Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila 2025-2027 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzaile berria idazten ari da. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok Sailak gobernu berriaren lehen zazpi hilabeteetan egindako ahalegina nabarmendu du, eta, adierazi duenez, “2025-2027 aldirako Etxebizitza Gida Plan berria onartzeko azken fasean sartu gara; Plan hori Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean zein koalizio-gobernuaren programan jasotako estrategiak eta helburuak islatzeko eta zehazteko funtsezko dokumentu betearazlea da”.
Era berean, sailburuak azpimarratu duenez, “hitzetatik ekintzetarako jauzia egiteko aukera emango digun eta gure helburu nagusiak betetzeko tresnak eta baliabideak zehaztuko dituen dokumentua da”. Halaber, honako hau gaineratu du: “inpaktu sozial eta ekonomiko handia duen etxebizitza-politikan kapilaritatea eta parte-hartzea txertatzeko kulturari jarraikiz, parte-hartzean oinarritutako prozedura espezifiko baten bidez landuko dugu Plana, eta ahalik eta iritzi gehien jaso nahi ditugu prozedura horretan”.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, Euskadin etxebizitza eskuratzeko dauden arazoen diagnostiko zorrotza eta osatua du, eta, Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, “egunero argitaratzen dira errealitateari buruzko azterlanak eta txostenak, eta etxebizitzaren urritasun eta garestitzearen arazoaren larritasuna ekartzen digute gogora behin eta berriz”. Hala ere, argitu duenez, “ez dugu diagnostikora mugatu behar, pertsonak behar ditugu etorkizuneko politikekin lotuta dauden alderdi guztietan, eta prospekzio-lan horretan ezin ditugu kanpoan utzi etxebizitza-eskatzaileak”.
Etxebideren erabiltzaileen eta herritarren parte-hartzea
Horrelako esperientziak ez dira berriak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarentzat. Izan ere, ibilbide luzea du egina parte-hartzean oinarritutako asmo handiko eta erreferentziazko prozesuetan, hala nola 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren prozesuan. Hori dela eta, adituen eta herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da Plan Zuzentzailea idazteko garaian. Sailburuak azpimarratu duenez, “funtsezkoa eta guztiz beharrezkoa da sektorearen eta euskal herritarren behar errealetara bideratuta egongo den politika publiko bat diseinatzea, gure Etxebide – Etxebizitzaren Euskal Zerbitzura jotzen duten pertsonak bereziki kontuan hartuta”.
Eragile eta herritarrekiko lankidetza estuari esker, Itxasoren arabera «adostasunean oinarrituta egongo diren, denboran egonkorragoak izango diren eta inpaktu sozial handiagoa eragingo duten” politikak diseinatu daitezke. Ildo horretan, Itxasok azaldu duenez, orain hasiko den herritarren parte-hartzearen bidez herritarrek eta “gure programen eta laguntzen erabiltzaileak diren eta Etxebideko erregistroan eskatzaile gisa inskribatuta dauden pertsonek eta, bereziki, gazteek» proposatutako neurriei buruz duten iritzia zein den jakin nahi da.
Horretarako, galde-sorta bat gaituko da Etxebizitza plataforman eta Irekia zerbitzuaren webgunean bertan. Gida Plan berria idazteko lankidetza eta jasotzen diren ekarpenak aztertu egingo dira, ondoren parte-hartzean oinarrituta egongo den dokumentu zabal bat idazteko. Dokumentu horrek hainbat ikuspuntu eskainiko ditu, eta urteko lehen seihilekoan aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrean.