Soldaduraren balio-kateari buruzko azokaren, UNIREren, bigarren edizioa egingo dute Ficoban

0

 

Ficoban, Gipuzkoako azoka-esparruan, egingo dute martxoaren 18an eta 19an UNIRE azokaren bigarren edizioa. UNIRE soldaduraren balio-kateari eta materialen loturari eta haien teknologiei buruzko Estatu mailako kongresu bakarra da. Azoka SPRI Taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dute, eta Ficobak antolatu, CESOLen, Soldadura eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartearen, laguntzarekin.

UNIREren helburua da sektoreko hainbat aditu biltzea: soldadura eta ebaketarako ekipoen eta produktuen fabrikatzaileak eta banatzaileak, kontsumigarrien, gas industrialen eta betetzeko eta ekarpena egiteko materialen, itsasgarrien, segurtasun- eta babes-ekipamenduen, ebaketakoen, eraldaketakoen eta konformaziokoen fabrikatzaileak eta banatzaileak, konponketa eta soluzio automatizatuak, homologazioa eta ziurtapena, ikuskapena eta entseguak, sentsoreen prestakuntza, metrologia eta teknologia, aholkularitza, gainazalen tratamendua, soldadura- eta lotura-teknologiako I+G, eta sektoreko ingeniaritzak eta elkarteak.

Erakusketarien zerrenda kontsultagai dago eta, erakusketa eremuaz gain, beste jarduera batzuk ere izango dira. Besteak beste, conference area delakoa egongo da soldadurarekin eta lotura-teknologiekin lotutako teknologiei eta punta-puntako gaurkotasunari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruekin; produktuaren erakustaldiak egingo dira erakusketarien proposamenak eta soluzioak zehaztasun osoz ezagutzeko, eta ikasleei eta profesional gazteei zuzendutako UNIRE soldadurako lehiaketaren bigarren edizioa egingo da.

Azokara joateko izen-emateak doakoak dira eta, horien bidez, enpresa erakusketariekin B2B bilerak hitzartzeko eta bisitak aldez aurretik prestatzeko matchmakingeko plataformetara sartzeko aukera egongo da.