Zarauztarra estatu mailan horrelako txapelketa batean lehiatu den lehen emakumea izan da eta bederatzigarren amaitu du zirkuituko lehen txapelketan, Hawaiiko Lexus Pipe Pro-an
Nadia Erostarbe etxera itzuli da euskal kirolean historia egin ostean, WCTn, munduko surf zirkuitorik onenean, debuta egin ondoren. Gaur harrera egin diote Donostian Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzaileak. Gipuzkoako hiriburuko Aquariumeko Auditorioan egindako prentsaurrekoan Euskal Federazioen Batasuneko kideak, Guillermo Gutiérrez bere teknikaria, lankide eta surflariak eta komunikabide ugari ere izan dira.
Basque Teameko kirolaria pozarren agertu da bere ibilbide bikainean beste pauso bat eman ondoren, Banzain (Oahu, Hawai) jokatutako Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean estreinakoa izan baitu. 2025ean World Championship Tour (WCT) munduko surfaren kategoria gorenean egin den lehen ekitaldia izan da. Horrela, estatu mailan surfaren zirkuiturik ospetsuenean debuta egin duen lehen emakumea izan da Nadia, eta bigarren euskal surflaria, estatuan Aritz Aranburu Basque Teameko kirolaria bakarrik iritsi baita maila horretara.
Bere hitzartzean, Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, hiru ideia nabarmendu ditu. Lehena, elkarlanaren garrantzia, erakunde eta kirolarien artean: “Erakundeen laguntza ezinbestekoa da goi-mailako kirolarien ibilbidean. Erakundeok gertu egon behar dugu bide hori errazteko eta hazten laguntzeko. Eta elkarlana da horren guztiaren gakoa”.
Bigarrenez, kirola baloreen eta nortasunaren transmisiorako tresna paregabea dela azpimarratu du Bengoetxeak: “Euskadi Berria eraikitzen ari gara, kirolaren baloreetan oinarritutako komunitate indartsu bat. Eta, Euskadi Berri horretan, erreferenteak behar ditugu, eta gu, erakundeok, erreferente horiekin egongo gara partekatutako etorkizun hori elkarrekin eraikitzeko”.
Azkenik, lehendakariordeak balioan jarri du surfak jokatzen duen papera Euskadi Globala estrategian: “Gure herriaren nazioartekotzean eta ofizialtasunean, surfa elementu garrantzitsua da berezko izaera, nortasuna eta historia boteretsua baitu Euskadin, gure herriaren ikur izateko kanpoan. Horregatik, azken bi ziklo olinpikoetan ia milioi bat euro bideratu dira surflarien beketara eta surfaren proiektura”.
Debut bikaina
Nadia Erostarbek aurreko urtean egindako denboraldi bikaina ez zen oharkabean pasa World Surf Leaguean (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko gonbidapena eman zion. Nadia 2024an postu batera geratu zen CTra igotzeko borrokan, Challenger Serieetako zerrendako seigarren surflaria zen, horregatik aukeratu zuten Hawaiin baja izan den Johanne Defay ordezkatzeko.
Lexus Pipe Pro txapelketan, Nadiak debut bikaina egin zuen. Zarauzko surflariak bigarren postuan amaitu zuen hasierako txandan, final-zortzirenetan toki bat bermatuz. Bere saioa amaitzeko bi minutu besterik falta ez zirenean, Nadiak aukera aprobetxatu zuen bere bigarren olatua zamalkatzeko eta bere backside surfing zenbait maniobrarekin erakusteko. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko emaitza lortu zuen, Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa.
Egun batzuetako geldialdiaren ondoren, Nadiak berriz ere Caroline Marks estatubatuarrarekin neurtu behar izan zituen indarrak final-zortzirenetan, 2023an Munduko txapeldun izandakoarekin. 40 minutuko txanda batean, olatu gutxirekin eta korronte handiarekin, ezin izan zen luzitu.
Lehenengo 25 minutuetan bi kirolarietako batek ere ezin izan zuen ia ezer egin. Azken ordu laurdenean Marksen bi eskuinek garaipena eman zioten. Nadia urduri samar egon zen, zalantzakor kasu batzuetan, eta ez zuen lortu horrelako aurkari bati irabazteko behar zituen olatuak.
Nadiak bederatzigarren amaitu zuen CTko urteko lehen proba handian, eta garrantzitsuagoa dena, beste urrats erraldoi bat eman zuen bere ibilbide bikainean. Gogoratu behar da zarauztarra izan zela estatu mailan Joko batzuetarako sailkapena lortu duen lehen surflaria, 2021eko Tokioko programa olinpikoan surfa sartu zenetik. Puerto Ricon Munduko Txapelketa ederra eginez lortu zuen txartela, 2024an, finalera iritsiz eta merezimenduzko laugarren postuarekin amaituz.
Gaztea izan arren, Nadia Erostarbek sei World Surfing Game (ISAk antolatutako Munduko Txapelketa) jokatu ditu, eta Challenger Serieetako zirkuitu pribatuan izarretako bat da, CTtik gertuen dagoen zirkuituan, lehiari dagokionez. Aipatzekoak dira Sydney Surf Pro presented by Bonsoy eta Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico txapelketetan lortutako hirugarren bi postuak eta iaz Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM eta Ballito Pro txapelketetan lortutako bosgarren postuak.
Orain Nadiak beste pauso bat eman du Munduko 18 surflari onenen zirkuituan lehen aldiz lehiatuta.