Hezkuntza Sailak euskara gizartean zabal dadin bultzatzen du ikasgeletatik hasita

0

Berba-lapiko programak ikasleen euskararen ahozko gaitasuna hobetu dadin bultzatzen du. Soziolinguistikoki erdaldunenak diren gunetan ekin zaio esku hartzeari, eta dagoeneko, 50 ikastetxe publikotan ezarri da.

Hezkuntza Saila Berba-lapiko programa bultzatzetzen ari da lehen hezkuntzako ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna hobetzeko. Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko erdal testuinguru soziolinguistikoetan ezartzen ari da, batez ere. Azken lau urteotan, 50 ikastetxetara zabaldu da programa, eta ikertzaileen aholkularitza nahiz prestakuntza jasotzen dute irakasleek.

Hezkuntza-sistemak euskararen erabilera testuinguru formal eta ez-formaletan sustatzeko duen konpromisoarekin bat eginez, Hezkuntza Saila Berba-lapiko programa zabaltzen ari da gaztelaniaren erabilera nagusi den eremuetan dauden ikastetxeetara.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Muskizko Ikastola publikoan izan da gaur, eta parte hartu du ikasleek ahozkotasuna euskaraz lantzeko duten 20 minutuko esku-hartze unean. Izan ere, metodología horren egitekoa da eguneroko errutina linguistikoak eraikitzea, ikasleek benetako egoeretan ahoz parte har dezaten; gelan bertan, eta irakasleen laguntza zein esku-hartzearekin.

Berba-lapiko programa 50 ikastetxe publikotan ezarri da orain arte, lehen hezkuntzako 331 irakasleren laguntzari esker ari da garatzen eta 5.236 ikasle inguruk parte hartzen dute.

Ikasleek gogoz hartzen dute Berba-lapiko, euskaraz komunikatzen gozatzen dutelako eta pixkanaka komunikatzeko gaitasuna hobetzen dutelako. Pedrosa sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela hezkuntza-sistemak euskal hezkuntza-sisteman ezarritako metodologiak ikertzea eta baliozkotzea. “Euskadin dugun aniztasun linguistikoa kudeatzea eta behar bakoitzera egokitzea dagokigu, ikasle guztiek, edozein dela ere testuinguru eta egoera, aukera izan dezaten euskarazko gaitasun sendoa eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da euskara sustatzea eta errespetatzea testuinguru guztietan, eta horretarako, tokian tokiko egoeretara egokitu behar ditugu irakaskuntza metodologiak. Horrela eskaini ahal izango ditugu ikasle guztiek euskara ikasi eta konfiantzaz erabiltzeko aukera berdinak” azaldu du Pedrosak.

Ikasleen ahozko hizkuntza indartzeko metodologia berritzailea

Berba-lapiko egunean 20 minutuz egiten den esku-hartzea da, ikasgelako ingurune atsegin batean biltzen dira ikasleak irakaslearekin. Espazio horretan ahozko komunikazioa lantzen da, eta hainbat testu-genero erabiltzen dira horretarako. Ikasleen testuinguruetara eta erreferentzietara egokituta dauden herri-kulturan eta literaturan oinarritutako testuak erabiltzen dira,. Horrela, herri-literaturak ere garrantzia hartzen du, eta ikasleektestu tradizionalak ezagutzeko aukera sortzen da.

Hezkuntza Sailak sustatutako proiektu hau garatzeko taldea honako hauek osatzen dute: Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak, Soziolinguistika Klusterra (berritzeguneekin koordinatuta lan egiten dute) eta Eusko Jaurlaritzako pedagogia-orientazioko zentroak.