Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundeek osatutako euskal ordezkaritza batek Costa Rica bisitatu du urtarrilaren 31tik otsailaren 3ra, Nikaragua Gazte Plataforma Nazionalaren egoeraren jarraipena egiteko. Plataforma horrek hainbat pertsona ditu erbestean. Horietako bat NARE-Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren esparruan hartu zen Euskadin. Bisitaldian topaketak egin dira erbestealditik Costa Rican lan egiten duten giza eskubideen, mugimendu feministaren, sexu-aniztasunaren, gazteen eta kazetarien erakundeekin, Nikaraguako giza eskubideen defentsaren inguruan duten egoera eta kezkak ezagutzeko. Ordezkaritza, halaber, babes-erakunde eta -ekimenekin bildu da, hala nola Nazioarteko Bake Brigadekin (PBI) eta Acceso Fundazioarekin, bai eta Justiziaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen aldeko Zentroarekin (CEJIL) ere.
Bisita honen helburua euskal erakundeek eta antolatzaileek giza eskubideen aldeko prozesuetan ematen duten laguntza ikusaraztea izan da.
Izandako bileren ondoren, jakin dugu Nikaraguako giza eskubideak, demokrazia eta justizia defendatzeagatik herrialdetik irten eta Costa Rican babesa bilatu behar izan dutenen egoera zaila, edo Nikaraguan sartzea debekatu eta erbesteratzeko bidea hartu behar izan dutenena, hainbat oztopo izan baitituzte migraziorako eta errefuxiatu-izaera aitortzen dien estatutua eskuratzeko. Erakundeek emandako datuen arabera, 2018tik, 800.000 nikaraguar baino gehiago herrialdetik irten behar izan dira (biztanleriaren % 15) errepresio politikoaren, pobreziaren eta enplegu-faltaren ondorioz, eta 440.000 baino gehiagok eskatu dute asiloa mundu osoan, horietako batzuk Euskadin.
Bilera horien ondoren eta nazioarteko erakunde eta organismoen txostenak berrikusi ondoren, egiaztatu dutenez, «Nikaraguako Gobernuak giza eskubideen urraketa sistematiko larriak egiten jarraitzen du, gizateriaren aurkako krimenen baliokideak, arrazoi politikoengatik» (Nazio Batuen Nikaraguari buruzko Giza Eskubideen Adituen Taldea1), honako KEZKA hauek adierazi nahi ditugu:
- Nikaraguan etengabeko mehatxupean bizi diren edo bizitza babestera behartuta dauden giza eskubideen defendatzaileak kriminalizatzea eta etengabe jazartzea, eta haien osasun fisikoan eta emozionalean eragin larriak izatea.
- Nikaraguako biztanleek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak: bizitzeko, integritate eta segurtasun pertsonalerako, adierazpen-askatasunerako, bilera baketsurako eta elkartzeko askatasunerako, jabetzak eta pentsioak konfiskatzeko, lurraldera sartzeko edo lurraldetik irteteko ukapena egiteko, etengabeko jazarpenerako, atxiloketa arbitrarioetarako eta behar bezalako bermerik gabe egindako epaiketetarako eskubideen erasoak eta abusuak.
- Giza eskubideen defendatzaileen aurkako errepresioa nazioz haraindikoa da, eta Nikaraguako mugetatik harago hedatzen da. Azken sei urteetan, gora egiteko joera izan du Hondurasen, Argentinan, Mexikon eta Costa Rican.
- Nikaraguako nazionalitatea arbitrarioki kentzea, errepresio politikorako tresna gisa, eta horrek eragin larria du bizi-proiektuetan, pertsonak apatridiara behartzen ditu eta nazionalitateari datxezkion eskubide guztiak kentzen dizkie, ondasunak konfiskatzeaz gain. Erakundeen datuen arabera, 500 pertsona inguruk jasan dute neurri hori, eta muturreko kalteberatasun-egoeran geratu dira.
- Duela gutxi, Daniel Ortegaren erregimena indartuko duen konstituzio-erreformak eskubideak berriro murriztea eta demokraziaren atzerakada handiagoa ekarriko luke.
- Espazio zibikoa erabat ixtea. Nikaraguako erakundeek erbestean emandako informazioaren arabera, irabazi-asmorik gabeko 5.500 erakunde baino gehiago itxi dira 2018an erregimenaren aurka hasitako protestetatik, eta haien ondasunak konfiskatu egin dira. Horietako batzuek Costa Rican berrantolatzea lortu dute.
- Zentsura gogorra eta adierazpen-askatasuna eta prentsa-askatasuna, kazetaritza-jarduna eta pentsamendu-zentroek ikerketa akademikoak egitea modu larrian mugatzea. Kazetari kritikoak eta independenteak «aberriaren traidore» izendatzen dituzte. 2018tik gaur arte, 283 kazetari daude erbestean.
- – Neskatilen, emakumeen eta LGTBIQ+. herritarren aurkako indarkeriak. Erakundeen arabera, feminizidioek, sexu-indarkeriak (20.000 kasu baino gehiago haur eta nerabeengan 2019tik 2024ra) eta sexu-osasuneko programa eta zerbitzu integralak eskura ez dituzten haur eta nerabeen nahi gabeko haurdunaldiek gora egin dute abortua edozein egoeratan delitua den herrialde batean.
- Gazteen egoera, maila guztietan kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera murrizten zaielako, herritartasun kritikoaren sorrera mugatzeko tresna gisa.
- Giza eskubideen defendatzaileen eta, oro har, herritarren aurkako giza eskubideen urraketek irauten duten zigorgabetasuna, giza eskubideen eskualdeko eta nazioarteko instantziek salatu duten bezala.
Egoera horren aurrean, Euskal Ordezkaritzak Giza Eskubideen defentsarekin duen KONPROMISOA adierazi du, NARE-Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa indartuz, baita beste laguntza- eta elkartasun-tresna batzuk ere.
Nikaraguan eta erbestean beren herrialdea berreraikitzearen alde egunero egiten duten erakundeei, komunitateei eta kolektiboei laguntzen jarraitzeko ekintzak garatzeko prest dagoela adierazten die.
Azkenik, gure LAGUNTZA eta ELKARTASUNA adierazi nahi diegu Nikaraguako eta erbesteko baldintza zailetan egon arren itxaropena galtzen ez duten eta Nikaragua libre, bidezko eta demokratikoa eraikitzeko energia onenak erabiltzen dituzten gizarte-erakundeei.
“Itxaropena apustu indibiduala da, eta kolektiboki baino ezin da elikatu”.
“Garrantzitsuena jendearen duintasuna da, eta ez basakeria naturalizatzea”.
Erbesteko erakundeekin izandako topaketan parte hartu zuten pertsonen hitzak