Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 250.000 euro bideratu dizkie udalei eta toki-entitateei, bizikidetzarekin lotutako proiektuetarako

0

Dirulaguntza horiek euskal gizartean bizikidetzan, giza eskubideen errespetuan eta elkartasunean oinarritutako kultura sustatzea dute helburu

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta gainerako toki-entitateei bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onartu du gaur. Horrela, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bizikidetza eta giza eskubideak sustatuko ditu dirulaguntza berriekin. Horretarako, 250.000 € bideratuko ditu 2025-2026 aldirako.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, kontseiluak onartu egin ditu dirulaguntzak, bizikidetzan, giza eskubideen errespetuan, enpatian eta elkartasunean oinarritutako kultura sustatzeko helburuarekin. Onuradunak udalak zein toki-entitateak izan ahalko dira, beti ere era horretako balioak sustatzeko ekintzak bultzatzen badituzte.

Proiektuek Gobernu Programaren IV. Ardatzaren barruan egon beharko dute, bizikidetzari, memoriari eta giza eskubideei lotuta. Helburua bizikidetzaren kultura demokratikoa eta pertsona guztien arteko errespetua sustatzea da. Horrez gain, «Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi global baterako» 2024-2028 Gobernu Programaren konpromisoa betetzen lagundu beharko dute. Programa horren helburua edozein diskriminazio motaren aurrean giza eskubideak, aniztasuna eta pluralismoa errespetatzeko kultura soziala eta politikoa sustatzea da.

Laguntza horiek arautzen dituen 57/2018 Dekretua indarrean jarri zenetik, 422 proiektu bultzatu dira. Guztira 1,75 milioi euro esleitu dira. Lurraldeka, Bizkaia izan da proiektu gehien aurrera eraman dituena, 258, eta esleitutako zenbatekoa 938.001,23 € izan da. Gipuzkoak 113 proiektutarako dirulaguntzak jaso ditu, 478.709,17 € guztira; Arabak, berriz, diruz lagundutako 51 proiektu bultzatu ditu, 333.019,72 € guztira.