Eusko Jaurlaritza hezkuntza-emaitzak hobetzeko plan integrala bultzatzen ari da

0

Hezkuntza Sailak gaur aurkeztu du 2024-2028 aldiko emaitzak hobetzea eta ikasleen ikaskuntza indartzea helburu duen estrategia integrala.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, «Euskadik hezkuntza-sistema sendoa eta erresilientea du», eta azpimarratu du ikasleen arrakasta akademikoa bermatzeko ezinbestekoa dela gaur egungo gizarte aldaketetara egokitzea.

Hezkuntza Sailak gaur arratsaldean prentsaurreko bat egin du, eta bertan aurkeztu da ikasleen emaitzak hobetzea helburu duen 2024-2028 estrategia integrala. Prentsaurrekoan parte hartu dute Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Lucía Torrealday Hezkuntza Politiketako sailburuordeak eta Josu Solabarrieta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (ISEI-IVEI) zuzendariak. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin den prentsaurrekoan, gainera, gaur argitaratu diren 2023ko eta 2024ko Ebaluazio Diagnostikoen txostenaren datu nagusiak ere aurkeztu dira. Txosten horien emaitzek aukera emango dute joerak aztertzen jarraitzeko, eta horrez gain, ikasleen eta hezkuntza-sistemaren emaitzak hobetzeko estrategiak indartzeko.

Sailburuak azpimarratu du gizartea etengabe aldatzen ari dela eta aldaketa horiek zuzenean eragiten diotela ikasleek ikasten duten moduari. Ikasgeletako aniztasuna, bilakaera demografikoa edo teknologia berriak, besteak beste, dira irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan eragiten duten adierazle nagusiak. Horregatik, berretsi egin du Hezkuntza Sailak duen konpromisoa:  hezkuntza-sistema malgua eta unean uneko errealitatera egokitzen dena indartzea. «Ikasleen emaitzak hobetzeko aldaketa eta erronka guztiei zorroztasunez, anbizioz eta autoexijentziaz erantzuteko determinazioa du Hezkuntza sailak, izan ere, Euskadik hezkuntza-sistema sendoa eta erresilientea baitu», baieztatu du.

Hobekuntzarako egiturazko neurriak

2024-2028 emaitzak hobetzeko estrategia integralari dagokionez, Hezkuntza Sailak hezkuntza indartzeko programa berriak aktibatu ditu, 24.000 ikasleri baino gehiagori mesede egiten dietenak, hain zuzen. Horien artean, matematika eta irakurmenaren ulermena indartzeko programa berriak nabarmentzen dira, Lehen Hezkuntzako 4. eta 3. mailako ikasleei zuzenduak, hurrenez hurren. Saio hauek eskola-ordutegitik kanpo ematen dituzte horretarako berariaz prestakuntza duten irakasleek, eta ikasleen jarraipen pertsonalizatua egiteko, ikasgelako tutoreekin koordinatzen dira. Horrez gainera, konpetentzia zientifikoaren esparruan, zientzien didaktikako prestakuntza ematen ari dira lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat.

Ikasleen garapen akademikoan eragina duten neurri osagarriak ere ezarri dira. Horien artean aipagarria da Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan eratu den 12-16 urteko ikasleentzako ikaskuntza sozioemozionalean sakontzeko programa. Bigarren Hezkuntzan aniztasuna kudeatzeko estrategia berriak lantzeaz gainera, adimen handiko ikasleak artatzeko baliabide berriak ere jorratu dira. Hala, ikasleen garapen emozionalean eta euren bokazioari lotutako sostengua ematen da. Era berean, Haur Hezkuntzan Ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleen identifikazio goiztiarra (2-5 urte) gauzatzeko bidea zabaldu da ikastetxe guztietara, bizkorrago eta modu eraginkorragoen esku hartzeko modua erdietsiz horrela.

Ikasle zaurgarrienei laguntzeari dagokionez, Eraldatzen programak 67 ikastetxe publikotako 13.000 ikasleri egiten die mesede, dagoeneko. Familien parte-hartzea indartzea, ikastetxeetako bizikidetza hobetzea eta gaitasunen ikaskuntzan oinarritutako hezkuntza inklusiboa sustatzea da helburu nagusia.

Azkenik, hezkuntzaren hobekuntzan eman diren urratsekin jarraituz, Hezkuntza saila egiturazko neurriak ezartzen ari da, hala nola, ratioak jaitsiz eta zuzendaritza- eta irakasle-taldeak sendotu eta egonkortuz. Azken bost urte hauetan, esate baterako, 8.367 lanpostu finkatu dira, eta horrek irakaskuntzaren egonkortasuna eta hezkuntzaren kalitatea indartu ditu.

Ebaluazio diagnostikoen emaitzak 2023-2024

2023 eta 2024ko ebaluazio diagnostikoei esker, ikaskuntza joerak aztertu eta hezkuntza-sistema hobetzeko estrategiak indartu ahal izan dira. 2023ko ebaluazioak ikasleen tarteko etapak ebaluatzen ditu (Lehen Hezkuntzako 4. maila eta DBHko 2. maila), eta 2024koak, berriz, ikasleen amaiera etapak ebaluatzen ditu (Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko 4. maila), eta bi urtean behin txandakatuz egiten dira ebaluazio hauek.

Lehen Hezkuntzan, hobekuntza esanguratsua izan da zientziarako gaitasunean, izan ere, 2024an 6 puntu igo baita gaitasuna Lehen Hezkuntzako 6. mailan. Hala ere, gaztelaniazko hizkuntza-komunikaziorako gaitasunean 4 puntuko jaitsiera aurkitu da, eta horrek adierazten du hobekuntza-arlo bat badagoela. Gainerako gaitasunetan, emaitzak ia ez dira aldatu aurreko edizioekin alderatuta.

Bigarren Hezkuntzan, gaztelaniazko hizkuntza-komunikazioari dagozkion datuak hobetu egin dira: 2023an 17 puntu jaitsi bazen, 2024an igoera gertatu da 2022arekin alderatuta 5 puntu hobetuz. Zientziarako gaitasunak ere gora egin du: 2023an 17 puntu jaitsi zen, baina 2024an aurreko mailetara itzuli da. Euskara eta ingelesa arloetan gertatu diren aldaketak txikiagoak dira, 3 puntu jeitsi da euskaran eta 3 puntu igo da ingelesean. Matematikarako gaitasuna egonkor mantentzen da etapa eta proba guztietan.

Emaitza akademikoen arteko aldeak oso lotuta daude Indize Sozioekonomiko eta Kulturalarekin (ISEK). Hezkuntza Sailak indartze-politikak aktibatu ditu jada; hezkuntza-arrakala murrizteko eta Ikaskuntzarako ekitatea hobetzeko estrategiak ezartzen jarraituko du.

Errendimendu-mailei dagokienez, hasierako mailako ikasleen ehunekoak ez du igoerarik izan konpetentzia gehienetan. Hezkuntzaren erronketako bat da hasiera mailan dauden ikasle kopurua murriztea. Hala, Lehen Hezkuntzako 6. mailan nabarmen murriztu da gaitasun zientifikoan hasierako mailan zeuden ikasleen ehunekoa ( % 33tik % 21era), eta pixka bat igo da gaztelaniaren kasuan ( % 17tik % 20ra) eta ingelesean ( % 14tik % 17ra). Bigarren Hezkuntzan, hasierako mailako ikasleen ehunekoak egonkor jarraitzen du matematikan, euskaran eta ingelesean, eta 2024an susperraldia dagoela ikusten da; % 15ean kokatu denez, Europako xede-ehunekora iritsi da.

Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) nabarmendu du emaitzarik onenak lortzen dituzten ikastetxeak direla etengabeko hobekuntzako ekimenak abian jartzen dituzten ikastetxeak. Oso positiboa da Euskadik norabide horretan aurrera egiten jarraitzea, estrategia jasangarrietan eta datuetan oinarrituta egitea, hain zuzen. Jarri diren neurri horien emaitzak pixkanaka ikusiko dira, eta lorpenen jarraipen hurbila egitea beharrezkoa izango da.

Hurrengo ebaluazioek, hala nola, 2025eko ebaluazio diagnostikoak eta PISA 2025ek, aukera emango dute joerak aztertzen jarraitzeko eta emaitza akademikoak hobetzeko beharko diren estrategiak indartzeko.

Hezkuntza hobetzeko adituen foroa

Hezkuntza-sistema etengabe hobetzeko konpromisoari erantzunez, Hezkuntza sailarekin proiektu-giltzen gainean lankidetzan diharduen Adituen Foroak beste bilera bat egin du azken egun hauetan.

Talde honek ebaluazio diagnostikoen emaitzak aztertzen ditu, txostenak ikastetxeentzat erabilgarriak izan daitezen, baita hobekuntza-estrategia propioak diseinatzen lagun diezaieten ere. Luis Lizasoain adituen foroko kidearen arabera, “asmoa da informazio hori klaustroek beraiek jasotzea, haien indarguneak eta ahuleziak zein diren ikustea eta, horrekin, epe labur eta ertainetarako hobekuntza-jarduketak egitea. Eta abantaila gehigarria du: testuinguruan kokatutako informazioa baita, hau da, ikastetxearen testuingurua zein den kontuan hartzen duena”.

Hezkuntza-programak ebaluatzeko eredu bat definitzen ari da foroa eta horri esker, hezkuntza-sistema hobetzeko erabaki zehatzagoak hartu ahal izango dira. Horrez gain, irakasleen jarduna hobetzeko proiektua ere diseinatzen ari da.

Ebaluazioan adituak diren pertsonek osatzen dute foroa: Luis Lizasoain, EHUko eta UNIRko hezkuntzako ikerketa- eta ebaluazio-metodoetan aditua; Josu Solabarrieta, ISEI-IVEIko zuzendaria eta Deustuko Unibertsitatetik datorren hezkuntza-ebaluazioan aditua; Idoia Fernández, irakaskuntza-metodologien eta goi-mailako hezkuntzako ikaskuntzaren ikertzailea; Paula Álvarez, Mondragon Unibertsitateko hezkuntza-inklusioan eta berrikuntza metodologikoan aditua; Xabier Bonal, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko hezkuntzaren soziologian eta desberdintasunetan aditua; Anaje Ferreiro, lehen hezkuntzako curriculumean eta metodologian aditua eta Berritzegune Nagusiko zuzendaria; Nerea Aburto, Lauaxeta ikastolako filologian eta hezkuntza-kudeaketan aditua; Arrate Egaña, ISEI-IVEIko hizkuntza-ebaluazioaren arduraduna; Jasone Cenoz, EHUko hezkuntzako elebitasunaren eta eleaniztasunaren arloko espezialista; eta Arrate Oianguren, irakaskuntza-ebaluazioko doktorea eta hezkuntzako ikuskatzailea.

Aditu-talde honen lana funtsezkoa da hezkuntza-politikek ikasleen premiei erantzuten dietela ziurtatzeko eta bikaintasuneko euskal hezkuntza-sistema inklusiboa finkatzeko.