Emakundek irmo gaitzetsi du familia barruko indarkeriaren testuinguruan Irunen gertatutako emakume baten hilketa

0
  • Kasuaren ikerketari buruzko xehetasunen zain, gogorarazi du Berdintasunerako Legeak indarkeria matxistatzat jotzen duela emakumeen aurkako familia barruko indarkeria
  • Emakundeko zuzendariak babesa eman die familiari eta inguru hurbilenari

Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuak Irunen gertatutako emakume baten hilketaren aurrean bere gaitzespen irmoena azaldu du eta bere elkartasuna eta laguntza eskaini die eraildako emakumearen familiari eta gertukoei.

Kasuaren ikerketatik atera daitezkeen xehetasunen zain, Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeriarik Gabeko Bizitzetarako Legeak jasotzen duela indarkeria matxista direla, besteak beste, emakumeen aurkako familia barruko indarkeria.

Emakumearen Euskal Erakundeak indarkeria matxistaren gogortasuna eta konplexutasuna gogorarazi ditu, baita hedatzeko, transmititzeko eta harreman mota desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna ere. Honekin batera, herritar guztiak animatu ditu gaitzespena adieraztera, pertsona guztien inplikazioa ezinbestekoa baita emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko.