Amaia Barredo: “elikaduraren eta gastronomiaren arloak garapenerako eta berrikuntzarako aukera handiak eskaintzen ditu enpresa berriak eta gazteentzako enplegua sortzeko”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “Elikaduraren eta Gastronomiaren arloak garapenerako eta berrikuntzarako aukera handiak eskaintzen ditu Euskadin, enpresa eta enplegu berriak sortzeko, batez ere ikerketaren arloan eta, produktu naturaletan oinarrituta, janari osasungarriago eta proteinikoago baten aldeko apustua egiten duten formula eta errezeta berriak sortzearen arloan”.

Amaia Barredok, Raul Pérez Iratxeta sailburuordearekin batera, Basque Food Laboratory, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ESHBI – Bilboko Ostalaritza Goi Eskolako ikerketa eta berrikuntza gastronomikoaren atala bisitatu du Artxandan.

Bertan, Asier Rodríguez eta Aitzol Iturri irakasleek, Ioseba Lozano zuzendariarekin batera, enpresentzat eta ekoizleentzat prestatzen dituzten soluzioak erakutsi dizkiote; soluzio horiek garapen gastronomiko eta tekniko berriak sortzen dituzte, merkatuaren joera eta behar berriekin lerrokatuta, ekonomia zirkularraren barruan eta elikagaiak alferrik galdu gabe.

Lan-aukera berriak

“Zorionez, janari mota guztien aprobetxamendua ikertzen eta errealitate bihurtzen ari dira, iraungi ez daitezen, eta kirolariek eta zainketa mediko bereziak edo intolerantzia jakin batzuk dituzten pertsonek preziatzen dituzten janari osasuntsuak sortuz. Eusko Jaurlaritzaren eskoletako eta eskola pribatuetako ostalaritzako ikasle askori etorkizun handiko leiho berri bat ireki zaie”, adierazi du Amaia Barredok.

Euskadiko elikaduraren arloko arduradun gorenaren ustez, “animalientzako eta maskotentzako elikagaiak ikertzeko eta garatzeko ere eremu zabala dago.  Artxandan proposamenak eta soluzioak sortzen ari dira. Gure herriari beste bultzada bat ematea da, gure etorkizuna eraikiz eta prestatuz”.

Basque Food Laboratory atalak elikaduraren arloan diharduten enpresetako 56 bezero ditu, eta, azken hamar urteetan, supermerkatu, denda eta kateetako lineetarako produktuen eta elikagaien 231 garapen sortu ditu haientzat. Labeen, makinariaren eta elikagai-teknologiaren fabrikatzaile handiekin ere lan egiten du, sukaldaritzak bizi duen gaur egungo iraultzaren barruan. Irakasle, teknikari eta aditu askok elkarlanean dihardute ekoizleen eta elikagai-industriaren artean lotura berriak ezartzeko.

Proposamen berriak

Artxandan garatutako produktuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: espirulinadun barratxo energetiko hiperkalorikoak, balio nutrizional handikoak eta kirolarientzat idealak; ganba, txipiroi eta antxoa beganoak eta dieta baterako egokiak; espirulina-bonboia, espirulinatik datorren balio nutrizional handikoa; esne-serumean oinarritutako proteina ugariko gazta zaporeztatua; jatetxeetarako aromen diseinua; kontserba-enpresetarako hobekuntzak; cateringerako produktu gastronomikoak 20 erreferentzia berrirekin; aprobetxamenduko saldak eta infusioak; oliba-olioaren marmelada; hegaluze beganoa, algetan eta landare-proteinan oinarrituta; proteina ugariko eta karbono-hidrato gutxiko opilak; shiitake hartzitua; sirope edulkoratzailea datilean oinarritua; smoothie osasungarriak, baztertutako babarrun zurian oinarrituta; frijiturik gabeko snacka; hanburgesa beganoa landare-proteinan oinarrituta;  edo espirulinadun edari isotonikoak, beste askoren artean.