- Emakumeen inplikazioa ikusezin bihurtu duten gertaera eta irudi historikoen adibideak ematen ditu dokumentuak
- Argitalpenak memoria historikoan genero-ikuspegia txertatzeko gakoak ematen ditu
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Lexuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak «Memoria historikoa genero-ikuspegiarekin» gida aurkeztu dute Bilbon, Isabel Mellén eta Virginia López de Maturana historialariekin batera. Gidaren helburua da emakumeak kontakizun historikoan txertatzea eta haien bizipenei eta esperientziei balioa ematea, utzi duten ondarea babesteko, azaleratzeko eta haien desagerpena saihesteko.
Emakundeko zuzendariaren ustez, argitalpen honek «guztiona izango den memoria bat eraikitzen lagundu behar du, barneratzailea, zorrotza, zientifikoa eta genero-estereotipoetatik urrun dagoen kontakizun historiko baten bidez». Gidaliburuan, kontaketa historikoa androzentrikoa izatea lagundu duten faktoreak aztertzen dira. Honetan, denbora luzez emakumeak ikusezin bihurtu dira, eta emakumeek egindako ekarpenen ikuspegi estereotipatua eman da. Zentzu horretan, ahaztuta geratu diren emakume askoren izenak eta istorioak berreskuratzeko beharra azpimarratu du Miren Elgarrestak, «aitorpen publikoa merezi dutelako eta belaunaldi berriek emakumeen erreferenteak behar dituztelako bizitzako esparru guztietan».
Gida landu duten bi historiagileek azpimarratu dutenez, kontakizun historiko hegemonikoa gizona subjektu bakar gisa eratu da nagusiki, eta, beraz, beste pertsona edo kolektibo batzuek egindako gainerako ekarpenak ez dira nabarmendu.
Horrela, deigarriak dira kontakizun historikoan maskulino generikoa erabiltzeari buruz, edo adierazpen artistiko batzuetan emakumeen egiletza ezkutatzeko erabili diren estrategiak. Hori guztia, gertaera historikoen eta artelanen adibide ugariren bidez azaltzen du gidak.
Lanak genero-estereotiporik gabeko kontakizun historikoa ikuspegi kritiko eta eraikitzailetik berreraikitzeko gakoak ere ematen ditu. Horretarako, ikertzaileek Amelia Barquín filologoaren ekarpenak ere jaso dituzte lan honetarako, eta memoria historikoan genero-ikuspegia txertatzeko ideien dekalogo bat sortu dute, azterlan, ikerketa eta dibulgazio historikoan inplikatutako erakunde, profesional eta gizarte-eragileentzako laguntza eta orientazio gisa.