Osakidetzaren Gorlizko Ospitalea, Euskadiko adineko paziente hauskorren arretan abangoardian

0

Gorlizko Ospitalea gaur egun erreferentea da adineko paziente hauskorraren arretan Osakidetzan, ospitaleko Hauskortasunaren Unitatea finkatzeari esker, duela 18 hilabete modu aitzindarian jarri zen abian.

Hauskortasunaren Unitateak adineko paziente hauskorrari arreta emateko eredu berri bat zuzentzen du, taldean eta diziplina anitz uztartuz egiten baitu lan, geriatrek gidatuta. Ikuspegi berri horrek adineko pazientearen arreta integralagoa sustatzen du; izan ere, ospitalizazioa eragiten duen esparru klinikoan zentratuta jarraitzen duen arren, beste alderdi batzuei ere arreta ematea aurreikusten du hasiera-hasieratik, alta jasotzean pazienteak ospitalizatu aurreko bizi-kalitatea gorde dezan.

Unitatearen proiektua 2023ko bigarren seihilekoan hasi zen, eta 2024an garatu du bere jarduera. Orain has daiteke bere asistentzia-jarduerari buruzko datuak ematen. Hala, paziente bakoitzeko batez besteko egonaldia 12 egunekoa da Unitatean, eta hilean 40 ospitalizazio daude batez beste. Bere jarduerak iraun duen urte eta erdian mila paziente inguru artatu ditu.

Hala ere, alderdi kualitatiboan ikusten dira aurrerapen handienak. Pazienteek eta haien senideek, prozesuan parte hartzen dutenez, badakite ariketa, elikadura eta autozainketa funtsezko elementuak direla mendekotasun-egoeran aurrera egin ez dezaten.

Diziplina anitzeko lantaldea

Osakidetzan geriatriako espezialistak pixkanaka ugarituz joan direnez, Gorlizko Hauskortasunaren Unitatea bezalako proiektuak garatu ahal izan dira.

Geriatraren ikuspegia integralagoa eta holistikoagoa da, eta adineko paziente hauskorren kasuan, gaixotasun akututik harago doa. Balorazio geriatrikoa egitean, pazienteen alderdi kognitibo eta funtzionalaren nahiz gizarte-arloaren ebaluazioa egiten da, eta pazienteen premiak eta bizi-kalitatea ebaluatzen dira.

Lortu nahi den helburua da adineko paziente hauskorrek, ospitalizazioa amaitzean, ez izatea narriadura funtzionalik eta ez galtzea bizi-kalitatea, hau da, ospitalean egoteak ez hondatzea haien aurreko bizi-baldintzak, eta ospitalean sartzean zituzten baldintza berberetan itzultzea beren ingurune sozialera.

Pazientearen eta familiaren inplikazioa 

Gorlizko Ospitaleko Hauskortasunaren Unitateak lortutako arrakasta ikuspegi geriatrikoaren eta taldean eta diziplina anitz uztartuz lan egitearen arteko konbinazioari zor zaio.

Adineko paziente hauskorraren arreta mediku geriatrek koordinatzen dute, Osakidetzako hainbat eremutako langileek osatutako talde baten bidez eskaintzen baita, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, zeladoreak, farmazia-zerbitzuak, fisioterapeutak, dietistak, gizarte-langileak eta beste mediku espezialista batzuk barne hartuz.

Unitateak lortu dituen emaitza bikainak, profesionalen iritziz, talde-lanari eta geriatriako ikuspegiari esker lortu dira. Hain zuzen ere, arretaren ardatz bihurtu da pazienteak eta familiak inplikatzeko beharra, adinekoek ariketa fisikoa egiteko, dieta egokia izateko edo larruazala garbitzeko eta zaintzeko.