Euskalmeten arabera, urtarrila ohikoa izan da prezipitazioari dagokionez eta oso beroa tenperaturari dagokionez

0

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urtarrila ohiko izan da prezipitazioari dagokionez eta oso beroa tenperaturari dagokionez. Hilabete osoan egin duen euriaren ia % 40 hilaren 30ean pilatu zen. Era berean, batez besteko tenperatura oso beroa izan da, gutxi gorabehera 1.4 ºC 1991-2020ko ohiko batezbestekoaren gainetik.

Euskalmeten arabera, prezipitazio-egunak klimatologia batezbestekoa baino gehiago izan dira kostaldean, 15 egun inguru, eta klimatologia batezbestekoa baino gutxiago Arabako Lautadan, 7 egun inguru. Horrek nolabaiteko irregulartasuna erakusten du prezipitazioaren espazio eta denbora banaketan.

Horrela, hilaren 30ean, hilabetean euri gehien egin zuen egunean, batez besteko prezipitazioa 42.9 l/m²-koa izan zen EAEn, eta 60 eta 100 l/m² artean metatu ziren Gipuzkoa barnealdeko zenbait lekutan (Ameraun 97.8 l/m², Añarbe 92.6, Berastegi 89.8, Bidania 87.4 eta Alegia 83.2) eta isurialdeen banalerroan (Gorbea 80.9, Otxandio 80.4 eta Zegama 77.5).

 

Gainerakoan, prezipitazio-baliorik altuenak, ohikoa den moduan, Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mugan, pilatu ziren (Eskas 229.3 l/m², Ameraun 212.1, Añarbe 211.5 eta Berastegi 201.3). Leku  horietako balioetara hurbildu ziren Kantauri isurialdearen barnealdean (Iruzubieta 177.9 l/m², Aitzu 176.2, Bidania 174.6, Alegia 160.6 eta Cueto 156.1) eta isurialdeen banalerroan (Zegama 202.9 l/m², Gorbea 160.2 eta Otxandio 156.6). Prezipitazio-baliorik baxuenak, berriz, Ebro ondoko eskualdean (Moreda 47.1 l/m² eta Zambrana 53.7) eta Arabako Kantauri isurialdean (Saratxo 54.9 eta Gardea 69.4) pilatu ziren.

Urtarrileko batez besteko tenperatura oso beroa izan da. Berez, kostaldean 11 ºC-tik gorakoa izan da eta Arabako Lautadan 6 ºC ingurukoa, gutxi gorabehera 1.4 ºC 1991-2020 ohiko batezbestekoaren gainetik. Mende hasieratik, zazpigarren urtarril beroena izan da, 0.5 ºC altuagoa 2002ko eta 2016ko urtarril beroenekin alderatuta. Aldi hotzetan, zenbait egunetan izotza egin du.

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa urte-sasoi honetarako ohikoa dena baino handiagoa izan da, % 15-25 eguzki-ordu gehiago izan baitira, Gipuzkoako kostaldean izan ezik, kasu horretan ez baitira klimatologia batezbestekora iritsi. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 98 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 89 eta Gasteizek 103.

Urtarrilean muturreko egoerengatik abisu ugari aktibatu behar izan ziren, batez ere, hilaren 24tik hilaren amaierara arte, hainbat depresio sakonen ondorioz. Horiek haize-bolada gogorrak, itsaso zakarra eta euriteak eragin baizituzten.

Berez, Eusko Jaurlaritzak urtarrilean 41 abisu aktibatu zituen (1 elurragatik, 11 haizeagatik haizeguneetan, 6 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 8 olatuen altueragatik nabigaziorako, 5 kostaldeko inpaktuagatik, 2 zipriztinengatik eta 7 izotzagatik), bai eta 6 alerta laranja ere (2 haizeagatik haizeguneetan, 1 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 2 olatuen altueragatik nabigaziorako eta 1 kostaldeko inpaktuagatik).