Industriarako 500 milioi euroko Laguntza-Plana

0

Gobernu Kontseiluak Industriarako 2025 Laguntza Programa berria onartu du gaur, 500 milioi euroko zuzkidurarekin. Programa berri honen helburua industria-sektorea indartzea da, Euskadiko enpresa txiki eta ertainei arreta berezia eskainiz.

Mikel Jauregi sailburuak azaldu duenez, Plan honek, lehen aldiz, energia berriztagarrien bidezko kontsumo termikoen autokontsumorako eta elektrifikaziorako laguntzak aurreikusten ditu. 80 milioi euro bideratuko dira atal horretara.

Industria bultzatzeko programa honek hiru zutabe nagusi ditu: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago.

Industria-jarduera sustatzeko atala industria-politika garatzeko tresnak martxan jartzera bideratuta dago eta helburu gisa ditu: industria-proiektu berriak sortzea, enpresa-ekimen berrien hazkundea babestea eta Euskadin enpresa eragile ta liderrak errotzea. Atal honek 78 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du.

Industria hobea sortzeari dagokionez, atal honetan, digitalizazioa eta teknologia berriak sustatuko dira eta 223 milioi euroko aurrekontua bideratu da.

Azkenik, emisio gutxiagoko atalak industriaren deskarbonizazioaren aldeko apustua egiten du. 111 milioi euro bideratuko dira energia-eraginkortasunean eta sorkuntza berriztagarrian sakontzeko tresna eta laguntzetara.

Dirulaguntzen programa honek euskal industriaren dinamismoari eutsi nahi dio, arreta berezia jarrita Euskadiko ekonomiaren oinarri eta motorra diren Enpresa Txiki eta Ertainei,  «Gure industriaren aldeko apustua egiten dugu enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzeko», adierazi du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak  “industria indartzen eta errotzen lagundu nahi dugu eta baita trantsizio energetikoak edo eraldaketa digitalak dakartzaten erronkei aurre egiten ere”.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna

Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzional bat ere onartu du, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta.

Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak adierazpenaren irakurketan azpimarratu du: «zientziaren, unibertsitatearen eta berrikuntzaren arloetan genero-desberdintasunari aurre egitea Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitateen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainerako erakundeen arteko lana da; horietako askok, gainera, genero-berdintasunerako planak dituzte».

Juan Ignacio Perez Iglesiasek adierazi du eragile eta pertsona guztiei dagokigula zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruan genero-berdintasunaren alde lan egiten jarraitzea. «Emakumeek zientzia behar dute, eta zientziak emakumeak behar ditu -azaldu du- ezagutza-iturri guztiak, talentu-iturri guztiak eta berrikuntza-gaitasun guztiak baliatuz soilik lortuko dugu zientziaren ahalmena bere osotasunean aprobetxatzea egungo erronkei erantzuteko eta bizitza hobea lortzeko”.

“Eusko Jaurlaritzarentzat, atzo bezala, bihar ere, emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, Eusko Jaurlaritzarentzat egunero delako emakume eta neska zientzialarien eguna” amaitu du sailburuak.

Ikastetxe publikoetarako eskola-garraioaren lizitazioa berrituta

Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoetarako eskola-garraioaren lizitazioa berritu du. Eskola-garraioa Euskal Hezkuntza Sistemaren zerbitzu osagarria da, eta 100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du datozen lau urteetarako.

Bozeramailearen hitzetan, lizitazio honek egonkortasuna eta lasaitasuna ekarriko die familia erabiltzaileei. Gainera, “garraiolarien sektoreak azken urteetan egindako eskaerei erantzun zaie;  beraz, eskola-garraioko zerbitzuaren lizitazioak, espediente bakar batean aterako denak, sendotasuna eta egonkortasuna ematen ditu” gehitu du.

Kontratazio honek berrikuntzak dakartza, ibilbideen azterketa sakon baten emaitza direnak. Optimizazio- eta efizientzia-irizpideek, betiere familien eta ikasleen beharrak betez, posible egin dute ibilbideak eguneratzea, zerbitzua behar den tokian ziurtatuz.

18 milioi euro doako laguntza juridikorako

Era berean, Gobernu Kontseiluak 18 milioi euroko gastua baimendu du gaur, doako laguntza juridikoaren zerbitzua finantzatzeko.

Bozeramaileak azaldu duenez, zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen eta Prokuradoreen elkargo profesionaletako abokatuen bitartez ematen da 2025ean.

Urtealdi honetan, aurrekontua milioi bat euro inguru handitu da 2024koarekin alderatuta, iazkoa 17,2 milioi euro izan baitzen.

Doako justizia eskubide konstituzional bat da, abokatutzako profesional baten zerbitzu partikularrak kontratatzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten inputatu, atxilotu edo presoei mesede egiten diena nagusiki.  Zehazki, abokatutzaren elkargoek 15,4 milioi jasoko dituzte ofizio- eta guardia-txandak finantzatzeko, eta 1,6 milioi gehiago funtzionamendu-gastuak ordaintzeko. Bestalde, prokuradoreen elkargoek 900.000 euro jasoko dituzte ofiziozko txandarako eta 200.000 funtzionamendu-gastuetarako.

Giza eskubideen arloko proiektuetarako laguntzak

Euskadiko udalei eta gainerako toki-erakundeei bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak garatzeko laguntzak emateko gaur Gobernu Kontseiluan onartutako deialdiaren berri ere eman du Maria Ubarretxenak. 250.000 euro bideratuko dira ekimen horiek finantzatzera.

Bozeramailearen esanetan, programa honen helburua da euskal gizartean bizikidetzan, giza eskubideen errespetuan, enpatian eta elkartasunean oinarritutako kultura sustatzea.

Printzipio horiekin bat datozen ekimenak sustatzen dituzten udalek eta irabazi-asmorik gabeko toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

Laguntza horiek arautzen dituen 57/2018 Dekretua indarrean jarri zenetik, 422 proiektu sustatu dira eta 1,75 milioi euro banatu dira guztira.

Ertzaintzako lanpostuak betetzeko dekretuaren aldaketa, zerbitzuan 8.000 ertzain izateko

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Lanpostuak Betetzeko Dekretua aldatzea erabaki du, Ertzaintzan behin-behineko atxikipenak egin ahal izateko.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu du, aldaketa horren bidez, oinarriak ezarri nahi direla legeak ahalbidetzen dituen kopururaino iristeko, hau da, zerbitzuan 8.000 ertzain izateko. Hemendik aurrera, aurreko barne-lehiaketetan sortutako lanpostu hutsak bete ahal izango dira, langile berriak sartzeko sustapenen bidez eta igoera-sustapenen bidez.

Horrela, Ertzaintzan lanpostu hutsik ez geratzea lortu nahi da. “Dakizuenez, – adierazi du- Ertzaintzan ezin dira absentziak ordeztu, beste funtzionario-kidego batzuetan bezala, bitarteko edo aldi baterako langileak kontratatuz”.

Ertzaintzako praktiketako prestakuntzaren hitzarmena

Era berean, Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur Ertzaintzak hezkuntza-lankidetzako hiru hitzarmen sinatzeko ikastetxe batzuekin.

Ubarretxenak azaldu du zehazki hitzarmenak sinatuko direla Kataluniako Vic-eko Unibertsitatearekin (hau da, Kataluniako Unibertsitate Zentrala), Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarekin (hau da, UNED) eta Don Bosco LHII lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoarekin.

Akordio horiei esker, ikastetxe horietako ikasleek Ertzaintzaren bulegoetan egin ahal izango dute praktiketako prestakuntza. Ertzaintzaren aholkularitzapean eta harekin lankidetzan, harrera- eta tutoretza-programa bati jarraituz.

Finantzen Euskal Institutuaren hitzarmena, enpresak finantzatzeko

Azkenik, Gobernu Kontseiluak onartu du beste lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea Luzaro entitatearekin, finantza-erakunde bazkideekin, Elkargirekin eta Finantzen Euskal Institutuarekin.

Hitzarmenaren helburua da, bozeramaileak azaldu duenez, euskal enpresen finantzaketari laguntzeko programei jarraipena ematea. Lankidetza-hitzarmenen bidez, Euskadiko ETEek -enpresa txiki eta ertainek- jasaten duten finantzaketa-kostua murriztu eta haien finantzaketa-iturriak handitu nahi dira.

Formalizatu beharreko maileguen gehieneko diru-kopurua 2 milioi eurokoa izango da enpresa edo talde ekonomiko bakoitzeko, 10 urteko gehieneko epean.

1,6 milioi euro genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat

Amaitzeko Ubarretxena sailburuak jakinarazi du, Jaurlaritzak 1,6 milioi euro bideratuko dituela genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak laguntzeko dirulaguntzetara.

“Laguntza hori behar duten eta baldintzak betetzen dituzten emakume guztiek eskuratu ahal izango dute 2025ean,- esan du- eta beraz, hasierako partida hori handitu egin daiteke egon litezkeen eskaera kopuruaren arabera”.

Laguntza dena batera ordainduko da eta helburua da genero-indarkeria jasan duten emakumeei tratu txarretatik irten eta independentzia ekonomikoa izaten eta bizitza berri bat hasten laguntzea.

Programa honen xede nagusia, beraz, emakumeari bizitzeko gutxieneko baliabideak ematea da, aldi baterako diru-sarrera ezari edo diru-sarrera gutxi izateari aurre egiteko.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena