Amaia Barredo: “Versailles´ko WINE PARIS azoka erakustoki paregabea da Arabako Errioxako ardoak, txakolinak eta sagardoak beste merkatu batzuetan heda daitezen”

0
  • Versaillesko Paris Expo Porte erakustazokan dago, eta Euskadi Nazioarteko pabilioiko 4. aretoan
  • 50 estatu ekoizleetako 4.600 erakusle baino gehiago eta 140 herrialdetako 50.000 bisitari baino gehiago
  • Arabako Errioxako ardoak, txakolinak eta sagardoak, Europar Batasuneko, Amerika Iparraldeko eta Asiako ahosabai profesionalek dastatzeko

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur goizean Parisen adierazi duenez, “gaur hasita Versaillesko Atea-Paris Expo erakustazokan egiten ari den Wine Paris azoka erakustoki paregabea da Arabako Errioxako ardoak, txakolinak eta sagardoak beste merkatu batzuetan heda daitezen, beren kalitateari eta prezioari esker”. Barredo Wine Pariseko irekiera ofizialean izan da Annie Genevard Nekazaritza eta Elikadura ministroarekin, Laurent Saint-Martin Kanpo Merkataritza eta Diasporako ministrordearekin, Nathalie Delattre Turismo ministrordearekin eta Rodolphe Lamerse Vinexposiumeko zuzendari nagusiarekin batera

 “Ardoek une zaila bizi dute mundu osoan, merkatuen eta gizarte-ohituren aldaketen ondorioz. Hori dela eta, ez da besoak gurutzatuta geratu behar; aitzitik, estatu askotan aitortzen den kalitate handiko gure produktuak ezagutarazi, sustatu eta zabaldu behar dira eta konbentzitu behar da” aditzera eman du Barredo sailburuak Versaillesko erakustazokan.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, HAZI Fundazioaren bitartez eta Bilboko Ganberarekin elkarlanean, eta Euskadiko elikadura-industria kanpoan sustatzeko jarduketen barruan, antolatu du Euskadiko upategien parte-hartze bateratua Versaillesko erakustazokako seigarren WINE PARIS 2025 azokan.

Otsailaren 10etik 12ra bitartean, Wine Paris azoka da ardoaren eta edari destilatuen munduko industriaren erdigunea. Urteetako hazkundearen ondoren, topaketak indarra hartzen jarraitzen du, 50 estatu ekoizleko 4.600 erakusle baino gehiagorekin eta 140 herrialdetako 50.000 bisitari baino gehiagorekin.

2025eko edizioan, nazioarteko ekoizleak —horien artean Euskadi— modu estrategikoan kokatuta daude 4. aretoan, Versailleseko azokaren bihotzeko kokapenik onenetako batean. Wine Paris azoka funtsezko ekitaldia da ardoaren eta edari destilatuen sektoreko profesionalentzat, eta networking, ikaskuntza eta produktu berritzaileen aurkikuntza uztartzen ditu.

Arabako Errioxako ardoen, txakolinen eta sagardoen parte hartzea

Eusko Jaurlaritzak Wine Paris 2025 azokan duen erakustokia 4. aretoan dago, C029 zenbakian —Paris Expo Porte erakustazoka 1, 75015 Paris—. Bertan 10 enpresa erakusle daude otsailaren 12ra bitartean, 10:00etatik 19:00etara. Hauek dira euskal enpresa erakusleak: ALTÚN; GARCIA DE OLANO; IZADI upategia; FERNÁNDEZ DE PIÉROLA upategia; PETRITEGI CIDER HOUSE sagardoak; LOPEZ ORIA upategia; GAINTZA txakolina: TALLERI BERRIA upategia eta mahastiak; K5 upategia; eta HIKA upategia.

Eusko Jaurlaritzaren multzoan parte hartzen duten Euskadiko enpresez gain, Versaillesen ere badaude: CUVÉE, mahastietan eta ardogintzan aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzten enologo, nekazaritza-ingeniari eta teknikarien taldea —euskarri tekniko eta logistikoan eta banaketa globalean eskaintzen du bere esperientzia—; ARAEX, upategi independenteen taldea —Arabako Errioxako, Ribera del Dueroko, Toroko, Ruedako, Bizkaiko txakolinako, Cavako, Priorateko, Nafarroako, Rias Baixasko, Gaztelako eta Jerezeko ardoak, besteak beste, biltzen dira Araex Grands familian; eta Very Fine Vinos, zenbait upategik kanpora ateratako saila eta Zuazo Gastón eta Katxiña upategien euskal erreferentziak dituena.

Wine Paris azokaren izaera internazionala indarra hartzen ari da. Iaz erakusleen % 53 atzerritarrak izan ziren eta nazioarteko bisitarien % 41 137 estatutakoak izan ziren. WINE PARIS 2025 topaketa VINISUD Montpellier —Eusko Jaurlaritzak 2017an parte hartu zuen— eta VINOVISION Paris azoken ondorengoa da, 2019an biak elkartu baitziren. VINISUD Mediterraneoko eta Europa Hegoaldeko Ardoen Nazioarteko Azoka zen, eta VINOVISION PARIS, Iparraldeko Ardoen Nazioarteko Azoka..

50 estatu ekoizle

Wine Paris azokak mundu osoko ekoizleen babesa jaso du, eta horrek nazioarteko irismena ematen dio 2025eko edizioari. Hiru pabiloi osorik eskaintzen zaizkie ordezkatuta dauden 50 estatu ekoizleei. Askok erakusketa-eremu handiagoa dute, besteak beste, Alemaniak (+% 65), Austriak (+% 35), Txinak (+% 60), Espainiak (+% 40), Portugalek (+% 61) eta Errumaniak (+% 75). Italiak bere erakusketa-eremua bikoiztu du eta 30 eskualde-pabiloi ditu pabiloi oso batean (6. pabiloia). Ekitaldi honetan nazioarteko pabiloi berriak ere badaude: Hegoafrika, Argentina, Armenia, Txile, Hungaria, Ipar Mazedonia, Uruguai eta Australia. Erakusketa-espazioa laukoiztu da. Topaketaren ardatz nagusi gisa, Frantziaren parte-hartzea ere hazi egin da. Estatu horretako ekoizleen kopurua % 7 handitu da, 7. pabiloian bilduta. Webgunea: https://wineparis.com/