Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen agindua. Horretarako, Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak 1,6 milioi euro bideratuko ditu bere aurrekontutik. Nolanahi ere, partida hori handitu egin daiteke, laguntza hori behar duten eta baldintzak betetzen dituzten emakume guztiek eskuratu ahal izango baitute 2025ean.
Behin bakarrik eta pilatuta kobratzen den laguntza ekonomiko bati buruz ari gara. Horren helburua da genero-indarkeria jasan duten emakume horiei erasotzailearengandik independizatzen laguntzea, eta harengandik independentea den bizimodu berri bat hastea. Laguntza horren bidez lortu nahi da zorrei aurre egin ahal izatea (askotan erasotzaileak sortutakoak), behar izanez gero etxebizitza aldatzea, alokairu baten fidantza ordaintzea, etab. Laguntza horren azken helburua da diru-sarrerarik eza edo eskasia neurri batean arintzea, emakumeari bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk emateko.