Eskola-garraioa Euskadiko Hezkuntza Sistemaren zerbitzu osagarria da, eta 100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango du datozen lau urteetarako
Bost milioi eurotik gorako kontratu baten gastu-baimena onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta. Eskola-garraioaren zerbitzu berria lizitatzeko prozesuak eskatzen duen urratsetako bat da. Zerbitzu berriak 47.700.932 euroko inbertsioa eskatuko du datozen bi urteetarako, eta beste bi ekitalditara luzatu ahal izango da. Horrenbestez, zerbitzuaren balio zenbatetsia 104.074761,60 eurokoa da.
Lizitazio berri horrek egonkortasuna eta lasaitasuna ekarriko die familia erabiltzaileei. Gainera, garraiolarien sektoreak azken urteotan egindako eskaerei heldu zaie, eta, hartara, eskola-garraioaren zerbitzuaren lizitazioak sendotasuna eta egonkortasuna eskaintzen ditu —lizitazioa espediente bakar batean aterako da—.
Kontratazio horrek ibilbideen azterketa sakonaren emaitzazko berrikuntzak ditu. Optimizazio- eta efizientzia-irizpideek, familien eta ikasleen premiak asebetetzeaz gain, ibilbideak eguneratzea eta zerbitzua behar den tokian bermatzea ahalbidetuko dute.
Zerbitzuaren helburua ikasleak ikastetxeetara irits daitezen erraztea da. Berrikuntzetako bat da lizitazio bakar batean esleituko dela, lurralde historikoen arabera zatitu beharrean. Esleipen-irizpideek kontuan hartuko dituzte, eskaintza ekonomikoa eta enpresen kaudimena, flotaren ingurumen-kalitatea eta gidatze efizientearen arloko prestakuntza, ingurumen-kalitate ona eta garraio jasangarria bultzatzearren.