Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Mendi Garaietako Kontserbazio Bereziko Eremua ia 3.000 hektareatan handitzeko prozesua hasi du

0

Gobernu Kontseiluak Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen Dekretua aldatzeko dekretu-proiektua onartu du. Dekretu-proiektu horri esker, eremu hori handituko da, Gasteizko Mendiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena hartuko du eta kontserbazio-neurriak eguneratuko dira.

Beste urrats bat egin da Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean landutako prozesuan —prozesu horretan gizarteak ere parte hartu ahal izan du—.Dekretu-proiektua bultzada handia izango da Gasteizko Mendien eremuan aurreikusitako kontserbazio-helburuak berma daitezen, baita 2010ean hasitako lanak eremu horri ingurumen-babes egokia emango dion Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan batekin amaitzeko ere. Horrela, Eusko Legebiltzarraren 2021eko martxoko legez besteko proposamena beteko da.

Onartutako dekretu-proiektuak Vitoria-Gasteiz hiriaren hegoaldeko inguru horretako natura-balioen kontserbazioa indartzea dakar, 5.130 hektareako hedadurara iritsi arte (une honetan 2015etik Kontserbazio Bereziko Eremu izendatutako 2.227 hektarea daude).

Irudi horrekin, balio natural handia duten Gasteizko Mendietako elementuak babestuko dira, adibidez: Europar Batasunaren intereseko habitatak, hala nola pagadiak, erkameztiak eta ameztiak, txilardi kaltzikolak (polinizatzaileentzat garrantzitsuak) eta larre lehor erdinaturalak; eskualde-intereseko habitatak, hala nola hariztiak; flora-espezieak, hala nola hagina; eta fauna-espezieak, hala nola okil ertaina eta basoko beste hegazti eta kiroptero batzuk (saguzarrak). Intereseko habitatak Kontserbazio Bereziko Eremu berriaren hedadura osoaren % 61 izango dira.

Ingurumen-babesa eta garapen ekonomikoa

Espedientearen egoera aztertu eta baloratu ondoren, eta Gasteizko Mendien balio naturalei buruz egindako analisiak eguneratu eta mendien mugaketa birdefinitu ondoren, proposatzen da Kontserbazio Bereziko Eremua handitzea eta Natura 2000 Sareko Naturagune Babestuaren aldeko apustua egitea. Gainera, ez du landa- eta ekonomia-garapena baztertzen; aitzitik, biodibertsitatearen kontserbazioari ekarpen hobea egitearekin lotzen du, eta Europar Batasunaren balizko finantzazioen barruan sartzeko aukera ematen du.

Ez dira barne hartzen natura-ondarearen balio garrantzitsurik ez duten eta etorkizunean kudeaketa-arazo izan daitezkeen lursailak. Irizpide horrek, beraz, babestutako eremuaz kanpo uzten ditu Gardelegiko zabortegia, luberritze gehienak eta laborantza-lursailak.

Lursailen titulartasunari dagokionez, Onura Publikoko Mendien katalogoan barne hartzen diren lursailak batik bat aintzat hartzea erabaki da, eta, horretarako, eremu babestuaren mugaketa ahal izan den guztietan moldatu da partzela identifikagarrien mugetara. Proposamenak, halaber, baso autoktonoak babesteko aukera ematen du, garrantzitsuak baitira klima-aldaketari dagokionez, karbonoa biltegiratzeko betetzen duten funtzioagatik. Era berean, garrantzitsuak dira konektagarritasun ekologikoa hobetzeko eta azpiegitura berdeari laguntzeko.

Babestutako zona berriak Vitoria-Gasteizko 17 kontzeju hartzen ditu: Bolibar, Andollu, Subilla-Gasteiz, Zumeltzu, Ariñiz, Gometxa, Eskibel, Armentia, Berrostegieta, Lasarte, Gardelegi, Gaztelu, Mendiola, Monasterioguren, Gamiz, Uribarri Nagusia eta Aberasturi.

Arabako erakunde nagusien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioarekin, proposamen honek Eusko Legebiltzarrak 2021eko martxoaren 18an onartutako legez besteko proposamena betetzea dakar —proposamen horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion Gasteizko Mendi Garaien Kontserbazio Bereziko Eremua handitzea—, baita Arabako Batzar Nagusietan 2021eko martxoaren 24an onartutako mozioa betetzea ere.

Aberastasun ekologikoa

Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremuak hiri horren hegoaldean dagoen mendi-sistemaren —Arabako Lautadaren hegoaldeko muga— sektore bat hartzen du. Altuera handirik ez duen arren (ozta-ozta gainditzen dira 1.000 metroak), ekialde-mendebalde ardatzean kokatzeak intereseko hesi biogeografiko bihurtzen ditu Gasteizko Mendiak. Hesi horrek jarraipena du Iturrietako mendietatik ekialderantz eta Tuioko mendietatik mendebalderantz. Paisaia horretan zuhaizti autoktonoko baso-masak dira nagusi, larre- eta sastrakadi-eremu batzuekin.

Natura 2000 Sarea Europar Batasunaren lurraldearen biodibertsitatea babesteko tresna nagusia da. Sare horren helburua da Europar Batasunaren biodibertsitatea bermatzen laguntzea, habitat naturalen eta basoko fauna eta floraren kontserbazioaren bidez, betiere eskakizun ekonomiko, sozial eta kulturalak eta eskualdeko eta tokiko berezitasunak kontuan izanik.