Gaur goizean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik DIPCren (Donostia International Physics Center) instalazioak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dute bikaintasun zientifikoko zentro horretan egiten ari diren ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia jarduera.
Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak eta Ricardo Diez Muiño zuzendari zientifikoak harrera egin diete Perez eta Jauregi sailburuei, zeinak patronatuko kide diren. Eusko Jaurlaritzako bi sailak bat datoz DIPCk fisikaren abangoardiako arloetan eta antzeko diziplinetan egiten duen ikerketa-lanarekiko interesean, bai eta aurrerapen zientifikoak soluzio teknologikoetara eta produktu berritzaileetara eramateko daukan gaitasunean ere.