikoen eta Udaleko teknikarien partaidetzarekin. «Euskarara ahalik eta sektore gehien erakarriko duen hizkuntza-politika inklusiboa bultzatu nahi dugu. Gure hiriak aniztasun eta premia oso desberdinak ditu gure bizilagunen artean, eta, beraz, hizkuntza-politika eraginkorra izan dadin, gizarte plural horren errealitatea kontuan hartu behar dugu. Helburu egingarriak eta ilusionagarriak behar ditugu guztiontzat, euskaraz normaltasunez erlazionatu gaitezen, eta horixe bilatzen dugu bost urteko iraupena duen plan berri honekin, 2029ra arte «, azaldu du Iratxe Foces Euskara zinegotziak.

Planak 5 ardatz estrategiko ditu:

  1. Gobernantza
  2. Jarrera/Motibazioa
  3. Ezagutza/Gaitasuna
  4. Erabilera/Interakzioa
  5. Komunitatea/Hedapena

Ardatz horiek herritarrei zuzendutako hogeita hamar bat ekintza biltzen dituzte, eta horien artean daude, adibidez:

  • Udal zerbitzuetan euskarazko zerbitzua bermatzeko neurriak hartzea
  • Udaleko Euskara Batzordea sortzea
  • Herritarrei Euskara Planaren berri ematea
  • Gazteen Batzordea sortzea eta bultzatzea
  • Gazteentzako pertsona erreferenteez baliatzea euskarari prestigioa emateko
  • Kirol-monitoreentzako eta aisialdiko monitoreentzako prestakuntza-saioak antolatzea
  • Euskarak negozioetan ematen duen balio erantsia ostalariekin eta merkatariekin lantzea
  • Sentsibilizazio-kanpainak egitea, euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko
  • Ostalaritzako eta merkataritzako langileentzako euskara-ikastaro laburrak
  • Oinarrizko esaldiak euskaraz ikasteko Erraza da edo Ingura bezalako aplikazioen erabilera sustatzea
  • Berbalagun estiloko programak bultzatzea
  • Zerbitzuen sektorean euskararen erabilera areagotzeko itzulpenak edo dirulaguntzak eskaintzea.
  • Herritarrak aktibatzeko kanpainak egitea, euskararen erabilera sustatzeko: Euskaraldia, Korrika…
  • Aisialdiko eta kiroleko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko planak ezartzeko aukera aztertzea

«Neurri horiek ezartzeko eta aurrerapenak ikusten joateko unea da orain. Argi dago azken urteotan gero eta jende gehiagok hitz egiten eta ezagutzen duela euskara gure hirian. Plan honek familia barakaldarrei euskara kalera ateratzeko aukera berriak eskaintzen lagunduko digu «; adierazi du Focesek, plan berri honetan parte hartu duten kolektibo eta pertsona guztien parte-hartzea eskertuz..